Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), gaur, asteazkena, apirilak 25, 178 doktore berri inbestitzeko ekitaldia egingo da. Doktore berriek lortu dute doktoretza 2016ko urtarrilaren 1etik 2017ko abenduaren 31ra bitartean. Ekitaldia 18.30etik aurrera egingo da, Iruñeko Arrosadiko campuseko Sario eraikineko Fernando Remacha Aretoan. Juan María Vázquez Rojas Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioko Zientzia eta Berrikuntzako idazkari nagusia izango da doktoreen aitabitxia.
Ekitaldian hitza hartuko dute Alfonso Carlosen errektoreak, José Miguel Múgica Grijalba Nafarroako Doktoretza Eskolako (NADOE) zuzendariak eta Juan María Vázquez aitxabitxiak. Ekitaldian agintari akademiko gorenak eta Foru Komunitateko agintari gorenak egongo dira.
Aitabitxiaren biografia
Juan María Vázquez (Águilas, Murtzia, 1964) Albaitaritzan doktorea da Murtziako Unibertsitatean, non 2009an Animalia Medikuntza eta Kirurgiako katedra lortu baitzuen irakasle aritu ondoren 1991tik aurrera. Britainia Handiko Cambridge hiriko Babraham Instituteko ikertzaile bisitaria izan da, eta Murtziako Unibertsitateko kudeaketa kargu batzuetan jardun du: Albaitaritza Fakultateko idazkaria (1996-2000), Ikerketa erretoreordea (2006-2012) eta Campus Mare Nostrum Nazioarteko Bikaintasun Campusaren koordinatzailea (2009-2012). Halaber, Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziaren I+G Arloko Batzordearen idazkari nagusia izan da (2011-2012). Batzorde horretan ikerketa errektoreordeak biltzen dira.
Esparru politikoan, Juan María Vázquez Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioaren Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko zuzendari nagusia (2012-2014) eta Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioko Unibertsitateen idazkari nagusia (2015) izan da. Halaber, Alderdi Popularreko diputatu hautatu zuten Murtzian Diputatuen Kongresurako 2016an hasitako bi legegintzaldietan: XI.a (urtarriletik uztailera) eta XII.a (uztailetik, bere postua urte horretako azaroan utzi bazuen ere). Denbora tarte horretan, Unibertsitateen eleduna izan zen Hezkuntza eta Kirol Batzordean.