Joan eduki nagusira

zoom Amaia Mutilva, Balayren Madrilgo bezero baten etxean, iragarkiaren amaieran.

Amaia Mutilva, Balayren Madrilgo bezero baten etxean, iragarkiaren amaieran.

Amaia Mutilva Zabalegui (Iruñea, 1990), Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) egresatua, protagonista da Balay etxetresna elektrikoen markak bere azken publizitate kanpainarako egin duen telebistako iragarki batean. Bertan, BSH taldeko konpainiako zenbait langile beren bezeroen etxeetara joaten dira, haiek ezagutzeko eta multinazionalak ekoitzitako hozkailu berriak ikusteko. Gazteak BSH Electrodomésticos España enpresak Nafarroan daukan fabrikako Produktuaren Diseinu eta Garapen Sailean (hozkailuen dibisioa) egiten du lan, Ezkirotzen. Industria Ingeniaritza Teknikoko titulua eskuratu zuen, Mekanika espezialitatean eta Industria Diseinuko sakontze lerroan, eta ikasketa horietako hirugarren promozioko kide izan zen Tuterako campusean.

D6 agentziak garatutako publizitate kanpainak beirazko atea daukaten hozkailuak ditu ardatz, eta, haren bidez, helburua da Balayko langileen ilusioa transmititzea, beren eta egindako lanaren zati txiki bat etxe askotan dagoela egiaztatzen dutenean. Funtsean, telebistarako iragarkiz eta sare sozialetarako eduki gehigarriz osatuta dago kanpaina. “Iragarkiak Ezkirotzeko fabrikan eta Madrilgo benetako erabiltzaileen etxeetan grabatu genituen; nire kasuan, neska gazte baten etxean —gogoratu du Amaia Mutilvak “Nire zatitxo bat, etxe honetan” izeneko kanpainari dagokionez—. Bizitasun handiko egunak izan ziren”.

Diseinatzailearen eta kontsumitzailearen arteko lotura

zoom Balayk Madrilgo etxebizitza batean grabatutako iragarkiaren irudi bat, Amaia Mutilva protagonistarekin.

Balayk Madrilgo etxebizitza batean grabatutako iragarkiaren irudi bat, Amaia Mutilva protagonistarekin.

Urrian, Amaia Mutilvak hiru urte egingo ditu BSH Electrodomésticos enpresako Produktuaren Diseinu eta Garapen Sailean, ingeniari lanetan. “Hau da gogoko dudan espezialitatea, eta hari ematen diot lehentasuna lanpostu bat bilatzeko eta aukeratzeko orduan —azaldu du Amaia Mutilvak, zeinak antzeko zeregin bat eduki baitzuen lau urtez industria sektoreko beste enpresa batean—. Gainera, oso interesgarria iruditzen zait kontsumorako produktuak ekoizten dituen fabrika batean lan egitea, gizartearekiko harremana zuzena delako. Lanbide honetan, produktu horien bitartez diseinatzailearen eta kontsumitzailearen artean sortzen den lotura izan zen harrapatu ninduena”.

Hain zuzen, NUPeko Tuterako campusean egindako unibertsitate ikasketek ireki zizkioten bere egungo lanbiderako ateak. Amaia Mutilvak Industria Ingeniaritza Teknikoko ikasketak amaitu zituenean, Mekanika espezialitatean eta Industria Diseinuko sakontze lerroan, indarrean zegoen ikasketa plana Europako Unibertsitate Eremuak berekin ekarri zuen unibertsitate erreforma baino lehenagokoa zen. Orduan, ikasketak osatzeko, hiru ikasmaila eta karrera amaierako proiektu bat egin behar ziren. Gaur egun, titulazio hori Diseinu Mekanikoko Ingeniaritzako Gradu bilakatu da, eta lau urte irauten du.

“Uste dut oreka ona daukala ingeniaritzaren alderdi teknikoaren eta diseinuaren alderdi artistikoaren artean. Eta, prestakuntza premisa bikoitz horren pean jasotzeari esker, Tuterako campuseko ikasleek profil oso balioaniztuna eta egokitzeko gaitasuna eta erraztasuna eskuratzen ditugu ikasketak amaitzean —adierazi du—. Karrerak barne hartzen dituen askotariko gaiez bestalde, talde txikiak izanik, irakasleekin izaten den esperientzia oso pertsonala da; jasotako arreta, askoz handiagoa; eta tratua, hurbilagoa eta atseginagoa. Azkenean, familia moduko bat ginen. Tuterako campusera itzultzen naizenean, oraindik ere nire izenaz deitzen didate”.

Ikasketez gainera, unibertsitate garaiko zenbait oroitzapen gordetzen ditu: “Gogoan ditut Tutera eta bere biztanleak, nire ikaskideak... Gehienak Erriberako ikasleak baziren ere, haietako bat banintz bezala bizitzen bukatu nuen, eta hori da hiri bat ezagutzeko modurik autentikoena. Tutera maiz samar bisitatzen jarraitzen dut. Izugarri gustatzen zait! Baita amari ere, hark ere hiria sakonkiago ezagutu baitzuen Unibertsitatean egon nintzen urteetan”, esan du, azkenik, Amaia Mutilvak.