Amagoia Tellechea Pereda (Betelu, Nafarroa, 1986) telekomunikazio ingeniariak bi antena prototipo diseinatu ditu komunikazio sateliteetarako. Antena hauen ezaugarriak dira arinagoak direla, erabili ohi direnak baino txikiagoak direla eta aurrezki garrantzizkoa dakartela espazio industriarako. Izan ere, hori dela-eta, industria horrek dagoeneko bere interesa erakutsi du. Ikertzaileak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defenditu duen bere doktoretza tesian egin du ekarpen hau, eta horretarako Europako Espazio Agentziarekin, Sienako Unibertsitatearekin (Italia) eta EADS Astrium espazio-ekipoen fabrikatzailearekin (Frantzian du egoitza) lankidetzan aritu da.
Amagoia Tellecheak azaltzen duen bezala, "espazio industriak gero eta antena arinagoak bilatzen ditu, horrek nabarmen merkatzen dituelako satelite-jaurtiketak". Azken urteetan, eremu honetan aurrerapenak izan dira, zenbait teknologiaren garapenari esker, esaterako, partzialki islatzaileak diren gainazaletan oinarritzen diren antenak (PRS, ingelesezko sigletan), edo metagainazaletan oinarritzen diren antena ultrafinak (hauek egitura artifizial batzuk dira, naturan aurkitzen ez diren ezaugarriak izateko diseinatutakoak).
Hala, bere tesian, ikertzaileak partzialki islatzaileak diren gainazaletan oinarritzen den teknologia erabili du tracking, telemetria eta kontrolerako pentsatutako satelite baten antena optimizatzeko. Horretarako erabiltzen diren sateliteak giltza dira beste satelite batzuek ongi funtzionatzeko, esaterako GPSak, orbitan daudenak, batez beste Lurretik 20.000 kilometrora. "Tracking, telemetria eta kontrolerako sistemen funtzio nagusiek zerikusia dute sateliteen azpisistemen monitorizazioarekin, esaterako motorrak piztu eta itzaltzearekin, eguzki panelak zabaltzearekin eta abar. Gainera, sateliteen orbiten parametroak kontrolatzen dituzte, eta Lurreko kontrol zentroekiko komunikazioa gainbegiratzen dute, hutsak atzeman eta irtenbideak bilatzeko”, esan du Amagoia Tellecheak, zeinak tesia NUPeko Antenen Ikerketa Taldean egin baitu, Ingeniaritza Elektriko, Elektroniko eta Komunikazio Ingeniaritza Saileko bi irakaslek eta aldi berean Smart Cities Institutuko ikertzailek gainbegiratuta (ISC): Juan Carlos Iriarte Galarregui eta Ramón Gonzalo García katedraduna.
Irtenbide lau, arin eta merkea
Tesian teknologia hau erabiliz garatu den prototipoa irtenbide lau, arin eta merkea da. Honela dago osatua: masa metaliko plano bat, erdian elementu erradiatzailea duena, eta gainazal islatzaile bat goiko aldean. Diseinuak irabazia handiagotzen duen hutsune erresonante bat sorrarazten du. Antena honek balio du askoz ere konplexuagoa den eta askoz ere bolumen handiagoa duen sistema konbentzional bat ordezkatzeko, adabaki motako 27 antenak osatua.
Tesiaren bigarren partean, egileak metagainazalen teknologia berritzailean oinarritutako satelite-antena bat diseinatu du; teknologia hau telebistan, interneten edo radarretan erabiltzen da, eta Ku bandan aritzen da (mikrouhinen lerrunean kokatzen den espektro elektromagnetiko ez ikusgarriaren zati bat). Lana Sienako Unibertsitateko Elektromagnetismo Aplikatuaren Taldearekin lankidetzan egin da, talde hau aditua baita metagainazalen eremuan, eta lehen aldiz aintzat hartu du polarizazio zirkular bikoitza ematen ahal duen metagainazaleko antena baten modelatu teorikoa, inplementazioa eta fabrikazioaren xehetasun guztiak. Doktoreak egin duen diseinu berriak metagainazaleko antena berritzaile bat erakusten du, polarizazio zirkular bikoitza ematen ahal duena, eskuinera eta ezkerrera. Horrela bermatzen du sateliteen eta Lurreko estazioen arteko komunikazioak sendoak eta askotarikoak izango direla.
Proposatzen den antena hau eroankortasun elektriko txikiko material batekin egin da (dielektriko izena duena), eta horri esker, lortu da milimetro bateko lodiera baino ez duen konfigurazio bat. Irtenbide hau esperimentalki balioztatu da, eta erakutsi da erabiltzen ahal dela gaur egun aipatu Ku bandako aplikazioetan erabiltzen diren bi antena ordezkatzeko. Honelako antenak sartzeak satelite sistemetan aurrezki handia dakarkio espazio industriari. Horregatik, nazio eta nazioarteko konpainiek interes handia erakutsi dute honelako antenetan.
Curriculum laburra
Amagoia Tellechea Peredak Telekomunikazio Ingeniaritza eta Komunikazioetako Masterra egin zituen NUPen, hurrenez hurren, doktoretza tesia defenditu baino lehen. Tesiak bikain "cum laude" kalifikazioa lortu du. Tesian egin duen lanaren emaitza, lau artikulu argitaratu ditu indexatuta dauden aldizkarietan, hamabi komunikazio aurkeztu ditu nazioarteko biltzarretan (horietatik bost gonbidatu moduan), eta beste bost nazioko biltzarretan. Gainera, hamarren bat ikerketa proiektutan parte hartu du, Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak eta Nafarroako Gobernuak finantzatuta, baita beste batzuetan ere, Europako Espazio Agentziarekin lankidetzan.
Bere curriculumean nabarmentzen da gertakari hau: Telekomunikazio Ingeniaritza ikasketak bukatzeko egin zuen ikasketen amaierako proiektuak, 2012an, bi sari irabazi zituen: Telekomunikazio Ingeniarien Elkargoak ematen duen kategoria horretako ikasketen amaierako proiektu onenaren saria irabazi zuen, eta Telekomunikazio Ingeniarien Nafarroako Elkarteak ematen duen hirugarren saria.