Joan eduki nagusira

zoom Ikasle batzuk BEUS egiten Iruñeko Arrosadiko campusean (NUP).

Ikasle batzuk BEUS egiten Iruñeko Arrosadiko campusean (NUP).

Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) 2018-2019 ikasturtean gradu ikasketak egiteko ohiko aurreinskripziorako epea datorren ostiralean, ekainaren 15ean, 9:00etan, hasiko da, eta ekainaren 22an, 14:00etan, bukatuko da. Egun horietan, ikasleek ikaspostua eskatzen ahalko dute Unibertsitatearen web-orrialdearen bidez www.unavarra.es  gradu titulazioetako edozeinetan. Graduko titulazioen eskaintza osoa Unibertsitatearen webgunean kontsulta daiteke.

Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta unibertsitateko titulazioa duten ikasleek Interneten bidez egin beharko dute aurreinskripzioa, eta hurrengo ikasturtean egin nahi dituzten titulazioak adierazi, gehienez ere sei, lehentasun hurrenkeraren arabera.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa eta onartuen zerrenda

Era berean, heldu den ekainaren 22an bukatuko da eskatzen den dokumentazioa aurkezteko eguna, horrelakorik eskatzen bada. Batxilergoaren Ebaluazioa Unibertsitatean Sartzeko (BEUS) Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin duten Batxilergoko ikasleek ez dute dokumentaziorik aurkeztu behar, ez bada nazioarteko programetako baterako ikaspostua eskatzen dutela, edo erreserba kupoaren bidez sartu direla. NUPen 25, 40 edo 45 urtetik gorakoentzako probak gainditzen dituztenek ez dute dokumenturik aurkeztu behar. 

Hala badagokio, dokumentazioa Administrazio eta Kudeaketako eraikinean aurkeztu behar dute Arrosadiko Campusean edo Nafarroako Unibertsitate Publikoari bidali posta ziurtatuaren bidez. (Aurreinskripzioa - 204 postakutxa - 31080 Iruñea).

Aurreinskripzioa egindako ikasle onartuen lehenengo zerrenda uztailaren 5etik aurrera argitaratuko da, eta ikaspostua lortzen dutenek uztailaren 17 eta 19 artean egin beharko dute "online" matrikula. Matrikula egiteko jarraibideak eta matrikula osatzeko urratsak Unibertsitatearen webgunean kontsultatzen ahal dira.