Joan eduki nagusira

zoom Ikasle batzuk NUPeko eskola praktiko batean.

Ikasle batzuk NUPeko eskola praktiko batean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bihar irekiko du, uztailak 17, asteartea, matrikula aldia uztailaren 5ean argitaratutako zerrendetan lehen ikasmailarako onartuak izan ziren 2018-2019 ikasturteko Graduko titulazioetako ikasle berrientzat. Prozesu hori Interneten bidez egingo da, Unibertsitatearen webgunearen bidez (www.unavarra.es), eta uztailaren 19ko 09:00ak arte egongo da irekita.

Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko, Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko eta Osasun Zientzien Fakultateko graduetan onartutako ikasleek uztailaren 17ko 09:00etatik uztailaren 18ko 09:00etara arte egingo dute matrikula era jarraituan. Bestalde, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatean, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean eta Zientzia Juridikoen Fakultatean onartuak izan direnek uztailaren 18ko 09:00etatik uztailaren 20ko 09:00ak arte egingo dute matrikula, eta haiek ere era jarraituan. Matrikula urtekoa denez, ikasleek bi seihilekoetan matrikulatu beharko dute aldi berean.

Interneteko sarbiderik ez duenak Iruñeko Arrosadiko campusean egin dezake automatrikula, Ikasgelategiko 017. ikasgelan, beheko solairuan, aurretik aipatu egunetan, 9:00etatik 14:00etara. Tuterako Campusean ere ikasgela bat egongo da bertan automatrikula egiteko, goizeko ordutegi berarekin.

Matrikulari buruzko zalantzak eta zero ikastaroak

Automatrikula egiterakoan sor daitekeen edozein zalantza argitzeko, ikasleek mezu elektroniko bat bidal dezakete helbide honetara: grado@unavarra.es. Bestela, Unibertsitate Arretarako Bulegora deitzeko aukera dute (948 169096).

Halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Zero Ikastaroak eskainiko ditu abuztuan, hurrengo ikasturtean graduko titulazioak hasiko dituzten ikasleei zuzenduak. Titulazioetako gaietarako sarrera moduko bat dira, eta ikasleoi Batxilergoko edo LHko ikasketak eguneratu, osatu eta sendotzeko aukera emango diete, bai eta unibertsitatean hasiko duten ibilbide berrirako oinarri metodologikoak jasotzeko ere. Aurten, ikastaro hauek eskainiko dira: Adierazpen Grafikoa, Estatistika, Fisikaren Hastapenak eta Matematika.