Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, María López Belloso, Alfonso Carlosena eta Ainara Erice Casado.

Ezkerretik eskuinera, María López Belloso, Alfonso Carlosena eta Ainara Erice Casado.

Doktoretza Tesien Jaime Brunet Sariaren eta Unibertsitateko Jaime Brunet Sariaren 2017ko irabazleek, María López Bellosok eta Ainara Erice Casadok, hurrenez hurren, beren sariak jaso zituzten atzo, maiatzak 9 (asteazkena), Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Alfonso Carlosena erakunde horretako errektore eta Jaime Brunet Fundazioko presidentea izan zen ekitaldiaren burua, eta unibertsitateko eta aipatu fundazioko zenbait agintari ere izan ziren bertan.

María López Belloso Tesien Brunet Sariaren irabazleak “Los procesos de verdad, justicia y reparación a las víctimas de desaparición forzada en el conflicto del Sahara Occidental” izeneko doktoretza-ikerketa bati esker lortu du saria. Lan horretan, giza eskubideen ikuspuntutik aztertu du gatazka, eta arreta berezia eman dio, hain zuzen, indarrezko desagerpenaren delituari. Ikertzailearen iritziz, “egiazko borondate politikoa behar da errealitatea eraldatzeko eta giza eskubideen urraketez betetako iraganarekin hausteko”, eta salatu du “ez dela errespetatu biktimek egia jakiteko duten eskubidea”.

Bestalde, Ainara Ericek aitorpena jaso du “Mutilación genital: relevancia del fenómeno cultural en su tratamiento jurídico-penal” lanarengatik, zeina Leticia Jericó Ojer Unibertsitateko Zuzenbide Saileko irakasleak zuzendu baitu. Azterlan horretan, Afrikako eta Ekialde Ertaineko zenbait herrialdetan indarkeria sexistaren eta sexuan oinarritutako diskriminazioaren molde hori sufritzen duten 200 milioitik gora emakumezkoren egoera azaltzen du Ericek. Indarkeria mota hori debekatu egiten du nazioarteko legeriak, eta zigortu, Espainiakoak. Lanaren egilearen esanean, jardunbide horrek “gizonezkoen mende jarri nahi ditu emakumezkoak”, besteak beste, ohitura, tradizioa, higienea, osasuna eta erlijioa aitzaki hartuta.

Ekitaldira bertaratuak eta Brunet Sariak

Errektoreaz bestalde, ekitaldi instituzionalean egon ziren Inés Olaizola Nogales NUPeko idazkari nagusia, Silvia Arazuri Garín Nekazaritzako Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (NIGMET) zuzendaria eta Leticia Jericó Ojer Ainara Erice Casadoren tutorea. Era berean, ekitaldian parte hartu zuten Javier Blázquez Ruiz, Antonio Gorri Goñi eta Javier Sáinz de los Terreros Goñi Jaime Brunet Fundazioko kideek. Han egon ziren, halaber, Patricia Plaza Ventura NUPeko Zuzenbide Saileko irakaslea, Felipe Gómez Isa Deustuko Unibertsitateko Zuzenbideko irakasle eta María López Bellosoren tesiaren tutorea, baita saridunen senide eta lagunak ere.

Doktoretza Tesien Jaime Brunet Saria iaz eman zen lehenbiziko aldiz, eta bere helburua da giza eskubideekin eta horien defentsa eta sustapenarekin harreman zuzena duen oinarrizko ikerketa-edukia landu duten doktoretza-tesiak aintzatestea. Saria 2.000 eurokoa da, eta irabazleari lana argitaratzen zaio.

Bestalde, Giza Eskubideen eta Garapenerako Lankidetzaren Jaime Brunet Unibertsitateko Saria 2.000 eurokoa da, eta gizabanakoen eskubideen defentsa eta babesa eta garapenerako lankidetzako gaietan hobekuntza eta proposamenak ardatz dituzten gradu eta master amaierako lanak saritzen ditu.

Jaime Brunet Fundazioak, aipatu horiez gain, Giza Eskubideak sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Saria ere ematen du, 36.000 eurokoa, zeina aurten Vicente Ferrer Fundazioari eman baitzaio.