Joan eduki nagusira

zoom Javier Erro Sala, NUPeko doktore berria

Javier Erro Sala, NUPeko doktore berria

Javier Erro Sala Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzaileak garapenerako gobernuz kanpoko erakunde (GGKE) eredu berri baten diseinua proposatu du. Eredu hori bai komunikazioa eta bai garapenerako heziketa oinarritzat hartuta eraikiko da, eta, bertan, gizarte erakundeak estrategikoki eta osoki diseinatuta egongo dira elkartasunean hezteko. Erakunde akademikoan defendatu duen doktoretza tesiaren arabera, GGKE batek ez luke ez enpresa bat, ez fundazio bat izan beharko, ez eta proselitismo ideologikoko edo erlijiosoko gune bat edo asmo oneko teknikarien edo adituen elkarte bat ere, baizik eta harremanen eta elkartasun eta lankidetza moduen inguruko laborategi bat.

Ikertzaile horren ustez, GGKE-en komunikazio ereduak kultura eraginkortasunaren ikusmoldea barne hartu behar du, eta ez modaren ondoriozko elkartasuneko kontsumoarena (beste salgai bat balitz bezala). “GGKE batek baliabideak eskatzeko mezu bat zabaltzen duenean, lehendabizi pentsatu behar du ea eskatzeko modu horrek elkartasunaren ideia zuzen batean hezten duen. Kultura eraginkortasunaren ikusmoldetik, helburua da elkartasunaren kultura zuzen batean heztea, eta, aldi berean, beharrezko baliabideak lortzea. Nolanahi ere, baliabide horiek bitartekoa dira, ez ordea xedea, zeina gizarte solidarioagoa lortzea baita; izan ere, pobrezia desagerrarazteko, ez dira aski lankidetza proiektuak, eta ezinbestekoa da arazo politiko baten aurrean gaudela erakustea, hots, pobrezia desagerrarazteko borondate politikoko arazo baten aurrean”, adierazi du Javier Errok. Ignacio Sánchez de la Yncera Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko irakasleak zuzendu du haren tesia, eta lanak bikain “cum laude” kalifikazioa erdietsi du.

Ikertzailearen ustez, GGKE-en ekintzek kritika sustatu behar dute, baina baita jendearen erabaki librea ere, inolako inposizio pedagogikorik gabea. “Lehentasuna eman behar zaio entzuteari eta taldean elkarrizketan jarduteari, beste bati gure ideiak edo jarrerak har ditzala ‘saldu’ edo ‘buruan sartu’ nahiaren aurretik. Elkarrizketa publikoa, gogoeta kritikoa eta taldeko ikaskuntza sorraraztea da gakoa: horrek lortuko luke elkartasunaren benetako kultura batean heztea”, erantsi du.

Espainiako GGKE-ei eragiten dien gatazka

Tesian komunikazio gatazka bat identifikatu da, Espainiako GGKE-en lanari eta nortasunari erasaten diena bi faktore direla eta: erakunde horiek baliabide ekonomiko, tekniko eta sinboliko gehiago eskuratzeko daukaten ikusmen instrumentalagatik, zeinak komunikazioa eta heziketa bereiztera eramaten baititu; eta bere garaian Espainiako GGKE-ek eredutzat hartu zuten “elkartasun mediatikoagatik”. “Gatazka horrek erakundeen beraien balioak eta ezaugarriak mehatxatzen ditu, eta, hortaz, horien etorkizuna zalantzan jartzen du —adierazi du—. Orduan, geure buruari galdetu behar diogu GGKE-ek elkartasunerako eta garapenerako komunikazio eredu bereki bat eduki behar ote duten, heziketako lan arlo bereki bat daukaten modu berean, hots, Garapenerako Heziketa daukaten modu berean”.

Gaur egun, GGKE-etan, bai premiaren eta baliabideak etengabe bilatzearen irizpideek eta bai erakundeen beraien egitura organikoek eta forma juridikoak zailagoa egiten dute garapenera eta elkartasunera bideratuta dagoen eta heziketan oinarritzen den komunikazio eredu bat hartzea. “GGKE-en forma juridikoetan, antolamendu egituretan eta erabakiak hartzeko prozesuan aldaketak egin ezean, ezinezkoa da beste komunikazio eredu bat izatea lortzea —adierazi du—. Beraz, badirudi gure herrialdeko GGKE-en kasuan nagusi den egungo eredua birkonfiguratu behar dela”.

Tesiaren ondorioek aditzera ematen dute GGKE-etako komunikazioa bai kultura eraginkortasunean eta bai entzutean eta taldeko elkarrizketan oinarritu behar dela, elkartasuna eta lankidetza bizitze aldera laborategi-lantegi gisa eratuko diren erakunde komunikatzaile eta hezitzaileen belaunaldi berri bat diseinatzeko. “Halako GGKEak lagungarriak izan litezke elkartasunaren kontrakultura bat eraikitzeko, eta horrek aurre egingo lieke Espainiako agertokian nagusi liratekeen hedabide- eta merkataritza-oinarriko elkartasuneko eta filantropiako eredu hegemonikoei”, azpimarratu du.

Curriculum laburra

Doktoretza egin aurretik, Javier Erro Sala Informazio Zientzietan (Kazetaritza) lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean. Garapenerako lankidetzaren, kazetaritzaren eta unibertsitatearen eremuetan egin du lan, bai Espainian bai Hego Amerikan, eta komunikazioari eta garapenerako heziketari buruzko zenbait ikerketa proiektutan parte hartu du Cádizko Unibertsitatean, Castellóko Jaume I.a Unibertsitatean, EHUn eta NUPen, besteak beste. Gainera, komunikazioari eta heziketari buruzko zenbait testu argitaratu ditu, baita gaiaren inguruko berrogeita hamarren bat artikulu espezializatu ere.

Halaber, ebaluatzaile aritu da Ebaluazioko eta Prospektibako Agentzia Nazionalean (Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa zenaren mendekoa), garapenerako heziketaren alorrean; lankidetza politikak berritzeko Komunikazioari eta Garapenari buruzko Adituen Taldeko kide izan da AECI Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentzian (Kanpo Harremanetako eta Lankidetzako Ministerioa); eta Komunikazio, Antolamendu eta Herritartasuneko I. eta II. foroetako antolatzaileetako bat izan da. Gaur egun, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko irakasle elkartua da.