Javier Osés Martínez de Zúñiga industria ingeniariak (Iruñea, 1983) metodo bat diseinatu du altzairu herdoilgaitzarekin egindako elementuetan ugaldu daitezkeen bakterio kaltegarriak eta egon daitezkeen infekzio fokuak ezabatzeko. Haren proposamena oinarritu da gogortasun handiko zeramika-estaldura sail baten garapenean, eta horri bakterioen aurkako metalen kantitate txikiak gehitu zaizkio, hala nola zilarra eta kobrea. Bakterioen aurkako tratamendu hori Nafarroako Industriaren Elkartearen (NIE) instalazioetan garatu dute, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen tesirako, eta tratamenduak hainbat aplikazio ditu, hura gainazal askotan erabil baitaiteke, hasi erabilera komuneko elementuetatik, hala nola iturriak, eskutokiak, barandak edo lauzak, eta beste espezifikoago batzuetara, hala nola kirurgia tresneria edo protesiak.
Bere tesian Javier Osések PVD teknologia (lurrunaren jalkitze fisikoaren siglak, ingelesez) erabili du. Hari esker, mintz meheak jalki daitezke lurrundutako material baten kondentsazioaren bidez gainazal batean, huts altuko baldintzetan. Horrenbestez, estaldura metodo hori prozesu fisiko hutsa da. Teknologia horri esker, garatutako geruzei bakterioen aurkako portaera izateko beharrezkoa den funtzioa eman die beren ezaugarriei eragin gabe. “Erronka nagusia izan da efektu bakterizida egokia lortzea eta ahalik eta gutxien aldatzea propietateak, hala nola gogortasuna eta higadurarekiko erresistentzia”, esan du ikertzaileak. InaMat Material Aurreratuen Institutuko Rafael Rodríguez Trías ikertzaileak zuzendu zuen tesia, eta bikain “cum laude” kalifikazioa lortu zuen.
Bakterioren aurkako efektua
Metalek geruza garatuen propietate mekaniko eta azalekoei eragin ez diezaioten, zein metal ehuneko diren egokiak ikertu zuen Javier Osések. “Egiaztatu da, batetik, nahikoa dela % 1 atomikoa —hots, ehun atomotatik bat metal hori denean— baino txikiagoak diren zilar kantitateak diseinatutako estalduren egituran gehitzea bakterioen aurkako efektu iraunkor bat lortzeko, eta, bestetik, metalak zeramika geruzaren propietate mekanikoetan sortzen dituen aldaketak hutsaren hurrengoa direla —esan du—. Kobreak efektu bakterizida txikiagoa duenez, metal kantitate handiagoak behar dira, eta horiek afekzio arinak sortzen dituzte geruzen propietateetan".
Ikerketa honetan garatutako tratamenduaren ezaugarri nagusietako bat da eskala industrialean aplika daitekeela. “Tratamenduak merkaturatzeko bete beharrekoak diren bi betekizunak betetzen ditu: aktibo dago denbora-tarte luzeetan eta merkea da”, erantsi du.
Aplikazio sanitarioak
Bakterioen aurkako tratamenduaren aplikazioen artean aipatzekoak dira esparru sanitariokoak. “Tratamendu honi esker, nabarmen murriztu daitezke zenbait gaixotasunen kutsadura kasuak eta infekzio nosokomialen ehunekoa minimizatu daiteke. Infekzio horiek ospitale guneetan sortzen dira kirurgia tresnetan eta beste elementu batzuetan dauden patogenoen ondorioz”, azaldu du.
Horrez gainera, altzairu herdoilgaitzezko elementuetan estaldura aplikatu ondoren, ez da detektatu bigarren mailako efekturik erabiltzaileentzat. “Bakterioen aurkako tratamendu horiek zeinahi bakterio ezabatzeko gai dira gizakiarentzat arriskurik sortu gabe”, esan du amaitzeko.
Curriculum laburra
Javier Osés Martínez de Zúñigak Industria Ingeniaritza ikasi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta bosgarren ikasmaila Paduako Unibertsitatean (Italia) ikasi zuen nazioarteko trukeko programa batean. Gero, Materialen eta Fabrikazioaren Ingeniaritzako Master bat egin zuen NUPen, Materialen Ingeniaritzan doktoretza lortu baino lehen.
2008az geroztik, I+G proiektuen (ikerketa eta garapena) ikertzaile eta kudeatzaile lan egin du NIEko Gainazalen Ingeniaritza Aurreratuko Zentroan. Tribologian, fabrikazio prozesuetan eta bakterioen aurkako estalduretan espezializatu da, eta horri esker hogeitik gora eskualde, nazio eta Europako proiektutan parte hartu du.
Ikertzaile gisa, bost artikulu zientifikoren egilea da nazioko eta nazioarteko aldizkarietan, eta zortzi biltzarretan parte hartu du, horietatik hiru nazioartekoak, materialetan eta gainazaletan espezializatutakoak.
Horrez gainera, aurtengo urtarriletik, NIEn egiten duen ikerketa lanarekin batera irakasle elkartu aritzen da Ingeniaritza Sailean, non fabrikazio prozesuekin eta teknologia aurreratuekin lotutako irakasgaiak ematen baititu.