

Javier Fernández-Montalvo Tami Sullivanekin, Yale Unibertsitateko Familiy Violence Research (familia-indarkeriari buruzko ikerketa) ikerketa-taldeko buruarekin.
Javier Fernández-Montalvo Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Osasun Zientzien Saileko Psikopatologiako irakasle titularrak adikzioei eta indarkeriari buruz taldean egindako ikerketen emaitza nagusiak eman ditu ezagutzera Yale Unibertsitatean (Estatu Batuetan). Psikologia Klinikoa eta Psikopatologia du izena, hain zuzen, Javier Fernández-Montalvok zuzentzen duen ikerketa-taldeak. Ikerketaren arabera, adikzioren baten ondorioz arazoak dituztelako tratamendu eske joaten diren pazienteen % 40k pairatu du gertaera indarkeriazko edo traumatikoren bat bizitzan, eta, batik bat, eraso psikologiko, fisiko edo sexual moduan. Oro har herritarrengan izaten den tasa (herritarren % 25, gutxi gorabehera) baino askoz altuagoa da hori, eta eragin zuzena du pertsona horiekin egiten den esku-hartze klinikoan.
Tami Sullivanek gonbidatuta joan da NUPeko ikertzailea Yale Unibertsitatera; izan ere, indarkeriari buruzko ikerketen arloan ospe onena duen ikerketa-taldeetako baten zuzendaria da Tami Sullivan, hots, Estatu Batuetako unibertsitate horretako Psikiatria Saileko Familia Violence Research (familia-indarkeriari buruzko ikerketa) taldeko burua. Talde hori aitzindaria da indarkeriazko jokabideen eta adikzioen arteko erlazioak aztertzen, eta, gaur egun, nazioarteko erreferentzia da arlo horretan.
Javier Fernández-Montalvok “Addictions and violence: clinical implications” (“Adikzioak eta indarkeria: inplikazio klinikoak”) izeneko hitzaldia eman zuen Yale Unibertsitateko Psikiatria Saileko ikertzaile-talde handi baten aurrean. Disertazioan, adikzioen eta indarkeriaren arteko erlazioari buruzko ezagutza errepasatu zuen lehenik, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan zuzentzen duen ikerketa-taldeak orain arte lortu dituen emaitza nagusiak laburtu zituen gero.
“Gure ikerketen emaitzek erakusten dute adikzio baten ondorioz, batik bat alkohol- edo kokaina-adikzioaren ondorioz, tratamendua jasotzen ari den paziente batek indarkeria-arazoren bat badu, erasotzaile zein biktima izan, tratamendua zaildu egiten dela, eta terapiak huts egiteko arriskua ekartzen duela —azaldu du ikertzaileak Yale Unibertsitatean—. Zehazki, probabilitate handiagoa dago tratamendua bertan behera utz dezaten edo adikzioan berriz eror daitezen".
Substantziekiko kontrola galtzea
Adikzioren baten ondorioz arazoak dituztelako tratamendu eske joaten diren eta gertaera bortizkeriazko edo traumatikoren bat jasan duten paziente horiek “ez dute asmatu bortizkeriazko erasoek eragin dizkieten ondorio psikologikoak gainditzen, eta, zenbait urte geroago, laguntza eske joaten dira kontsultara substantziaren batekiko kontrola, dela alkohola, dela kokaina, dela automedikazioarekiko kontrola, galdu dutelako”. “Bestalde, bizipen traumatikoak izan dituzten paziente horiek mendekotasun larriagoa izan ohi dute, eta droga-adikzioari lotutako arazo gehiago —esan zuen Javier Fernández-Montalvok Yale Unibertsitatean—. Egin ditugun ikerketa guztietan, bat datoz emaitzak: adikzioren bat duten pazienteen artean, emakumezko askoz gehiagok izan dute bizipen traumatikoren bat bizitzan. Datuak kezkagarriak dira; izan ere, arazo hori kontuan hartzen ez bada eta prozesu teraupetikoan pazienteekin behar bezala tratatzen ez bada, nabarmen handitzen baita tratamenduak porrot egiteko arriskua, dela tratamendua goiz uzteagatik, dela adikzioan berriz erortzen direlako".