Joan eduki nagusira

zoom Argitalpenaren egilea, Beatriz Rodríguez Sanz de Galdeano.

Argitalpenaren egilea, Beatriz Rodríguez Sanz de Galdeano.

Beatriz Rodríguez Sanz de Galdeano Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zuzenbide Pribatuko Saileko irakasleak liburu bat argitaratu berri du, “Desplazamiento y Traslado de Trabajadores al Extranjero. Régimen laboral y de Seguridad Social y cuestiones de competencia judicial” izenburukoa. Thomson Reuters Aranzadi argitaletxearekin argitaratu du, eta hitzaurrea José Luis Goñi Sein NUPeko katedradunak idatzi du. Argitalpena Jean Monnet laguntzen bidez finantzatu da, eta irakasleak NUPen zuzentzen duen gai berari buruzko proiektu baten parte da, “Aditua Europar Batasuneko langileen zirkulazio askean” titulu berekiarekin batera.

  Lana formatu bikoitzean editatu da (liburua paperean eta formatu elektronikoan dator), eta “Monografías Aranzadi” bildumaren parte da, “Aranzadi Derecho Laboral” multzoaren barruan. Liburuaren helburua langileak atzerrira lekualdatzearen zenbait alderdi aztertzea da, lanari eta Gizarte Segurantzari dagokienez. Izan ere, argitalpenean azaltzen den moduan, “azken urteetako testuinguru ekonomiko eta sozialak bidea­ eman du Espainiako enpresetako langile gehiago beste herrialde batzuetara mugi zitezen”. “Globalizazio ekonomikoak enpresentzat dakartzan aukeren eraginez, krisialdi ekonomikoaren ondorioekin batera, enpresek beren jarduketa eremua hedatu­ dute, eta beren buruari helburu estrategiko gisa ezarri diote ekoizpena beste herrialde batzuetan garatzea eta gure mugetatik haraindi merkatu berriak zabaltzea”, adierazten da.

Ikuspuntu juridiko batetik, argitaletxeak azaltzen duen moduan, langileak atzerrira mugitzearen­ fenomeno berri horrek gorabehera juridiko handiak ekartzen­ dizkie enpresei, eta argitalpena horiei erantzuna ematen saiatzen da, lege indardunen analisitik abiatuta eta auzitegiek nola aplikatzen dituzten kontuan hartuta. Hala, enpresek lehenik eta behin aztertu behar dute nola antolatu behar­ duten mugikortasun fenomeno hori kontratuen aldetik. Bigarrenik pentsatu beharrekoa da zein den atzerriratzeak iraun bitartean lan kontratuari aplika dakiokeen araudia. Halaber, beharrezkoa da ebaztea­ zein ondorio juridiko dauzkan, Gizarte Segurantzari dagokionez, langileak atzerrira joateak. Eta azkenik, arazo bereziak izaten dira atzerriratze egoera bukatu eta beharrezkoa denean langilea aberriratzea eta, hala badagokio, berriz lanpostuan kokatzea.

Kontratua, lan baldintzak eta gizarte segurantza

Aipatutako guztiarengatik, egileak aztertu du nola antolatzen den lekualdaketa edo atzerriratzea kontratuen aldetik, eta zein diren lanari eta Gizarte Segurantzari dagozkien baldintzak atzerrian egon bitartean. Horretarako, hain zuzen, zeharkako ikerketa bat egin du langileak beste herrialde batera mugitzeak dakartzan gorabehera guztiei buruz, lanaren, Gizarte Segurantzaren eta nazioarteko epai eskumenaren inguruan.

Argitalpenak ekarri dituen berritasunen artean daude, besteak beste, atzerrira lekualdatutako langileek dauzkaten aukera guztiak aurkeztea, enpresa-taldean barrena zirkulatzeari buruzko fenomenoetan sakontzea, eta Erroma I arautegia eta Lekualdatutako Langileei buruzko Zuzentaraua sakonki aztertzea, Betetzeko Bermeari buruzko 2014ko Zuzentaraua barne. Liburuak, gainera, auzitegien doktrina garrantzitsu eta berriena dakar berekin, nazioarteko lan kontratuari aplika dakiokeen legediari eta atzerriratzearen amaieraren ondorioei buruz. Azkenik, Gizarte Segurantzaren alorrean indarrean diren hitzarmenak ere jaso ditu.