Joan eduki nagusira

zoom Juan A. Blanco Vaca, NUPeko ikertzailea

Juan A. Blanco Vaca, NUPeko ikertzailea

Juan A. Blanco Vaca, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Nekazaritza Ingeniaritzan doktore eta Nekazaritza eta Elikagaien Katearen Berrikuntza eta Iraunkortasun Ikerketarako Institutuko (IS-FOOD) Ekologia eta Ingurumena ikerketa-taldeko ikertzailea, basoen eta uraren inguruko adituz osatutako talde batean dago hamar herrialdetako beste 18 espezialistarekin batera. Aditu talde horrek basoei eta urari buruzko txosten bat aurkeztu du Nazio Batuen New Yorkeko (AEB) egoitzan, Nazio Batuek bultzatu baitute lantaldea. Txostenak dio basoek, urak, klimak eta gizakiek sistema bat osatzen dutela, eta sistema horrek ez duela mugarik; horrenbestez, klima, basoak eta gizakiak kontuan hartuta antolatu eta gauzatu behar da baliabide hidrikoen kudeaketa, garapen iraunkorraren helburuak betetzeko eta gerora ur-eskasiarik ez izateko.

NUPeko ikertzailea Basogintzako Adituen Munduko Taldeetako (GFEP, ingelesez) bateko kide da, eta talde hori Basogintzako Lankidetza Elkartearen (ACB) barruan sortu direnetako bat. Entitate hori, izan ere, NBErekin lotura duten nazioarteko hamalau erakundek osatutako aliantza bat da, baso mota oro modu iraunkorrean antola dadin sustatzeko eta gai horren inguruko epe luzeko konpromiso politikoa indartzeko. 2001ean sortu zen, Nazio Batzuen Ekonomia eta Gizarte Batzordeak bultzatuta. FAO (Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundea) da entitatearen buru, eta Basoei buruzko Nazio Batuen Foroaren (2000) laguntza jasotzen du.

Basogintzako Adituen Munduko Taldeek txosten zientifikoak egiten dituzte nazioarteko organismoei eta gobernuei erabakiak hartzen laguntzeko. Bada, talde horietako batean dago NUPeko ikertzailea, "basoak eta ura" izeneko gaiaren ingurukoan hain zuzen.

Basogintzako Adituen Munduko Taldea 2017ko urtarrilean hasi zen prestatzen basoei eta urari buruz egin duen txostena, eta ekarpenak egin nahi dizkio Garapen Iraunkorrerako 2030erako Agendari, agendako bi helburu erlazionatuz: 6. helburua, ur garbia eta saneamendua, eta 15.a, lurreko ekosistemen bizitza. Basogintzako Ikerketen Institutuen Nazioarteko Batasuna da ikerketaren koordinatzailea, basogintzako ikertzailez osatutako nazioarteko sare bat, egoitza Vienan (Austria) duena. Juan A. Blancorekin lanean aritu diren adituak ikertzaileak dira zenbait herrialdetako unibertsitateetan eta erakundeetan, hauetan zehatz-mehatz: Australia, Kanada, Txina, Estatu Batuak, Indonesia, Nepal, Erresuma Batua, Suedia, Suitza eta Hego Afrika.

Biografia laburra

Juan A. Blanco nekazaritza-ingeniaria da eta espezialitate horretako doktorea NUPen, eta ikertzaile eta irakasle aritu zen zazpi urtez Britainiar Columbiako Unibertsitatean (Vancouver, Kanada). Unibertsitate horretako lan-arloa izan zuen baso-erabileraren eredu informatikoen garapena ekosistemetarako eta, bereziki, Forecast izeneko eredu baten garapena. Eredu hori Ipar Amerikako zenbait basogintza-enpresak erabiltzen dute beren jarduerak antolatzeko, bai eta beste herrialde batzuetako, besteak beste, Espainiako, Txinako eta Kubako baso-erabilera simulatzeko ere. Gero, irakasle-lanetan ibili zen Zhejiang Agriculture and Forestry University unibertsitatean (Hangzhou, Txina).

2012an, NUPen hasi zen Ramón y Cajal kontratu batekin. Urtebete geroago, Europako Batasunaren Marie Sklodowska-Curie laguntza bat lortu zuen, 100.000 eurokoa, lau urteko ikerketa-proiektu baterako: klima-aldaketaren eragina Nafarroako Pirinioetako pinu gorriaren eta pagoaren hazkuntzan. Juan A. Blancok 41 artikulu, 32 liburu-kapitulu eta 72 komunikazio idatzi ditu, eta bere lan-arloa ekosistema-ereduen aplikazioa da baso-erabilera iraunkorragoak egiteko, gizartearentzako ondasunen ekoizpena ziurtatzeko, eta, aldi berean, basoen osotasun ekologikoa bermatzeko. Arlo horrekiko interesak bultzaturik, gaiari buruzko zenbait lantegi antolatu ditu Espainian, Taiwanen, Txinan, Kuban eta Kanadan.

Ekologia-zientzia zabaltzen dihardu “Ecosistemas” eta “Energy, Ecology and Environment” aldizkarietan, aldizkari horien koeditorea baita. Horretaz gainera, Nafarroako basoen kudeaketa iraunkorrari buruzko ikerketa-lanak egiten ditu, eta kontratupeko irakasle da NUPeko Zientzien Sailean.