Txon Vega Osés psikologo kliniko eta eskolako elkarbizitzan adituak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurritako doktoretza tesian defendatzen du eskolan indarkeria gutxiagotzera bideratutako “erremedio” ikuspegia duten unean uneko ekintzak bertan behera uztea, eta elkarbizitza planifikatzea ikuspegi anitzeko programen bidez, heziketa sozioemozionala, gatazken konponbide baketsua eta eskola jazarpenaren prebentzioa ikasteko ekintza hausnartuekin.
María Alicia Peñalva Vélez (Giza eta Hezkuntza Zientzien Saila) eta José Javier López Goñi (Osasun Zientzien Saila) irakasleek zuzendu dute tesia, eta bertan ikertzaileak aztertu ditu Nafarroako hiru ikastetxek eskolako elkarbizitzaren arloan egin dituzten jardueren ondorioak ikasleen gizarte portaeran, eta ikasgelako indarkeria indizeari eta ikastetxeko giroari buruz duten iritzia. Ikerketa Lehen Hezkuntzako 4. ikasmailatik 6. ikasmailara bitarteko ikasleetan oinarritu da, eta hiru ikasturtetan egin da. Horri esker, denboran zehar izan duen eragina egiaztatu ahal izan da.
Ikerketan egiaztatutakoaren arabera, indarkeriari aurrea hartzeko unean uneko esku-hartzeek ez dute laguntzen ez irakasleen aurkako indarkeria, ez berdinen arteko ezein indarkeria mota gutxiagotzen. Halaber, berdinen arteko indarkeria ez da gutxiagotzen ez arauak ezagutzera eta betetzera zuzendutako jardueren bidez, ez soilik gatazkak konpontzeko diren programen bidez ere, programa horiek beste ondorio positibo batzuk izan baditzakete ere (irakasleen aurkako indarkeria gutxiago edo ikasgelako giroa gutxiago zapuztea). Hori dela-eta, Vegak proposatzen du “bizikidetza planifikatzea, ez unean uneko ekintzen bidez, baizik eta ikaskuntza helburu batzuei eta bere eragina areagotuko duen ikuspegi aniztun bati jarraituko dieten programen bidez esku hartuz”.
Harremanen kalitatea
Aditu horren arabera, eskolako elkarbizitzak hezkuntza komunitateko kideen arteko harremanen kalitatea du xede, eta, horrenbestez, ez dauka zerikusirik indarkeriarekin, hari aurrea hartzearekin baizik. “Elkarbizitza ikaskuntza da eta hala izan behar du, guneak eta denbora behar dituena hezkuntza testuinguruan, eta ez arreta gune bilakatu arazoak sortu direnean”, esan du.
Gomendatzen duenez, txikitatik hasi behar da prebentziozko lana egiten. Izan ere, irakasleen aurkako indarkeria, oldarkortasuna eta berdinen arteko lehiakortasuna eta ikasgelako giroa gero eta okerragoa da Lehen Hezkuntzako azken ikasmailetan. Ekintzen jomuga izan behar da ahozko indarkeriari (ohikoena) aurrea hartzea, indarkeria fisikoa eta gizarte bazterketa ahaztu gabe. Horretaz gainera, ekintzak egin behar dira ez soilik elkarbizitzara bideratuak, baizik eta ziberrelkarbizitzara bideratuak ere bai, indarkeria zantzuak baitaude sareetan.
Hiru ikastetxeetan egindako jarraipenaren bidez, eskolako elkarbizitza egituratu eta antolatu duten hezkuntza legeak eta autonomia erkidegoen araudia aztertu ditu ikertzaileak. “Horietan guztietan, argi geratu da ikastetxe bakoitzak elkarbizitza kontuetarako —ez diziplinarako— batzorde bat eta elkarbizitza plan bat behar dituela, egin beharreko jarduerak planifikatu eta antolatzeko. Halaber, komenigarria da ikastetxeek ebaluazio sistemak izatea, ahalbidetuko dietenak beharrei antzematea eta beren jardueren garrantzia eta eragina zein den jakitea”, ondorioztatu du tesiaren egileak. Tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du.
Curriculum laburra
NUPen doktoretza lortu baino lehen, Txon Vega Osések Psikologia lizentzia lortu zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan eta Psikopedagogia lizentzia Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalean (UHUN). Ikasketa hauek ere egin ditu: Masterra Psikologia Juridikoan (UHUN) eta Masterra Eskolako Jokabide Arazoen Prebentzio eta Esku Hartze Psikologikoan (Valentziako Nazioarteko Unibertsitatea).
Vegak hezkuntza orientatzaile lan egiten du, baina 2011z geroztik Hezkuntzako Departamentuko Elkarbizitza Aholkularitzarekin lotuta dago (hasieran, unibertsitatetik kanpoko hezkuntza urratsetako irakasleen prestakuntza ikastaroak eskainiz, eta, gero, Nafarroako ikastetxeei aholkuak emanez eta lagunduz eskola jazarpenari aurrea hartzeko eta esku hartzeko jarduerak abian jartzen). Halaber, hizlari gisa parte hartu du zenbait biltzarretan eta eskolako elkarbizitzarekin lotutako zenbait artikuluren egilea da.