Moncho Ferrerrek, Vicente Ferrer gobernuz kanpoko erakundea sortu zuten Vicente eta Anna Ferrerren semeak, jasoko du gaur arratsaldean Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) Giza Eskubideak sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Saria “Indian pobrezia desagerrarazteko eta pertsona guztien oinarrizko eskubideak defendatzeko egindako lanagatik”. Ekitaldia 18:30ean hasiko da Iruñeko Arrosadiko campuseko Errektoretza eraikinean. Ekitaldiko burua Alfonso Carlosena errektorea izango da, eta bertan egongo dira Foru Komunitateko agintari nagusiak ere.
Vicente Ferrer Fundazioaren ordezkari eta programen arduradunak eskolak eman dizkie gaur goizean Gizarte Laneko Graduko ikasleei, eta NUPeko Urrezko Liburua sinatu du. NUPeko bisitari amaiera emateko, 36.000 euroko saria jasoko du arratsaldean, baita Carlos Ciriza eskultorearen pieza bat ere. Atzo, bestalde, Uxue Barkos Nafarroako lehendakariarekin elkartu zen.
Jaime Brunet Nazioarteko Sariaren epaimahaiak Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, 2017ko abenduaren 11n, eman zuen ezagutzera erabakia, eta aipagarria da “Lurreko bazter pobreenetako batean diskriminaziorik handiena jasaten dutenen, hots, eta dalit edo ukiezinen, eskubideen alde 40 urtez baino gehiagoz egindako lan goresgarriarengatik” eman diotela saria Fundazioari. Zehatz-mehatz, epaimahaikideek “ikuspegi integral batetik egindako lana” azpimarratu dute, “hezkuntza, osasuna, etxebizitza, basamortutzearen kontrako borroka eta emakumezkoen eta desgaitasunen bat dutenen sustapena barne hartu dituen lana”. “Sari honekin, laguntza jasotzen duten komunitateak ahaldundu izana aitortu nahi zaio Fundazioari; modu horretan, izan ere, komunitate horiek beren eraldaketaren protagonista bihurtzen dira, asoziazionismoa eta elkarlana bultzatzen da, bai eta laguntza jaso dutenek beren etorkizunarekin duten erantzukizuna ere”, dio erabakiak.
Saritutako GKEaren historia
Vicente Ferrer Fundazioa garapenerako gobernuz kanpoko erakunde bat da, eta Indiako leku pobre eta behartsuenetako bat eraldatzeko prozesuan dihardu: Andhra Pradesh eta Telangana estatuetako komunitate ahulenak eta baztertzeko arrisku handiena dutenak, baita dalitak, talde tribalak eta kasta babesgabeenak ere, aldatzeko proiektuetan. Vicente Ferrer Fundazioak Espainiatik eta Indiatik lan egiten du, eta Vicente Ferrerrek (Bartzelona, 1920) sortu zuen. Hil zenean, 2009an, haren emazte Anna Ferrerrek hartu zuen haren lekukoa, eta erakundearen burua da gaur egun.
Fundazioa erakunde humanista bat da, ekintzaren filosofia du oinarri, eta desparekotasunak errotik kentzearekin eta gizarte osoa sentsibilizatzearekin konprometituta dago. Gaur egun, bi milioi eta erdi lagunek baino gehiagok jasotzen du Fundazioaren garapen integralerako programaren laguntza, 125.473 haur daude babesean hartuak, 1.796 laguni ematen diote osasun-arreta egunero Fundazioaren ospitaleetan, eta 96.324 laguni eman zaio arreta landa-inguruneko hamasei klinikatan. Orotara, 3.235 herritara heltzen da gobernuz kanpoko erakundea.
Giza baliabideei dagokienez, garapenerako GKEan Indiako 2.837 lagunek lan egiten dute (langileen % 98 Indiakoak dira, eta langile finkoen % 46,42 emakumezkoak), 108 lagun ari dira Espainian, eta hilean, batez beste, 26 boluntario ari dira urte osoan.
Jaime Brunet Fundazioa eta Saria
Jaime Brunet Fundazioa kultura-fundazio pribatua da, eta bere helburuak dira giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak errotik kentzea. Hainbat jardueraren artean, Jaime Brunet Romero sarirako deialdia egiten du, saritzeko giza baliabideen sustapenean nabarmendu den zientzia-lan, literatura-lanedo ikus-entzunezko lan bat edo gizabanako edo erakunde baten ibilbidea. Guztira, Fundazioak 1998. urtetik hamazazpi Jaime Brunet Nazioarteko sari eman ditu; azkena, 2015ean, Thelma Esperanza Aldana Hernández Guatemalako fiskal nagusi eta bertako Justizia Auzitegi Nagusiko lehendakari ohiari.


Ezkerretik eskuinera: Inés Olaizola, NUPeko idazkari nagusia; Moncho Ferrer, sariduna, eta Alejandro Torres, Jaime Brunet Fundazioko patronatuaren ordezkari eta epaimahaiko idazkaria.
Jaime Brunet Romero (Baiona, Frantzia, 1926 - Donostia, Gipuzkoa, 1992) XVIII. mendean Gipuzkoara etorri zen ekintzaile kataluniarren familia batean jaio zen. Gipuzkoan, industria-jarduera garrantzitsua egin zuten. Bizi zuen aldiarekin kritikoa zen jarrera liberal eta kritikoarekin hezi zuten. Aitak bideratu zuen Zuzenbide ikasketetara. Jaime Brunet Goitia, bere aita, Alderdi Errepublikanoaren burua eta Udaleko alkateordea izan zen Donostian, non bere aitona eta birraitona alkate izandakoak baitziren lehenago. Valladolideko Unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta han irakasle laguntzaile ibili zen.
Irakurtzeko zaletasunaz gainera, hizkuntzak ikasteko grina ere bazeukan, eta, horri esker, hogeita hamar herrialdetan baino gehiagotan ibili zen, orduko zailtasunak gorabehera. Bidaia horietan, aitortzen zuenez, ohartu zen eta ulertu zuen nolako erraztasunarekin urratzen diren egunero gizakiaren oinarrizko eskubideak.
Bere bizitzako azken urteetan, giza eskubideen egoerarekiko sentsibilitatea eta herritarraren askatasunaren defentsa izan zituen etengabeko kezka. Ondorengo zuzenik izan ez zuenez, eta bidegabekerien aurka oldarrarazten zuten sentimenduek bultzatuta, erabaki zuen bere ondarea oinordetzan uztea, hiltzen zenean bere izena izango zuen fundazio bat sortzeko, eta giza eskubideen alde egindako lanarengatik aitorpena jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzeko. Hala bada, Jaime Brunet Romero Fundazioa sortu zen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ezarri zen egoitza, testamentuaren bidez jasotako borondateari jarraituz.