Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Laetoli argitaletxeak “¿Qué es la tecnología?” dibulgazio-liburua argitaratu dute. Galdera horri ikuspegi filosofiko, historiko eta soziologikotik erantzuten dio, eta sakondu egiten du teknologiaren eta zientziaren arteko erlazioan. Dominique Raynaud Grenoble-Alpes Unibertsitateko (Frantzia) irakasleak idatzi du liburua, eta Mario Bunge Argentinako fisikari eta zientziaren filosofoak, berriz, hitzaurrea.
Liburuan, lehenik eta behin, teknologia eta zientzia bereizten dira: lehenak gailuak diseinatzen ditu erabilgarritasun praktikoaren bila; bigarrenak, aldiz, errealitatea ikertzen du dagoen horri buruzko egiak bilatzeko. Nolanahi ere, lotura estua dute bi arlo horiek: zerbaitengatik erabiltzen du teknologiak zientzia intentsiboki. “Liburuak tesi hau baieztatzen du: teknologia aurreratuak puntako zientzia darabil, eta ez alderantziz”, dio hitzaurrean Mario Bungek, McGill Unibertsitateko (Montreal, Kanada) Logika eta Metafisikako irakasle emerituak, eta: “Raynauden ustez, teknologiarentzat berarentzat ere ‘kaltegarria’ da oinarrizko ikerketari ez, baizik eta ‘garapenari’ —teknologiaren itzulpenari— lehentasuna emateko politika utilitarista, berrikuntza teknologiko guztiek erabiltzen baitituzte oinarrizko ezagutzak”.
Faktore demografikoa
Dibulgazio-obrak teknologiak planteatutako arazoen ikuspegi oso bat eskaintzen du, zientziaren eta teknologiaren erlazioaren alderdi filosofiko, profesional, legal eta komunikaziozkoak xeheki aztertuz, eta desmuntatu egiten du “teknozientzia” terminoa darabilten zenbait pentsalariren tesia, hots, zientziaren eta teknologiaren bereizketarik eza edo fusio geroz eta handiagoa aldarrikatzen dutenena. Aipatu beharra dago Dominique Raynaudek berak itzuli duela lana frantsesetik gaztelaniara. Azkenik, zientziari eta teknikari buruzko bibliografian azaldu ohi ez den alderdi bat aipatzen du idazleak: faktore demografikoa. Izan ere, profesional zientifiko eta teknikoen kopurua sei aldiz arinago ari da hazten munduko biztanleria baino, eta horrek azaltzen ditu gizarte aurreratuetako zientziaren eta teknologiaren alderdi jakin batzuk: artikulu-sinatzaileen kopurua handitzea, ikerketa-taldeak handiagoak izatea, finantziazioa areagotzeko beharra, erakunde profesionalen eta argitalpenen ugaritzea eta abar.
NUPek eta Laetoli argitaletxeak dibulgazio zientifikoko bilduma bat dute, “Las dos culturas”, eta bildumako 28. zenbakia da liburu hau, zeina 22 euroan baitago salgai. Bildumaren helburua da publiko zabal bati jakintza zientifikoa helaraztea, eta “bi kulturak” (letrak eta zientziak) atzean uzten laguntzea kultura bakar batean elkartzeko: hirugarren kultura sintetiko batean, hain zuzen, gure kulturan.
Egilearen biografia
Dominique Raynaud (Narbona, Frantzia, 1961) arkitektoa da formazioz, bai eta zientziaren historialari eta soziologoa ere. Berak egindako ikerketa gehienen gaiak geometria, optika, perspektiba lineala eta diseinuaren zientziak izan dira, eta teoriaren eta praktikaren (matematizazioa eta aplikazioa) erlazioa azpimarratu izan du. Gizarte zientzien epistemologiari buruzko argitalpenak ere baditu.
Liburu berrienen artean, aipatzekoak dira: “A Critical Edition of Ibn al-Haytham’s On the Shape of the Eclipse” (Springer, 2016), kamera ilunaren lehen ikerketa matematiko-esperimentala dokumentatzen duen lana; “Scientific Controversies. A Socio-Historical Perspective on the Advancement of Science” (Transaction Publishers, 2015), zientziaren soziologia erlatibista-konstruktibistaren mugak erakusten dituena artxibo-dokumentuetan oinarrituz; eta “Optics and the Rise of Perspective. A Study in Network Knowledge Diffusion” (The Bardwell Press, 2014), Erdi Aroko unibertsitateek osatutako sarean optika nola zabaldu zen ikertzen duen lana. “Géométrie pratique. Géomètres, ingénieurs, architectes XVIe-XVIIIe siècle” (Presses Universitaires de France-Comté, 2015) lanaren editorea ere izan da.