Joan eduki nagusira

zoom Laureano Martínez Sordoni, NUPeko doktore berria.

Laureano Martínez Sordoni, NUPeko doktore berria.

Diskurtso publikoak proposatzen du "soldata-gizarte" batetik "ekintzailetza-gizarte" batera pasatzea arazo ekonomikoak eta enpleguzko arazoak konpontzeko, Laureano Martínez Sordoni (Arequito, Argentina, 1982) ikertzaileak bere doktoretza tesian aztertu dituen gaurko ekintzailetza politika europarretatik ondorioztatzen denez. Tesia Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defenditu du. Aditu honek ikusi du soldatapekoek balorazio negatiboa daukatela; aldiz, ekintzaileak giza subjektuaren "eredua" dira. "Politika publikoen erronka ekintzailetza bultzatzea da, baina prekarizazioa sustatu gabe", dio pertsona guztiek ekintzaile izan behar dutelakoa ezbaian jartzen duen aditu honek.

Laureano Martínez Sordonik, ekintzailetza politikek sustatzen duten giza subjektuaren motatik abiaturik, zenbait mailatako erakunde publikoen (nazioz gaindikoak, estatukoak eta eskualdekoak) agiriak aztertu zituen. Ikerketaren emaitzak bi ardatz handitan multzokatzen ahal dira. Alde batetik, kontuan hartzen da ekintzailetzaren neurrien diseinuak nola eragiten dion enpleguari, ekintzailetza autoenpleguarekin lotzen duenez. Eta beste alde batetik, erakusten dute sustatzen den giza subjektua bat datorrela gizartearen eskaerekin, eta eskaera hauetan merkatuaren mekanismoek, gero eta gehiago, betetzen dituztela lehen gizarte eta lan zuzenbideak betetzen zituzten eremuak.

Autoenplegua eta babes falta

Lehen ardatzari dagokionez, ikertzaileak egiaztatu du ekintzailetza bultzatzeko politiken diseinuak lortzen dituela ekintzailetza eta autoenplegua, hau taldeka edo banaka izanik ere. "Orokortu behar ez bada ere, kasu askotan honek ekarri ohi du, ekintzailetza neurrien diseinuaren ondorioz, enpresa dinamikoak eta hazteko potentziala daukatenak sortu beharrean, hazkunderako perspektiba txikiko autoenpleguko forma prekario bihurtzen direnak sortzea" —baieztatzen du Laureano Martínez Sordonik, zeinaren tesia NUPeko Soziologiako eta Gizarte Laneko saileko Patricia Amigot Leache irakasleak eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Lupicinio Íñiguez Rueda katedradunak zuzendu baitute—. Maiz, langabetuak ekintzailetzara bultzatzen dituzte, ekintzailetza autoenplegua dela ulerturik. Honek ekar dezake lanaren babesa galtzea eta merkantilismoa, politika neoliberalen ezaugarriak direnak".

Alde honetatik, gaur egungo ekintzailetzari buruzko diskurtso politikoaren ezaugarrietako bat da langabetua egitea bere egoeraren erantzule, langabeziak daukan egitura-osagaia bigarren planoan utzita. "Esaterako, argudiatzen da gazteen artean langabezia egotea beren ekintzailetza faltaren ondorioa dela —dio ikertzaileak—. Alabaina, ikertzaile askok uste dute langabezia ez dela norbanakoen gaitasunaren eta ekintzailetzaren ondorioz sortzen den arazoa, egiturazkoa baizik, eta zerikusia duela lan-merkatuaren diseinuarekin, eta ondasunen eta zerbitzuen produkzio soziala sortzen, zabaltzen eta metatzen den moduarekin".

Erreferente idealizatua

Bigarren ardatzari dagokionez, ekintzailetzari buruzko diskurtsoak gizabanakoa gonbidatzen du bere burua enpresa bat balitz bezala tratatzera, eta sozialki hala balitz bezala jokatzera. Ikertzaileak proposatzen du irudi honi pertsona ekintzailearen "arauaren araberako ideala" izena ematea. Aztertu diren dokumentuetan egiaztatu da eraiki dela erreferente kultural idealizatu bat, nortasun ekintzailearen ezaugarri guztiak beteko lituzkeena, eta gizabanako guztiek gizarte eredu horri jarraitu beharko lioketela. Beste era batera esanda, "erreferente kultural idealizatu honek pertsonak epaitzeko eta baloratzeko balioko luke, proposatzen diren jokamoldeetara gehiago edo gutxiago hurbiltzen diren", esan du.

Beraz, alde batetik, ekintzailetza autoenplegu malgu eta gizarte mekanismoek gero eta gutxiago babestuarekin lotzen da, eta beste alde batetik, pertsonak malguak izan daitezela, arriskuak har ditzatela eta beren egoeraren ardura banaka har dezatela eskatzen da. Politiken diseinuen konbinazio honen ondorioz pertsonei gero eta gehiago eskatzen zaie, gero eta babes gutxiago eskaintzen duen testuinguru batean.

Dinamika honek "nolabaiteko gizarte-ezinegona" sortzen du, ikertzailearen iritziz. "Behartzen baitu pertsona bere enpleguaz arduratzera babesik gabeko marko batean, eta horren ondorioz antsietatea, estresa, etsipena eta depresioa bezalako patologiak sortzen dira. Soldatapeko lanaren ereduan arazo fisikoak nagusitzen ziren. Eredu honetan, aldiz, pertsonak etengabe daude bultzatuta beren burua berritzera eta beren mugak gainditzera, eta horren ondorioz, arazo psikologikoak emendatzen dira", gaineratu du Martínez Sordonik, zeinaren tesiak bikain "cum laude" lortu baitu, nazioarteko aipamenarekin.

Martínez Sordonik azpimarratu du ekintzailetza, enplegu moduan, ez dela pertsona guztientzat balio duen aukera, ezta gehiengoentzat ere. "Pertsona guztiak ez dira zertan ekintzaile izan. Enplegua sortzeko beste formula batzuk bilatu behar dira. Politika publikoen erronka da ekintzailetza bultzatzea prekarizazioa sustatu gabe. Ekintzailetza neurriak eta autoenplegu neurriak bereizi behar dira, zeren, nahiz eta puntu komunak eduki, bi gauza diferente baitira. Edonola ere, gakoa litzateke ekintzailetza bultzatzea benetan berritzaileak diren eta hazteko potentziala daukaten enpresetan", amaitu du.

Curriculum laburra

Laureano Martínez Sordoni Zientzia Politikoa eta Administrazioaren lizentziaduna da Rosarioko Unibertsitate Nazionalean (Argentina), Filosofia Garaikideko Masterra Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan eta doktorea Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Ikerketa egonaldiak egin ditu bi unibertsitatetan: Bruselako Unibertsitate Askean (Belgika) eta Buenos Aireseko Unibertsitatean.

Ikerketak argitaratu ditu aldizkari zientifikoetan eta nazioko eta nazioarteko batzarretan, eta ikerketa horiek gizarte eta enplegu politiken eremura orientatzen dira, gizarte zientzien ikuspegi kritikotik begiratuta.