Joan eduki nagusira

zoom Joan den urteko BEUS probetan parte hartu zuten ikasle batzuk, NUPeko Tuterako campusean

Joan den urteko BEUS probetan parte hartu zuten ikasle batzuk, NUPeko Tuterako campusean

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Arrosadiko (Iruñeko) eta Tuterako campusetan egingo ditu Batxilergoaren Ebaluazioa Unibertsitatean Sartzeko (BEUS) probak, ekainaren 5, 6 eta 7an, ohiko deialdian, eta ekainaren 27, 28 eta 29an, ohiz kanpoko deialdian. Aste honetarako probetarako 3.104 ikaslek eman dute izena, guztira. Matrikulatu diren ikasle guztietatik, 1.781 emakumeak dira (% 57) eta 1.323 gizonak (% 43). Bestalde, hizkuntza ereduari dagokionez, guztira 2.270 ikaslek egingo dute hautaproba gaztelaniaz, eta gainerako 834ek euskaraz.

Notak ekainaren 13an ikusten ahalko dira Unibertsitatearen web-orrialdearen bidez eta horretarako berariaz diseinatu den mugikorreko aplikazioaren bidez, ikasleari emandako pasahitzarekin. Aurtengo berrikuntza azpimarragarriena da martxan jarri dela "emaitza txartel elektronikoa". Hori dela eta, betiko nota-papera desagertu egin da. Gainera, ikasleak, erreklamazioren bat egin nahi badu, bide telematikoa erabili beharko du. Horretarako epea ekainaren 15eko 14:30ak artekoa da. Berrazterketarik eskatu ez duten ikasleek ekainaren 19tik aurrera jaisten ahalko dute beren emaitza txartela, eta eskatu dutenek, aldiz, ekainaren 21etik aurrera.

Emaitza txartel elektroniko berria martxan jarri izanak eta erreklamazioak egiteko prozedura aldatu izanak hiru abantaila ekarri dituzte: prozedurak errazago egiten dira, prozesuak automatizatzen dira, eta ikasleek aukera dute beren kalifikazioen kopia autentikoak lortzeko, kosturik gabe. Azken hau posiblea da txartelak egiaztapen kode segurua (EKS) daukalako, hau da, karaktere alfanumerikozko kate bat. Kode hau egoitza elektronikoan sartzen denean, nahi adina kopia zehatz lortzen ahal da, fotokopia konpultsaturik egin behar izan gabe (horrek daukan kostuarekin).

Proben garapena

Nafarroako Unibertsitate Publikoak egiten du BEUS probetarako deialdia, Foru Erkidegoko Unibertsitate barrutiko ikasleen probez arduratzen den erakundea baita. Matrikulatutako ikasleak zazpi epaimahaitan banatu dira, eta horietatik sei Arrosadiko Campusean egongo dira, eta zazpigarrena, Tuterako Campusean. Iruñeko sei epaimahaiek (horietarik bi euskarazkoak dira) ikasgelategian dute egoitza.

Ikasleek ezin izango dute sartu azterketa egingo den ikasgelan komunikatzeko edo datuak gordetzeko gailu elektronikorik, besteak beste, telefono mugikorrak, ordenagailu pertsonalak edo ordulari adimendunak. Proben orduak, ikastetxeen banaketa epaimahaika eta aurreko urteetako azterketak Unibertsitatearen web-orrialdean daude kontsultatzeko.

BEUS probak bi fase ditu: nahitaezkoa eta borondatezkoa. Lehenengo fasean, ikasleek Batxilergoko modalitate guztietako hiru irakasgai komunetako (Gaztelania eta Literatura, Espainiako Historia eta Atzerriko Hizkuntza, zeina ingelesa, frantsesa edo alemana izan baitaiteke eta atzerriko lehen edo bigarren hizkuntza gisa ikasteko aukera baitu ikasleak) azterketak egingo dituzte. Nafarroan, A eta D hizkuntza ereduetakoek beste azterketa bat egin beharko dute: Euskara eta Literaturakoa. Horrez gainera, beste proba bat egingo da: Batxilergoko beren modalitatean egin duten enborreko irakasgaiari dagokiona. Zientzietakoa, Matematika II izango da; Giza eta Gizarte Zientzietakoa, Latina II edo Gizarte Zientzietan aplikatutako Matematika II; eta Arteetakoa, Artearen Hastapenak II.

Azterketa horietan lortutako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa kalkulatuko da, eta ikasle batek BEUS proba gaindituko du, baldin eta batez besteko nota hori % 40an eta bere Batxilergoko espedienteko batez besteko nota % 60an haztatuta lortzen den nota 5 puntukoa (10etik) edo handiagoa bada. Haztatzeko, nahitaezko faseko azterketetako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoak 4 puntu (10etik) edo handiagoa izan behar du. Ikasleak proba gainditzen badu, bere notaren iraupena mugagabea izango da.

Deialdi honetan, ikasle gehienek, 2.757k, zehatz esanda, fase orokorrean eta espezifikoan eman dute izena; 191 ikaslek fase orokorra bakarrik egingo dute, eta beste 170 ikasleek fase espezifikoa bakarrik.

Azterketen egunak

Probak ekainaren 5ean, asteartean, hasiko dira, 9:30ean, Gaztelania eta Literatura II irakasgaiaren azterketarekin, eta 12:00etan segituko dute, Espainiaren Historiarekin. Saio honek arratsaldean edukiko du segida, orduan izango baitira hizkuntza azterketak. Aurtengo borondatezko fasean, ikasleek matrikula egin dezakete atzerriko hizkuntza batean (nahitaezko fasekoa ez den beste batean). Horretarako, 16:00etatik aurrera ingeleseko azterketa egingo da, eta gero, 18:30ean, frantsesekoa eta alemanekoa.

Ekainaren 6an, asteazkenean, egingo diren probak goizeko 8:30ean hasiko dira, Euskal Hizkuntza eta Literatura II irakasgaiaren azterketarekin (A eta D ereduak). Goizeko 11:00etan, Matematika II, Latina II eta Artearen Oinarriak II irakasgaien probak egingo dira. Arratsaldez azterketa 15:00etan hasiko da, Gizarte Zientzietan aplikatutako Matematika II eta Biologiaren azterketekin, eta geroago, 17:30ean Marrazketa Teknikoa II, Geografia eta Arte Eszenikoak irakasgaien azterketak egingo dira.

Probak ekainaren 7an amaituko dira, ostegunean. Egun horretan, 8:30ean, Filosofiaren Historiaren azterketa egingo da, eta 11:00etan Fisika, Greziera II eta Ikus-entzunezkoen Kultura II irakasgaien azterketak egingo dira. Bukatzeko, egun horretako 15:00etan, Kimika eta Artearen Historia egingo dira, eta 17:30etik aurrera Geologia, Enpresaren Ekonomia eta Diseinua.