

Ekitaldiaren lehendakaritza mahaia. Leyre Lecumberri, hizketan, eta, ezkerretik eskuinera, Emilio Domínguez, Iosu Mena, Alfonso Carlosena eta Iosune Pascual.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) hitzarmenak egin izan ditu hainbat erakunderekin ikasleek praktikak egin ditzaten, eta ekitaldi bat egin zuen maiatzaren 25ean, ostiralean, haien lana eskertzeko. 900 erakunde baino gehiago dira, besteak beste, ikastetxeak, sindikatuak, erakunde publikoak eta gobernuz kanpoko erakundeak.
Ekitaldian, hirurogei bat lagun izan ziren: Alfonso Carlosena errektorea, ekitaldiko buru, Emilio Domínguez Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko dekanoa, Iosune Pascual Unibertsitate - Gizarte Fundazioko zuzendari-kudeatzailea, NUPeko sei ikastegien zuzendaritza taldeen ordezkariak, eta Cristina Bayona Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordea.
Lehendakaritza mahaian, halaber, Leyre Lecumberri ikaslea eta Iosu Mena Institutuetako Zuzendari Elkartearen presidentea izan ziren; lehenak praktiketan izandako esperientzia kontatu zuen; eta entzule gisa, berriz, hainbat ikasle eta praktiketako entitateen ordezkari egon ziren.
Kanpoko irakaskuntza eta curriculum praktiken balioa
Kanpoko irakaskuntza praktikak unibertsitateko ikasleek egiten duten prestakuntza jardueretako bat dira. Jarduera hori Unibertsitateak ikuskatzen eta, beharrezkoa bada, ebaluatzen du. Bere helburua da ikasleek aplika eta osa ditzaten prestakuntza akademikoan lortu dituzten ezagutzak, jardun profesionala erraztuko dieten gaitasunak eskuratzeko eta enplegua lortzeko aukera emanez, eta bakoitzaren ekintzailetasuna sustatzeko.
Curriculum praktikak titulazio bakoitzeko ikasketa planeko prestakuntza jarduerak dira, eta jarduera horiek egiteko unibertsitateak hezkuntza-lankidetzako hitzarmenak izenpetu behar ditu erakunde laguntzaileekin. Esaterako, enpresekin, eta erakunde eta entitate publiko eta pribatuekin.