Joan eduki nagusira

zoom Irene Albero eta Álvaro Maestre NUPeko ikasleen argazkia, Iruñeko Arrosadiko campusean.

Irene Albero eta Álvaro Maestre NUPeko ikasleen argazkia, Iruñeko Arrosadiko campusean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko bi ikasle Pascual Startup Sarietako 3. edizioko finalerako sailkatu dira "Etorkizuneko ekintzaileak" sailean. Calidad Pascual elikagaien enpresak antolatzen du sariketa hau, ekintzailetza eta enpresak sortzea unibertsitateko ikasleen artean sustatzeko. Irene Albero Elorza (Iruñea, 1992) eta Álvaro Maestre Pérez (Iruñea, 1996), Elikagai Prozesuen eta Produktuen Berrikuntzako Graduko ikasleak dira, eta “Cuore di Caffè” izeneko proiektu bat aurkeztu dute. Produktu berri bat da, zeinaren ezaugarria baita betaglukanozko (jatorri begetala duen zuntz bat) prestakin bat daukala kafe disolbagarri (deskafeinatu edo kafeinadun) batean. Produktuak osasun kardiobaskularra babestu, kolesterolak eragiten dituen gaixotasunei aurrea hartzen lagundu, eta gainontzeko gaixotasunak arintzen ditu. Sariketaren helburua da herritarren osasuna zaintzea elikagaien bidez.

“Betaglukanoa polisakarido mota bat da, almidoia bezala. Zenbait zerealetan, bakterioetan eta onddoen zelula-paretetan egoten da, eta nekazaritzako elikagaien industrian erabiltzen da elikagaiei testura emateko —azaldu du Álvaro Maestrek—. Hala ere, egiaztatu da zerealetatik datorren betaglukanoak odoleko kolesterol maila gutxiagotu eta kontrolatzen duela, eta azukre maila erregulatzen ere laguntzen duela. Nazioarteko erakunde batzuek baieztatu dute ezaugarri hau; esaterako EFSA europarrak –European Food Safety Authority– eta FDA –Food and Drugs Administration– estatubatuarrak. Pentsatu dugu kafeari zereal betaglukanoa gehitzea, dauzkan ezaugarri antioxidatzaileak alde batera utzita, egunero hartzen den produktua delako; horrela, ez da beste elikagai edo osagarri batzuk sartu beharrik kolesterol 'txarra' jaisteko".

Bi ikasleen proiektuaren oinarria da aipatu zuntza (haustua) zuzenean kafe disolbagarriari gehitzea. “Alabaina, badira beste bi modu gehitzeko: zuzenean kafeari botaz, fabrikazio prozesuan, edo kafea duen eta likidoan disolbatzen den betaglukanozko xafla malgu bat sortuz, bilgarri baten moduan erabiltzeko, te poltsa bat balitz bezala”, gaineratu du Irene Alberok.

Tentsio altua daukatenentzako kafea

Produktu berria egokia litzateke, baita ere, tentsio altua daukaten pertsonentzat, zeren "kolesterol altua daukatenek tentsio altua ere izaten dute, eta haientzat kafeina gehiegi kontsumitzea ez da komenigarria, baina hori erraz saihesten ahal da betaglukanoa gehituz kafe deskafeinatuari". “Are gehiago, kafeak dituen antioxidatzaile naturalak onuragarriak dira kolesterol altua eta tentsio altua dutenentzat, baita gehiegizko pisua eta glukosa maila altua dutenentzat ere; esan behar baita hiru egoerak elkarrekin lotuta daudela”, adierazi du Álvaro Maestrek.

Irene Alberok eta Álvaro Maestrek ekainean amaituko dituzte Elikagai Prozesuen eta Produktuen Berrikuntzako Graduko ikasketak. “Biok nahi dugu gure lanbidea elikagaien ikerketa, garapena eta berrikuntzaren (I+G+b) arloan garatu, eta osasuna zaintzeko balio duten produktuetan lanean segitu. Karreran zehar bururatu zaizkigun ideia asko dauzkagu horretarako", esan digu Irene Alberok.

Finalean, bi ikasle nafarren proiektuak, bere kategorian, bi lehiakide edukiko ditu: “Touchable”, kubo interaktibo bat, edozein gainazal fisiko ukimen-pantaila edo -interfaze bihurtzen duena; eta “The Ifs”, “3 urtetik gorako haurrei programatzen irakasteko balio duen lehen jostailu hezigarria”, bere egileek diotenez. Lehiaketan, unibertsitateko ikasleek ehun proposamen baino gehiago aurkeztu dituzte. Calidad Pascual enpresak antolatzen du sariketa, IBM, Telefónica eta Tetra Pak enpresen lankidetzarekin, eta Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak zein Socios Inversores plataformak ere lagundu dute. Proiektu irabazlea zein den hil honetan jakinaraziko da Madrilen, Pascual StartUp Sarietako kategoria guztietako irabazleekin batera.

NIGMET: bultzada berrikuntzari

Aurten NIGMETeko ikasleak Pascual Startup Sarietako finaletarako sailkatu dira, baina kontuan hartzekoa da joan den urtean NIGMETeko sei ikasle txapeldunorde gelditu zirela Ecotrophelia España Sarietan (hau elikagai berritzaileak saritzen dituen lehiaketa bat da), zerbeza-ogi baten proposamenarekin. Emaitza hauek argi uzten dute ikastegi honek zer nolako ahalegina egiten duen Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Graduko eta Elikagai Prozesuen eta Produktuen Berrikuntzako Graduko ikasleak prestatzeko, lan taldean aritzeko, edo berrikuntza prozesuak sustatzen dituen proiektuetan oinarritutako ikaskuntza bultzatzeko. Bi gradu hauetako lehenak EUR-ACE® kalitate zigilua dauka, eta Pascual Startup Sarietako finalistak bigarrena egiten ari dira.