Maite Echeverz Sarasua (Iruñea, 1985) Navarrabiomedeko ikertzaileak (Nafarroako Unibertsitate Publikoaren-NUP eta Nafarroako Gobernuaren ikerketa biomedikoko zentroa), Salmonellaren infekzioaren aurka babesten duen txerto bizi ahuldu bat garatu du. Bere doktoretza-tesia irakaskuntza-erakundean irakurri du, eta tesian frogatu du sortutako txerto-anduiak saguen immunitate-sistema estimulatzen duela bakterioaren aurka, eta patogeno horrek eragindako geroagoko infekzio baten aurka babesten dituela. Egun, txerriekin ari dira erabiltzen txertoa, ikertzen jarraitzeko. Ahozko txerto ahuldua jada patentatu dute, eta Recombina Biotech enpresa nafarrak lortu du ustiapen-eskubidea.
Andui ahuldu bat egiteko, hots, gaixotasun-sintomak garatu gabe bizitzeko eta ostalaria infektatzeko gai izango den bakterio bat sortzeko, bakterioek seinaleak igortzeko erabiltzen duten molekula bat (c-di-GMP) sortzeko gaitasuna kendu du Maite Echeverzek. Horretarako, molekula hori sortzeko gai diren proteina guztiak kendu ditu (hamabi guztira), eta frogatu du sortutako bakterioa ez dela birulentoa.
Gakoa, polisakarido baten gabezia
Bikain “cum laude” kalifikazioa lortu duen doktoretza-tesi horren bigarren zatian, Salmonella PGA izeneko biomolekula sortzeko gaitasuna galtzera eraman duten arrazoiak aztertzen dira. Hainbat bakterio-espeziek sintetizatzen duten polisakarido bat da PGA, bakterioak biofilm deritzaten zelula anitzeko komunitateetan bildu eta bateratzen dituen zelulaz kanpoko matrize bat sortzeko helburuarekin.
“Konturatu ginen arlo filogenetikoan elkarrengandik oso hurbil dauden bi bakterio-generoren artean, hau da, ‘Escherichia coli’ eta ‘Salmonella’ izenekoen artean, dagoen desberdintasun deigarri bat dela PGAren sintesia egiten duten geneen presentzia eta absentzia, eta, horrenbestez, bakterioak polisakarido hori sortzeko duen gaitasunarena —azaldu du tesiaren egileak. Iñigo Lasa Uzcudun eta Cristina Solano Goñi Navarrabiomedeko ikertzaileek zuzendu dute tesia—. Kontuan hartuta ‘Escherichia coli’ orokorrean bakterio komentsala dela, guri kalterik egin gabe gurekin bizi dena, eta ‘Salmonella’ bakterio patogeno bat dela, frogatu nahi izan genuen ‘Salmonella’k PGArik ez izatea lotuta ote zegoen infekzio bat eragiteko gaitasunarekin”. Maite Echeverzek, azterketa bioinformatiko baten bidez, atera zuen lehen ondorioa izan zen Salmonellak PGAren sintesia egiten zuten geneak galdu zituela bere bilakaeran.
Hurrengo urratsa izan zen horien galeraren arrazoiak aztertzea. Horretarako, Salmonella-andui bat egin zuen, PGA polisakaridoa sortzeko gai zena, eta sintesiak bakterio horren bizi-zikloan eragiten zituen ondorioak aztertu zituen. Hala, frogatu zuen PGAren sintesia ez dela kaltegarria Salmonellaren bizitzarentzat ingurunean. Alabaina, biomolekula hori sortzeak bakterio patogenoa oso sentikorra bihurtzen du behazunaren aurrean. “Salmonella’ hesteetako patogeno bat da, hau da, hesteetan dago, non behazun-kontzentrazio handiak baitaude. ‘Salmonella’ PGA sortzera behartzen badugu, andui basatiak baino askoz ere okerrago bizirauten du behazunaren presentziaren aurrean, andui basatiak ez baitu biomolekula hori sortzen”, erantsi du. Emaitza horiek frogatzen dute Salmonellak PGAren sintesia egiteko beharrezkoak diren geneak galdu zituela bere bilakaeran, ostalaria inbaditu eta infekzioa eragiteko.
Curriculum laburra
Maite Echeverz Sarasuak 2008an amaitu zituen Nekazaritzako Ingeniaritza Teknikoko ikasketak Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta gero Agrobioteknologia Masterra egin zuen Unibertsitate berean. 2011n, aipatu erakundeko Nekazaritzako Ekoizpeneko Sailean (egungo Osasun Zientzien Saila) hasi zen lanean, Salmonellaren biofilmaren eraketan parte hartzen duten osagai eta erregulazio-mekanismoak ikertzen eta bakterio horretako PGA polisakaridoa ezaugarritzen.
Zenbait artikuluren egilea edo egilekidea da nazioarteko aldizkarietan, eta nazioarteko zenbait kongresutan parte hartu du. Egun doktoretza ondoko ikertzailea da Navarrabiomedeko Mikrobio Patogenesiaren ikerketa-taldean.