Joan eduki nagusira

zoom Luis Carlos Saiz Fernández, doktore berria NUPen.

Luis Carlos Saiz Fernández, doktore berria NUPen.

Gaixotasun kardiobaskularra duten hipertentsiodunei ohikoa baino baxuagoa den arterietako tentsioaren helburu bat aholkatzeak ez dakar onura kliniko garbirik, heriotzei, gertaera kardibaskularrei eta beste kalte larri batzuei dagokienez.  Hala egiaztatu zuen Luis Carlos Saiz Fernández farmazialariak (Las Palmas Kanaria Handikoa, 1972), Osasunbideko (SNS-O) Berrikuntza eta Antolakuntza Ataleko kideak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako doktoretza tesian. Haren ikerketan lau saiakuntza kliniko egin zituen  ia 8.000 parte-hartzailerekin.

“Gaixotasun kardiobaskularrak dituzten pertsona asko, hala nola miokardioko infartua, bularraldeko angina, iktusa edo hodietako gaixotasun periferikoa, hipertentsiodunak ere badira —esan du Luis Carlos Saizek. Haren doktoretza-tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa erdietsi du—. Gida klinika batzuek aholkatzen dute 135 / 85 mmHg edo txikiagoa den arterietako tentsio bat izatea gaixotasun kardiobaskularra duten hipertentsiodunetan, helburu estandarragoa ezarri beharrean, zeina 140-160 / 90-100 mmHg edo txikiagoa baita. Orain arte ez dago argi arterietako tentsioaren helburuekin erasokorragoa izatea estrategia hoberena ote den populazio zehatz horrentzat".

Hori dela-eta, Luis Carlos Saizek proba zientifiko guztiak ebaluatu zituen, galdera kliniko honi erantzuten ziotenak: gaixotasun kardiobaskularra zuten hipertentsiodunetan onartu ohi dena baino txikiagoa den arterietako tentsioaren helburu bat izan behar ote zen edo ez.  Haren azterketan, lau saiakuntza kliniko egin ziren 7.938 parte-hartzailerekin. “Parte-hartzaileei jarraipena egin zitzaien, batez beste 3,7 urtetik 4,7 urtera”, esan du tesiaren egileak. Juan Erviti López Osasunbideko Berrikuntza eta Antolakuntza Ataleko buruak zuzendu du tesia.

Ikerketan  “erabilgarri zeuden saiakuntza guztien datuak bildu, heriotza tasari dagokionez emaitzak eta arterietako tentsioaren helburu intentsiboaren aurkako gertaerak estandarrarekin konparatu, eta haien artean alderik bazegoen edo ez ondorioztatu zuten”, doktore berriak azaldu duenez.

Ondorio nagusiak

Azterketan, “ez zen alderik aurkitu parte-hartzaileen heriotza-tasan helburu intentsibo baten estrategia estandarrarekin konparatzean”. “Helburu intentsiboaren aldeko azken onura esanguratsua izan zen gertaera kardiobaskular osoen jaitsiera arin bat, batez ere, miokardioko infartuak eta burmuineko infartuak —erantsi du—. Nolanahi ere, gertatutako  gertaera larrien kopuru osoa kontuan hartu zenean,  —heriotzak, gertaera kardiobaskularrak eta beste kalte larri batzuk—, ez zen egiaztatu onura kliniko garbirik. Hori dela-eta, proba zientifiko hoberenak aztertu eta gero, lortutako datuek ez dute babesten arterietako tentsioaren helburu intentsibo bat aholkatzea gaixotasun kardiobaskularra duten gaixo hipertentsiodunetan. Nolanahi ere, egun abian dira zenbait saiakuntza kliniko, etorkizunean ondorio horiek alda ditzaketenak”.

Curriculum laburra

Luis Carlos Saiz Farmazian lizentziaduna da (orientazio kliniko-sanitarioa), Graduko sariarekin, Salamancako Unibertsitatean; Ospitaleko Farmazian espezialista, Getafeko Unibertsitate Ospitalean (Madril) eskuratu zuen prestakuntza; diplomaduna farmaekonomian eta sendagaien erabileraren analisian Osasuneko Eskola Nazionalean eta Carlos III Osasun Institutuan; eta Zientzietan doktorea NUPen. Osasunbidean lan egin baino lehen, Lehen Arretako farmazialaria izan zen Madrilgo Osasun Zerbitzuan.

Luis Carlos Saizek hogei bat ikerketa artikulu idatzi ditu argitalpen zientifikoetan eta “Manual del Farmacéutico de Atención Primaria” liburua. Finantzaketa publikoa duten bi proiekturen ikertzaile nagusia da eta hogei komunikazio zientifikoren egilea biltzar nazionaletan. Horretaz gainera, “International Society of Drug Bulletins” batzorde betearazleko eta Osasunbideko “Nafarroako Informazio Farmakoterapeutikoari Buruzko Buletina” (Bit) izenekoaren idazketa batzordeko kidea da. 2013an, Populazio Pediatrikoari buruzko Lehen Arretako Osasun Ikerketako Idea Hoberenaren Saria lortu zuen INbIdea 1. lehiaketan. Navarrabiomedek (Nafarroako Gobernuaren eta NUPen arteko ikerketa biomedikoko bitariko zentroa).