Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) argitaratu berri du Foru Erkidegoko belar txarren 138 espezieri (35 familiatan multzokatuak) buruzko argitalpen bat. “Flora arvense de Navarra” izenburua jarri diote gaztelaniaz eta “Nafarroako landare sorotarrak” euskaraz. Javier Peralta de Andrés irakaslea eta Mercedes Royuela Hernando katedraduna dira liburuaren egileak, biak Unibertsiateko Zientzien Sailekoak.
Liburua PDF formatuan dago eskuragarri; espezie bakoitzari buruzko informazioa eskaintzen du testuen, argazkien eta irudien bidez, hizkera soil eta beharrezkoak ez diren teknizismoetatik aldendua erabiliz, eta espezieen bizitza zikloari buruzko glosario bat eta oinarrizko datuak ematen ditu. Nafarroako Unibertsitate Publikoko herbarioaren webguneak, zeina 2008an jarri baitzen abian, izan duen arrakastaren ondoren pentsatu zen argitalpena egitea. Liburuan azaltzen denez, landare sorotarren ezagutza “funtsezkoa da laboreen erabilpenean lehenbailehen erabakitzeko haiek kontrolatzeko erabili behar den tratamenduari buruz”. “Horretarako identifikatu behar dira belar txarren espezie ohikoenak. Horrenbestez, kasu bakoitzean ematen da azalpen labur bat, landareak heldu denean duen irudia, eta, espezie batzuetarako, plantula egoeran daudenekoa ere bai”, idatzita dago liburuan.
Horrez gainera, argitalpenean erakusten da landare sorotarren erabilgarritasuna, eta azaltzen da landare horiek “biodibertsitatea zaintzen laguntzen dutela, espezie gisa duten balioaz ez ezik ematen dituzten zerbitzu ekosistemikoen bidez: zuzenak, intsektu polinizatzaile, artropodo graniboro eta omniboroentzat, hegazti edo ugaztunentzat elikagai iturri gisa edo ornogabeen habitat gisa; edo zeharkakoak, zenbait organismorekin dituzten elkarreragin trofikoen bidez, hala nola zizare, onddo eta bakterioak”.
Familien eta espezieen fitxa teknikoak
Belar txarren 138 espezieak 35 familiatan multzokatuak daude, eta, aldi berean, alfabetoaren arabera ordenatuak hiru talde taxonomiko handitan: iratzeak, kotiledoibikoak eta kotiledoibakarrak, eta horietako bakoitzaren barruan, espezieak alfabetoaren ordenaren arabera daude jarrita.
Familien fitxek atal hauek dituzte: izena, ezaugarriak, dibertsitatea, giza jardueraren baterako erabilgarriak diren familia horretako espezieak eta barruan dauden belar txarrak, bai eta erabilitako bibliografia ere. Bestalde, espezieen fitxetan agertzen dira izena (arrunta barne), ezaugarriak, forma biologikoak, fenologia, ekologia, laboreak, banaketa eta bibliografia.
Nekazaritzako Elikagaien Teknologia eta Azpiegituretako Nafar Institutuaren (NETANI) aholkularitza teknikoa izan zuten lana egiteko, eta, bestalde, Arrate Iturbek, Cristina Mansok eta Ignacio Serranok landare sorotarrari buruzko informazio bilketan parte hartu zuten NUPeko herbarioan bekadun aritu zirenean. Horrez gainera, liburuan agertzen diren plantuletako batzuk NUPeko Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoaren Praktiketako Etxaldeko berotegietan ernamuindu zituzten.