Joan eduki nagusira

zoom Raúl Azpilicueta Martínez, NUPeko doktore berria.

Raúl Azpilicueta Martínez, NUPeko doktore berria.

Azterlan batek erakutsi du binakako ingelesezko jarduera interaktiboek aukera baliotsuak eskaintzen dituztela atzerriko hizkuntza bat ikasteko, baita oinarrizko mailako (A1) ikasleentzat ere, errepikapenean eta testuingururik gabe buruz ikastean oinarritutako metodo tradizionalagoen aurrean. Gainera, mintzapraktika ez dago lotuta gaztelaniaren berariazko erabilerarekin. Aitzitik, haurren kasuan, ia-ia ez dago halako praktikarik, eta, helduen artean agerikoagoa izan arren, badirudi zerikusia daukala zeregin motarekin, motibazio mailarekin eta hezkuntza testuinguruarekin. Alabaina, ingelesez ari direnean, islatu egiten da gaztelaniaren transferentzia linguistikoa, zeharka bada ere (beren egituretan). Horiek dira Raúl Azpilicueta Martínez irakasleak (Iruñea, 1980) Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurri duen doktoretza tesiaren ondorioetako batzuk.

Azpilicuetaren iritzian, ikasleek hizkuntza komuna (kasu honetan, gaztelania) ia-ia ez erabiltzeak motibagarria izan beharko luke zenbait irakaslerentzat eta hezkuntza-eragilerentzat, hain zuzen uste dutenentzat jarduera interaktiboek nahitaez eskatzen dutela ikasgai den hizkuntza, hots, ingelesa, gutxiago erabiltzea. “Hala ere, gaztelaniaren erabilera ez esplizituak pisu handiagoa hartu beharko luke arlo honetako ikerketan, azterlan batzuk erakusten hasi diren moduan”, adierazi du ikertzaileak. Amparo Lázaro Ibarrola Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasle titularrak zuzendu du haren tesia, zeinak bikain “cum laude” kalifikazioa jaso baitu.

Adinari egotz dakizkiokeen desberdintasunei dagokienez, nabarmentzekoa da helduek banakako taktika espezifikoetara jotzen dutela zereginak haurrek baino modu askoz eraginkorragoan ebazteko. Ikertzailearen arabera, badirudi bereizgarri hori faktore sozial eta kognitiboen ondorio dela.

Solaskidearen araberako desberdintasunak

Ikerketan, halaber, kontuan hartu da nola jokatzen duten haurrek eta helduek, bai parekoen artean elkarri eragiten diotenean, eta bai aditu batekin egiten dutenean. Azterlanaren arabera, bi multzoek elkarrizketa patroi paretsuak sortzen dituzte. “Ikaskide batekin mintzo direnean, beren diskurtsoko elementuak errepikatzen dituzte; hizkuntzaren aditu batekin hitz egitean, aldiz, beren mintzakidearen elementuak kopiatzen dituzte neurri handi batean. Horrenbestez, azpimarra daiteke bigarren edo atzerriko hizkuntzetan edukiak ematen dituzten irakasleen hizkuntza mailak funtsezko balioa daukala”, azaldu du Raúl Azpilicuetak.

Bestalde, azterlanak formatu interaktiboa (haurren artean edo helduen artean) erabiltzearen alde egiten du, ingelesa atzerriko hizkuntza gisa ikasten duten ikasleen ahozko ekoizpena ebaluatzeko, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailan. “Haurren kasuan, formatu horrek sortzen duen elkarrekintzak ezaugarri aberatsagoak dauzka aditu batekin aritzean sortzen denak baino, eta abantaila bat dauka: ezaugarriok, negoziazio estrategia direlakoek, hizkuntzaren jabekuntza errazten dute —baieztatu du—. Helduen kasuan, alabaina, emaitzak ez dira hain eztabaidaezinak, eta ikerketa gehiago eskatzen dute ildo horretan”.

Halaber, bi azterketa ofizialen (Cambridge Young Learners-Movers eta Trinity’s GESE Grade II) lagin publikoetan sortutako diskurtsoaren azterketak agerian jarri du test horiek nolabaiteko gabezia daukatela negoziazio estrategiak sortzeko, maila horretako elkarrekintza naturalak berezkoak baditu ere. “Ikasleek parekoen artean elkarri eragiten diotenean, hizkera-espektro zabalagoa sortzen da, ez hain ‘hierarkizatua’, aztertzailearen eta izangaiaren arteko elkarrekintzaren bidez lortzen denaren aldean”, erantsi du, amaitzeko.

Curriculum laburra

Raúl Azpilicuetak Atzerriko Hizkuntzako Irakasletza egin zuen NUPen, Ingeles Filologiako lizentziatura UHUNen, Ingeles Hizkuntzalaritza Aplikatuko Unibertsitate Masterra UHUNen ere bai (Ingelesaren Plangintza eta Hizkuntza Politika Europako Esparruan espezialitatea), eta doktoretza NUPen.

Ingeleseko irakasle aritu da Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan (ikastetxe publikoetan eta pribatuetan), Hizkuntza Eskolan, UHUNen eta NUPen. Halaber, aholkulari eta bulegoburu lanetan jardun zuen Hezkuntzako Departamentuko Hizkuntza Zerbitzuan. Egun, Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako Departamentuko Unibertsitate Zerbitzuko zuzendaria da, eta irakasle eta tutore aritzen da Iruñeko UHUNeko Hizkuntzen Urrutiko Unibertsitate Zentro Digitalean (CUID).

Bere ikerketetan, gehien interesatzen zaion gaia bigarren hizkuntzen jabekuntza eta ahozko ebaluazioa da.