Joan eduki nagusira

zoom Clara Eíto Valdovinos, NUPeko doktore berria.

Clara Eíto Valdovinos, NUPeko doktore berria.

Clara Eíto Valdovinos (Huesca, 1984) Onkologia Erradioterapikoko mediku espezialistak, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza-tesian, aztergai izan du nola murriztu tratamenduen ondorioak ondesteko minbizia duten pazienteengan. Izan ere, tumore hori oso zabalduta dago herrialde industrializatuetan, minbizi guztien % 10 eta 15 bitartean mota horretakoak izaten baitira. Horretarako, erradioterapia-dosiaren eta esfinterraren funtzioaren arteko erlazioa aztertu du, tratamenduek azken hori eraldatzen baitute. Ondorioztatu duenez, “”uzki-esfinterrean aplikatzen den erradioterapia-dosia ikerketan lortutako parametroekin murriztean, posible da albo-ondorio kroniko gisa maiz agertzen den uzki-esfinterreko ihesa asko murriztea, tratamenduaren eraginkortasuna txikiagotu gabe. “Horrek guztiak nabarmenki hobetzen du pazientearen bizi-kalitatea, eta, gainera, lagungarria da osasun-gastua murrizteko”, azaldu du.

Espainian, kolon eta ondesteko minbizia gizonezkoen artean minbizia sortzen duten arrazoietan hirugarrena da, prostata eta biriketako minbiziaren atzetik, eta emakumeen artean, bigarrena, bularreko minbiziaren atzetik. Heriotza-tasari dagokionez, bai Estatu Batuetan eta bai mendebaldeko Europan, hori da tumoreen ondoriozko heriotza-kausetan bigarrena.

Azken urteetan, tratamendu kirurgikoan ondestearen inguruko ehunaren erabateko eszisioaren ohiko erabilerari esker, erradioterapiarekin eta kimioterapiarekin batera, lortu da ebakuntzaren aurretik tokiko birgaixotzea murriztea, esfinterra gordetzen dutenen tasa handitzea, tratamenduekiko tolerantzia hobetzea eta bizirik irauten dutenen kopurua areagotzea. Hala ere, “tratamendu erasotzailea izaten jarraitzen du, eta ondorio fisikoak eta nahasmendu klinikoak eragin diezazkie pazienteei, eta horrela beren bizi-kalitatea okerragotu”, adierazi du Clara Eítok, zeinaren doktoretza-tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu baitu.

Erradioterapia-dosiak

Fernando Arias de la Vega Nafarroako Ospitaleguneko Onkologia Erradioterapikoko Zerbitzuko mediku atxikiak zuzendutako doktoretza-tesian, Clara Eítok aztergai izan du zer faktorek nahasten duten esfinterraren funtzioa ondesteko minbizi lokal aurreratua diagnostikatuta daukaten eta ebakuntzaren aurretik tratamendua jasotzen duten pazienteengan, bai erradioterapiaren eta kimioterapiaren bidez, bai esfinterra gordetzeko kirurgiaren bidez, bai eta, kasu batzuetan, ebakuntza ondoko kimioterapia-tratamenduaren bidez ere. “Nire helburua da identifikatzea emandako erradioterapia-dosien zer aldagaik eduki dezaketen eragin negatiboa uzki-esfinterraren nahasmenduetan, etorkizuneko tratamenduetan horiek mugatu ahal izateko —azaldu du ikertzaileak—. Halaber, aztergai izan dut kimioterapiako Oxaliplatino farmakoa erabiltzeak eragina eduki ote dezakeen uzki-nahasmenduetan, eta tratamendu horiek jasotzen dituzten pazienteen bizi-kalitatea ebaluatu dut”.

Ikerketa 2010. urtean abiarazi zen, aldagaiak deskribatuz eta Nafarroako Ospitaleguneko pazienteen datuak bilduz. Hogeita hamarretik gora aldagai horiek estatistikoki aztertu zituen, galdetegien bitartez eta erradioterapiaren planifikazioan kalkulu dosimetrikoen bidez lortutako datuekin batera, eta eskuratutako emaitzak oso adore-emaileak izan ziren.

Sariak eta balio zientifikoa

Gaur egun arte ia-ia ez dagoenez argitalpenik ondesteko minbizia diagnostikatuta daukaten pazienteengan esfinterraren funtzioa nahasten duten faktoreak ebaluatu dituenik, ikerketa honek balio zientifiko handia du, eta bere emaitzak oso baliagarriak izan daitezke profesionalentzat, eta onuragarriak pazienteentzat.

Hain zuzen, Clara Eítoren lanak zenbait aitorpen jaso ditu. Tesiak Epaimahaiaren Saria irabazi zuen Campus Iberuseko (NUPek eta beste unibertsitate batzuek osatzen duten Ebro Ibarreko Nazioarteko Bikaintasun Campusa) III. Doktoretza Jardunaldietan. Gainera, finalista izan zen partzuergo horrek antolatzen duen “Tesiak hiru minutuan” lehiaketan. Lan hori egiteko, halaber, ikerketarako laguntza bat jaso zuen Mutua Madrileña Fundazioaren eskutik, eta mugikortasunerako beste bat ‘La Caixa’ Gizarte Obraren eskutik. Ikerketaren emaitzak onkologiako bi kongresutan aurkeztu ziren, bata Ameriketan (Chicago, AEB) eta bestea Europan (Torino, Italia).

Curriculum laburra

Clara Eíto Valdovinos Medikuntzan lizentziaduna da Zaragozako Unibertsitatean, Onkologia Erradioterapikoan espezializatu zen Nafarroako Ospitalegunean, eta haurren tumoreak tratatzeko doitasun handiko erradioterapia-tekniken inguruko prestakuntza jaso zuen Bostongo (Estatu Batuak) Dana Farber Cancer Institute / Children’s Hospital erakundean.

Doktoretza-tesia egin bitartean, ikerketa hori nazioko bost kongresutan eta nazioarteko beste horrenbestetan aurkeztu du, baita hogeita hamarren bat argitalpen zientifiko sinatu ere.

Fakultatibo gisa egin du lan Iruñeko San Juan de Dios Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitatean, eta Onkologia Erradioterapikoko espezialista moduan Nafarroako Ospitalegunean, Espainiako hiriburuko Madrid Sanchinarro Ospitaleko Clara Campal Onkologia Zentro Integralean, eta Bilboko IMQ Zorrotzaurre Klinikako Onkologia Institutuan. Azken horretan dihardu gaur egun, eta, aldi berean, bestelako azterlan garrantzitsuak egiten ditu nazio-mailan eta nazioartean.