Joseph E. Stiglitz Ekonomiako Nobel saridunak hitzaldi bat emango du Nafarroako Unibertsitate Publikoan, maiatzaren 21ean, astelehena, izenburu honekin: “Capitalism, Inequality and Globalization” ("Kapitalismoa, desberdintasuna eta globalizazioa"). Hitzaldia 9:00etan izango da, Fernando Remacha aretoan (Iruñeko campuseko Sario eraikina). Ingelesez izango da, eta bertara joateko izena eman behar da aldez aurretik horretarako berariaz prestatu den inprimakiaren bidez.
Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateak antolatu du saioa; alabaina, Alba María Del Villar Olano doktoretzako ikasleak gonbidatuta dator Stiglitz irakaslea, ikasle hau harremanetan jarri zelako Stigliztekin Columbiako Unibertsitatean (New York, Estatu Batuak) egin zuen ikerketa egonaldi batean. Ramón Gonzalo García Ikerketako errektoreordeak eta Alba Del Villarrek berak aurkeztuko dute aditua.
Joseph E. Stiglitzen ibilbidea, laburki emanda
Joseph E. Stiglitz Columbiako Unibertsitateko irakaslea da. Horretaz gain, gaur egun Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko (ELGA) “High-Level Expert Group on the Measurement of Economic Performance and Social Progress” (Garapen Ekonomikoa eta Gizarte Aurrerakuntza neurtzen dituen Goi Mailako Adituen Taldea) taldeko buruetako bat da, eta Roosvelt Institutuko ekonomilari nagusia. 2001ean Ekonomiako Nobel Saria irabazi zuen (ofizialki esanda, Suediako Bankuaren Ekonomia Zientzien Saria, Alfred Nobelen omenez), eta John Bates Clark domina 1979an (Ekonomiako Estatu Batuetako Elkarteak ematen duen saria); Munduko Bankuko buruorde seniorra eta ekonomilari-burua izan zen, eta Estatu Batuetako Presidentearen Aholkulari Ekonomikoen Kontseiluko kide eta buru-ohia, Bill Clinton presidentea zenean.
2000. urtean “The Initiative for Policy Dialogue” delakoa eratu zuen. Hau nazioarteko garapenari buruzko aditu talde bat da, egoitza Columbiako Unibertsitatean duena. 2011n “Time” aldizkariak munduan den 100 pertsona garrantzizkoenetako bat dela izendatu zuen. Informazio asimetrikoari buruz egin zuen lan aitzindariarengatik famatu zen, eta bere ikerketa-gaiak hauek izan dira: diru-sarreren banaketa, arriskua, gobernu korporatiboa, politika publikoak, makroekonomia eta globalizazioa. Erreferentziazko hainbat liburu egin du, baita "bestseller" batzuk ere. Hauek dira idatzi dituen azkenak: “Globalization and Its Discontents Revisited”, “The Euro”, “Rewriting the Rules of the American Economy” eta “The Great Divide”.