Joan eduki nagusira

zoom BioSmart taldea. Ezkerretik eskuinera: Sergio Díaz de Garayo, María Figols eta Xabier Aláez, NUPeko campusean

BioSmart taldea. Ezkerretik eskuinera: Sergio Díaz de Garayo, María Figols eta Xabier Aláez, NUPeko campusean

Xabier Aláez Sarasíbar ingeniaria Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzaile bat da, eta BioSmart proiektuaren bultzatzaileetako bat. Proiektu honen helburua da kostu baxuko IoT (gauzen interneten ingeleseko siglak) gailuak fabrikatu eta garatzea, eraikin barruko airearen kalitatea monitorizatzeko. Proiektu honek 2018ko InÍciate saria irabazi du (proiektu berritzaile teknologikoaren sailean). Sari hori Nafarroako Gobernuak antolatzen du Nafarroako Berrikuntza eta Enpresen Europar Zentroa (CEIN) elkarte publikoaren bidez.

Gauzen interneta aurrerapen teknologiko bat da, zeinaren bidez objektu fisikoak elkarrekin konektatzen ahal baitira, sarearen bidez, horrela denbora errealeko datuak lortzeko edo eginkizun edo funtzio bat egiteko. Teknologia hau eremu askotan aplikatzen ahal da: domotika, bideomedikuntzako kontrol sistemak, ibilgailuak, arropa interkonektatua, edo gailu eramangarriak (“wearables”). “Gure helburua da barneko airearen kalitatea era jarraituan ebaluatzeko gai diren gailuak garatzea, funtzionalitate teknologiko aurreratuak txertatuz eta merkatuan eskuragarri dauden ekipoek daukatena baino kostu txikiagoarekin —azaldu du Xabier Aláezek. Alaezek Smart Cities Institutuko (ISC) katedradun eta ikertzaile José Ramón González de Mendívil Morenok zuzentzen duen NUPeko Sistema Banatuen Ikerketa Taldean lan egiten du—. Gailu horiek elkarrekintza handia edukiko dute erabiltzailearekin, gauzen interneten oinarritzen den plataforma bereki bati esker, gailuek neurtzen dituzten datuak analizatzeko eta interpretatzeko erosoa dena, eta horrela hobekuntzarako jarraibideak ematen ahal dituena”.

Proiektu honetako xede diren gailuen berrikuntza handiena eraikinetako barneko airearen osasungarritasunaren kontzeptua zabalago egitean datza. Tenperatura, hezetasuna edo karbono dioxidoa (CO2) neurtzeaz gain, “airearen kalitatea neurtzean kanpo uzten diren beste parametro batzuk ere sartzen dira, esaterako formaldehidoa, osagai konposatu hegazkorrak edo 2,5 mikra baino txikiagoak diren partikula esekiak”. “Parametro hauek neurtzeak modua ematen du aireztapena erregulatzearekin, eraikinaren gainazalen akaberarekin, altzarien nolakoarekin edo garbikariekin lotuta dauden patologiak identifikatzeko. Honela, eraikinaren osasuna bermatzen da uneoro, eta ahalik eta efizientzia energetiko handiena lortzen da”, gaineratu du Xabier Aláezek, NUPen Industria Teknologietako Ingeniaritzako Gradua eta Industria Ingeniaritzako Masterra egin dituena.

BioSmarteko kideak

BioSmart proiektuan, Xabier Aláez bera ez ezik, beste ikertzaile hauek ere ari dira: Sergio Díaz de Garayo Balsategui (industria ingeniaria, Master Europarra Energia Berriztagarrietan, Passivhaus Eraikuntza-Plataformaren bazkide sortzailea, CENEReko Eraikuntza-Energetika Saileko teknikaria eta NUPeko doktoregaia, gailu termoelektrikoen bidezko aireztapenari eta klimatizazioari buruzko tesi batekin, ISCko David Astrain Ulibarrena eta Álvaro Martínez Echeverri ikertzaileen zuzendaritzapean), María Figols González (arkitekto teknikoa, Bioeraikuntzako masterra, Baubiologieko Espainiako Institutuaren buruordea eta aditua bioeraikuntzan, habitateko osasunean eta efizientzia energetikoan), eta Maite Aláez Guergué (Finlandiako Ouluko Zientzia Aplikatuen Unibertsitateko Informatika Ingeniaritzako ikaslea).

Saria lortu duen proiektuak 6.000 euroko diru-zuzkidura dauka, enpresa abian jartzera bideratuko direnak. Gainera, sari honek aukera ematen du, baita ere, CEIN elkartearen Berrikuntza Mintegian sei hilabetez doan egoteko, eta CEIN elkarteak kudeatzen duen Nafarroako Gobernuaren Ekintzailetza Bultzatzea programaren seigarren edizioan parte hartzeko hautatua izatea dakar. BioSmart nagusitu zen berrikuntza teknologikoaren sailean, beste 19 hautagaitzaren gainetik.