Joan eduki nagusira

zoom Irune Moriana García, NUPeko doktore berria.

Irune Moriana García, NUPeko doktore berria.

Irune Moriana García industria-ingeniariak (Iruñea, 1980) metodologia bat diseinatu du haize-energia eta energia fotovoltaikoa uztartzen dituen sistema hibrido baten tamaina egokia bilatzeko, berotegi aurreratuak energia elektrikoz hornitze aldera. Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurri duen doktoretza-tesirako ikerketaren arabera, nekazaritza-instalazio horiei dagokienez, energia-eskariaren % 100 berriztagarrien bidez lortzeko beharraren edo beharrik ezaren malgutasunak zehazten du zein aukerak daukan kostu ekonomikorik txikiena: panel fotovoltaikoek, haize-sorgailuek edo bien arteko sistema hibridoak. Izan ere, energia-eskaria erabat asetzeko beharrik ez balute, aukerarik merkeena panel fotovoltaikoak erabiltzea litzateke.

Ikerketa horretan garatutako metodoak ikusmolde tekno-ekonomiko bat izan du oinarri, helburu nagusia sisteman gutxiengo inbertsiora iristea izan baita, aldi berean energia-iturrien ahalik eta erabilera eraginkorrena bermatuz. “Instalazioaren funtzionamenduan eraginkortasun hori zenbatesteko, ‘energia-hornidura galtzeko probabilitate’ delakoa baliatu da, sistemak elektrizitate-hornidura uneoro bermatzeko daukan gaitasuna ebaluatzen baitu”, adierazi du ikertzaileak. Pablo Sanchis Gúrpide Energia Berriztagarrien Katedrako zuzendari eta Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzaileak zuzendu du tesia, eta bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du.

Ikerketa Sartagudan (Nafarroa) kokatutako prototipo-berotegi bereki batean gauzatu da, eta, erregistratutako kontsumo-datuez gain, berotegiaren eta lursaileko langileen ezaugarriei buruzko informazioa ere bildu da, baita ikuskapen bat egin ere. “Prototipo-berotegia diseinatzeko xedez, garatutako metodologiak bidea ematen du instalazioko elementu guztien banakako kontsumoak ezagutzeko, beren kontsumo globaletik abiatuta. Halaber, berotegia prototipo-egunen arabera ezaugarritu da, elikadura-sistema espezifikoen garapena ahalbidetzen baitute”, azaldu du.

Analisiaren emaitzak

Emaitzei dagokienez, nabarmentzekoa da elektrizitate-eskariaren parterik handiena berotegiaren klimatizazio-elementuen ondoriozkoa dela. “Udako hiletan, kontsumorik handiena berotegia hezetzeko eta hozteko balio duten lainoztagailu izeneko gailu batzuk erabiltzeari dagokio, eta energia elektriko guztiaren % 64 kontsumitzen dute; neguan, aldiz, berotegiaren elektrizitate-eskariaren % 80 berokuntzaren erabilerari dagokio —adierazi du Irune Morianak—. Era berean, frogatu da ureztatzearen eta presio-taldearen kontsumoa handiagoa dela udan neguan baino. Azkenik, programagailuen, leihoen eta pantailaren kontsumoa egiaztatu da, eta berotegiaren banakako kontsumo batzuk ezabatzeko edo mugatzeko aukera aztertu da, kostuak murrizte aldera”.

Berotegiaren guztizko kontsumoa kontuan hartuz gero, egiaztatu da energia-desfase nulu bat gertatzeko (hau da, eskatutako eta sortutako energiaren artean alderik ez egoteko) kosturik txikiena eskaintzen duen sistema dela haizearen bidezkoa baino ez dena. Hala ere, sorkuntza-unitate zehatzak behar direnean baizik ez da balioduna emaitza hori. “Arazoa da ezin dugula 1,01 haize-sorgailu erabili, diseinatutako metodoak adierazten duen moduan, bi haize sorgailu baizik; hortaz, kasu horretan, behar baino askoz potentzia handiagoa erabiltzen da biribiltzearen ondorioz, eta kostua asko handitzen da. Panel fotovoltaikoak, aldiz, modularragoak dira; eskarira hobeki egokitu daitezke, kostua areagotzeko beharrik gabe”, baieztatu du Irune Morianak

Bestalde, ikerketak erakutsi duenez, zenbait unetan aukera badago berotegiak eskatzen duen energiaren % 100 ez asetzeko, elektrizitatearen kostua murritz daiteke, haize-energia eta energia fotovoltaikoa uztartzen dituen sistema hibrido baten bidez. “Haize-sorgailuen eta panelen bitartez eskuratzen den energia ez da beti nahikoa, gerta litekeelako eskariari erantzuteko aski haize eta eguzki ez egotea —adierazi du—. Kasu horretan, baterietan gordetako energia erabili beharko litzateke, horrek dakarren gastu ekonomikoarekin. Aldiz, une jakin batzuetan ureztatzea edo leihoak irekitzea ezinbestekoa ez bada, hau da, ez bada beharrezkoa eskariaren % 100 asetzea, posible litzateke baterietan gordetako energia eta, hortaz, unitate kopurua murriztea”.

Tesiak ondorioztatu duenez, ase nahi diren beharren arabera (eskaria eta eskatutakoaren eta sortutakoaren artean baimendutako energia-desfasea), baliteke sistema hibrido bat erabiltzea komeni ez izatea. “Kasu horretan, eskariaren % 100 panel fotovoltaikoen bidez aseko litzateke, eta ez litzateke egokia haize-sorgailuak erabiltzea”, erantsi du.

Curriculum laburra

Sarean konektaturiko sistema energetikoei buruzko doktoretza-programa egin aurretik, Irune Moriana García Industria Ingeniaritzan titulatu zen Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Hainbat ikerketa-proiektutan parte hartu du, besteak beste, garai bateko Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatutako CENIT MEDIODIA izenekoan (Ahaleginen Ugalketa Berotegi Aurreratuen Garapen, Berrikuntza, Optimizazio eta Diseinurako). Halaber, zenbait lan argitaratu ditu energia elektrikoa sortzeko sistema hibridoei neurriak ezartzeari buruz, eta laguntzaile aritu da Instalazio Isolatuen Analisia eta Diseinua ikastaroa ematen, NUPeko Energia Berriztagarriak: Sorkuntza Elektrikoa Unibertsitate Masterraren barruan. Gaur egun, Siemens-Gamesa enpresan egiten du lan.