Joan eduki nagusira

zoom Urretxindorra proiektuan parte hartu duten NUPeko ikasleak, Mendillorrin egindako amaierako ekitaldian.

Urretxindorra proiektuan parte hartu duten NUPeko ikasleak, Mendillorrin egindako amaierako ekitaldian.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) hamalau ikaslek hartu dute parte 2017-2018 ikasturte honetan Urretxindorra proiektuan, hots, Lehen Hezkuntzako seigarren mailako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) lehenengoko haurrei laguntzeko programan, zeina Altsasuko, Barañaingo, Lakuntzako eta Iruñeko lau ikastetxetan gauzatu baita. Urritik maiatzera bitartean, unibertsitateko ikasleak adingabe horien mentore bilakatu dira, eta haiekin zenbait jolas eta kultura jarduera egin dituzte eskola orduetatik kanpo. Modu horretan, aukera izan dute kultura eta gizarte topaketarako eta norberaren ikaskuntzarako espazioei bide emateko, umeei laguntza eskaintzeko eta beren burua eredu positibo gisa aurkezteko.

Ekimen horretan lau ikastetxek hartu dute parte, hain zuzen Hegoalde Ikastola (Iruñea), Los Sauces-Sahats (Barañain) eta Luis Fuentes-Lakuntzako Herri Eskola (Lakuntza) eskola publikoek eta Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuak (Altsasu). Lakuntzako ikasleek NUPen eta Txingurriye aisialdi elkartearen arteko lankidetza hitzarmenari esker parte hartu ahal izan dute. Elkarte horrek, zehazki, bizikidetzaren eta aniztasun kulturalaren alde egiten du lan, eta atzerritarren gizarteratzea bultzatzen du herrian.

Programa Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzaren Gizarte Ekintzarako Unitateak sustatzen du, eta NUPeko Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko Unesco Katedraren eta Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko irakasleen (Izaskun Andueza Imirizaldu, Rubén Lasheras Ruiz, Lucía Martínez Virto eta Begoña Pérez Eransus) lankidetza dauka. Izan ere, ikasturte honetan, NUPek mentoretza sozialari buruzko jardunaldi batzuk antolatu ditu programa horren laguntzari esker.

Urretxindorra proiektuaren zazpigarren edizioari amaiera emateko, topaketa bat egin zen ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin Mendillorriko Ur Etxean. Iruñerriko Mankomunitatea ere elkarlanean aritu zen bertan, bisita gidatu bat eskaini baitzuen instalazioetan barrena.

Proiektu hori Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere Plan Estrategikoaren esparruan sustatzen dituen gizarte erantzukizuneko jardueren barnean kokatzen da. Horrez gain, Unibertsitateko Unesco Katedrak laguntza eman du, ikasle mentoreak prestatzeko eta mentoretza sozialari buruzko gogoeta guneak sortzeko helburuz. Aurtengoarekin, dagoeneko 80tik gora mentorek, beste horrenbeste adingabek eta hamarren bat ikastetxek atera dute onura ekimen horretatik.

Programan parte hartzen duten ikasleak

Hauek dira Urretxindorra proiektuan parte hartu duten Unibertsitateko ikasleak, egiten ari diren titulazioa ere aipatuz: Laura Amézqueta García, Sara Arraiza García, Ane Bañasco Equiza, Saioa Galarza Mozo, Leire Lizoain Lizarraga eta Teresa Rodríguez García-Barberena (Haur Hezkuntzako Irakasletza), Daniel Ameztoy Zúñiga (Informatika Ingeniaritza), Iker Arregui Alegría (Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza), Ángela Fernández Rodríguez (Lan Harremanak eta Giza Baliabideak), Rubén Garciandía Rosa (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa), Stella Iantzi Vicente (Gizarte Lana), Wahiba Lausari (Zuzenbidea) eta Paula Morentin Larrauri eta Santiago Jiménez Rebolé (Lehen Hezkuntzako Irakasletza).

Programak harremanetan jartzen ditu gazteak testuinguru sozial ezberdinetako haurrekin, abiapuntutzat hartuta bien arteko harremana aukera egokia dela esperientzia berriak edukitzeko, trebetasunak jorratzeko eta pertsonen arteko harreman moduak lantzeko. Xedea da esperientziak onura ekartzea tartean diren alderdi guztiei, adingabeei, beren familiei, ikastetxeari, Unibertsitateko ikasleei eta Unibertsitateari berari.

Mentoretza, gaztelaniaz eta euskaraz

Mentoretza gaztelaniaz eta euskaraz egiten da (haurrak zer hizkuntzatan ikasten duen, horren arabera), eta Unibertsitateko ikasleek aldez aurretik jaso dute prestakuntza, adingabeekin egokituko zaizkien egoerei aurre egiteko edo familiarekin zer nolako harremana landu jakiteko. Laguntzeko lanean, jolas eta kultura jarduerak egiten dira, eskola orduetatik kanpo, astean bi ordutik hiru ordura bitartean. Era berean, Unibertsitateko Gizarte Ekintzarako Unitateak laguntza ematen die mentoretza banaka eta taldeka egiten duten Unibertsitateko ikasleei, kontsultarako espazioak sortuz, zailtasun egoerak aztertuz eta ikasturtean sortzen den edozein zalantza argituz.

Mentore izateak haurrekin denbora partekatzea eta kalitatezko arreta ematea dakar berekin, itxaropen anitzagoak izan ditzaten eta bizitzan esperientzia berriak edukitzeko aukera izan dezaten. Jarduera amaitzean, Unibertsitateko ikasleek beren parte hartzearen ebaluazio txostena egiten dute. Parte hartzaile bakoitzak beka bat jasotzen du, jarduerak egiten diren bitartean sortzen diren gastuak ordaintzeko xedez.

NUP Mentoretza Sozialeko Koordinakundeko kide da (Kataluniako zenbait unibertsitaterekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera, besteak beste), baita Nightingale Mentoring Network delakokoa ere, zeinak Europako bederatzi herrialdetako (Alemania, Austria, Danimarka, Espainia, Finlandia, Islandia, Norvegia, Suedia eta Suitza) hainbat erakunde biltzen baititu; haien artetik, hamasei unibertsitateak dira. Urretxindorra proiektua 1997an sortu zuen Malmöko Unibertsitateak (Suedia), adingabeak Unibertsitateko ikasleekin konektatzeko programa gisa. Ekimena Israelgo Perach proiektuan oinarritu zen, eta urretxindor izena eman zitzaion, seguru sentitzen denean zoragarriki kantatzen duen txoria baita. Izen horrek, halaber, suediar hiriarekin zerikusia dauka, bertan jaio baitzen Hjalmar Gullberg poeta (1898-1961), zeinak hegazti horretan inspirazioa aurkitu baitzuen bere bertsoak idazteko.