Joan eduki nagusira

zoom Xabier Galindez, NUPeko doktore berria.

Xabier Galindez, NUPeko doktore berria.

Xabier Galindez Ibarbengoetxea fisioterapeuta eta osteopatak min zerbikal kronikoa tratatzeko analgesikoen ordez, esku terapia erabiltzearen eraginkortasuna ikertu du,  Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) duela gutxi defendatutako doktoretza tesian. Izan ere, min zerbikal kronikoa gaixotasun ohikoenetako bat da herritar arrunten artean (emakumezko heldu gazteen % 70ek izaten du), eta desgaitasun kausa nagusietako bat. “Las técnicas de manipulación de alta velocidad y baja amplitud como tratamiento en la cervicalgia crónica” izeneko ikerketa Mikel Izquierdo Redín NUPeko Osasun Zientzien Fakultateko katedradunak zuzendu du, eta kalifikaziorik onena lortu du: bikain “cum laude”.

Muskulu eta eskeleto minak tratatzeko analgesikoen ordezko beste tratamendu batzuetan sakontzea da ikerketaren helburua. Izan ere, sendagaiek berehala arintzen dute mina, baina bigarren mailako ondorioak ere izaten dituzte, tesiaren egileak dioenez. Egileak nazioarteko aldizkarietan argitaratutako lau ikerlan zientifikoren laburpena da ikerketa, eta ondorioztatzen du zerbikalgia abiadura handiko eta anplitude txikiko tekniken bidez (hots, manipulazio artikularren bidez) tratatzeak “segituan eta epe motzean hobetzen duela gaixoaren sintomatologia”, esan du Galindezek.

Lau ikerlan zientifikoren laburpena

Tesiaren oinarri den lehen ikerlanak abiadura handiko eta anplitude txikiko teknika zerbikalek mugimendu tartean, indarrean eta sistema kardiobaskularrean dituzten efektuak aztertzen ditu. Bost datu base zientifikotatik (PUBMED, Science Direct, Scopus, PeDro eta Scielo) ateratako datuak aztertu zituen ikerlariak, eta ondorioztatu zuen abiadura handiko eta anplitude txikiko tekniken bidezko tratamenduak efektu nabarmena duela ahoaren mugimenduan eta irekiduran. Itxura denez, gainera, lagungarria da hipertentsioa duten gaixoen tentsio arteriala murrizteko.

Bigarren ikerlana saiakuntza pilotu bat da, segmentu anitzeko (hau da, orno maila bateko baino gehiagotako) manipulazio tratamendu baten balioa ebaluatzeko. Horretarako, C5 bosgarren lepaornoari eginiko bereizkuntzarik gabeko manipulazio batek,  , aldez aurretiko ebaluazio batean oinarritutako segmentu anitzeko manipulazio tratamendu batek, eta plazebo manipulazio batek zituzten efektuak aztertu zituen. Bigarren gaixo taldeak hobekuntza nabarmenak sumatu zituen.

Tesiko hirugarren ikerlanean, min zerbikal kronikoa duten 25 gaixo boluntario bi taldetan banatu ziren: lehen taldekoei abiadura handiko eta anplitude txikiko tratamendu bat aplikatu zieten; bigarrenekoei, aldiz, flexio kraniobertikaleko ariketa protokolo bat. Bi tratamenduek hobetu zuten gaixoen mugimendu zerbikalaren tartea eta mina tratamendua jaso eta berehala, baina batek ere ez du aldaketa esanguratsurik eragin elektromiografian (elektrodo bidez nerbioetan eta muskuluetan sortutako jarduera elektrikoa neurtzen duen teknikan) flexio kraniozerbikalaren testa egin bitartean.

Azkenik, doktoretza tesiaren laugarren ikerlanak bi teknika hauen efektuak konparatzen ditu: batetik, abiadura handiko eta anplitude txikiko manipulazio tekniken epe laburreko efektuak eta, bestetik, etxean egiteko ariketa protokolo batenak, zeinetan luzatze ariketak, mobilizazioak, intentsitate txikiko uzkurtze isometrikoko ariketak eta egonkortze ariketak egiten baitira. Ikerlariak ateratako ondorioa da bi teknikek hobetu zutela funtzioa eta mina aste baten buruan. Bi taldeen artean, alde txiki batzuk baino ez zituen aurkitu, lehen taldearen aldekoak, hain zuzen.

Xabier Galindez Ibarbengoetxearen curriculum laburra

Xabier Galindez Ibarbengoetxea Fisioterapian diplomatua da (2001) Bartzelonako Universitat Ramon Llull-en (URL). Gero, Esku Terapiako Masterra egin zuen, Parisko EFOM Fundazioak eta URL unibertsitateak antolatutako masterra. Prestakuntzan bost urtez aritu ondoren, Nazioarteko Osteopatia Eskolan diplomatu zen, eta, gero, Jarduera Fisikoaren eta Osasunaren Master Ofiziala egin, eta doktoretza tesiarekin hasi zen.

Tesiari dagokionez, ikerlariak lau ikerlan argitaratu ditu Journal Citations Report (JCR) txostenean aintzat hartzen diren eta nazioartean eragina duten zenbait aldizkaritan: “International Journal of Osteopathic Medicine”, “Journal of Back and Musculoskeletal Rehabilitation” eta “Journal of Alternative and Complementary Medicine”.

Gaur egun, Xabier Galindezek osasun laguntza ematen du Bilboko bere kontsultategiko Osteopatia Unitatean. Aldi berean, irakasle eta ikertzaile ari da Euskal Herriko Unibertsitatean, Nazioarteko Osteopatia Eskolan, Osteopatia Erakunde Belgikar Espainolean (FBEO) eta Espainiako zein nazioarteko beste eskola eta unibertsitate batzuetan.