Joan eduki nagusira

zoom María López Belloso, sariduna.

María López Belloso, sariduna.

María López Belloso Deustuko Unibertsitateko ikerketa-aholkulariak irabazi du Doktoretza Tesien Jaime Brunet II. Saria “Egia, justizia eta eragindako kaltea ordaintzeko prozesuak Mendebaleko Saharako gatazkan indarrez desagerrarazitako biktimentzat” izeneko lanarengatik. Saria Jaime Brunet Fundazioak eman du (Nafarroako Unibertsitate Publikoan, NUPen, du egoitza). Sariak 2.000 euro banatzen ditu, eta lana argitaratzeko aukera. Bere helburua da giza eskubideekin eta horien defentsa eta sustapenarekin harreman zuzena duen oinarrizko ikerketa-edukia landu duten doktoretza-tesiak aintzatestea.

Tesia 2017an defendatu zuen ikertzaileak Deustuko Unibertsitatean, eta Felipe Gómez Isa eta Carlos Martín Beristain irakasleak izan zituen zuzendari. Tesian, giza eskubideen ikuspegitik aztertzen du ikertzaileak Mendebaldeko Saharako “gatazka ahaztutzat” jotzen duen liskarra, eta, bereziki, indarrez desagerraraztearen delitua. María López Bellosok Mendebaldeko Saharako gatazkaren inguruko ikerketa-talde batean parte hartu zuen, eta horren emaitza gisa “El Oasis de la Memoria” liburua argitaratu zuten. Tesian, indarrez desagerrarazitako 95 kasu analizatu ditu ikertzaileak, horietatik 86 aipatu berri dugun liburuan daude jasota, eta gainerakoak “Meheris: la esperanza posible” argitalpenean. Ikertzailearen iritziz, “egiazko borondate politikoa behar da errealitatea eraldatzeko eta giza eskubideen urraketez betetako iraganarekin hausteko”, eta salatu du “ez dela errespetatu biktimek egia jakiteko duten eskubidea”. María López Bellosok espero du tesiaren emaitzak baliagarriak izatea biktimek beren eskubideak defenda ditzaten nazioarteko instantzietan eta Espainiako Auzitegi Nazionalean.

Jaime Brunet Fundazioak, sari horretaz gain, Jaime Brunet Nazioarteko Saria eta Jaime Brunet Unibertsitate Saria ere ematen ditu. Azken hori graduko eta masterreko ikasleentzat da. 2017ko deialdian, lehen saria Vicente Ferrer Fundazioari eman diote duela gutxi; bigarrena, berriz, Ainara Erice Casado ikasleari.

María López Bellosoren curriculum laburra

María López Belloso (Santurtzi, Bizkaia, 1979) doktore da Deustuko Unibertsitatean “Giza eskubideak: erronka etikoak, sozialak eta politikoak” izeneko programan. Zuzenbidean lizentziatu, eta Nazioarteko Laguntza Humanitarioko Masterra egin zuen unibertsitate horretan bertan. Nazioarteko Zuzenbide Publikoko Ikasketa Aurreratuen Diploma eman zioten Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta Eusko Jaurlaritzaren doktoretza aurreko beka bat ere bai, zeina Hegoa Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari Buruzko Ikasketa Institutuan gauzatu baitzuen. Irakasle ere izan da Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean.

Gaur egun, López Belloso ikerketa-aholkulari da Deustuko Unibertsitateko Ikerketako eta Transferentziako Errektoreordetzan (Bizkaia), eta Generoaren Diziplinarteko Plataforma dinamizatzen du. Gainera, zortzi argitalpen zientifiko idatzi, eta dozena bat lan aurkeztu ditu Espainiako eta nazioarteko biltzarretan giza eskubideei, feminismoari eta nazioarteko lankidetzari buruz.