Joan eduki nagusira

zoom 2016ko irabazleari, Reprieve GKE britaniarrari, saria emateko ekitaldia, 2017an eginda.

2016ko irabazleari, Reprieve GKE britaniarrari, saria emateko ekitaldia, 2017an eginda.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Brunet Fundazioak "Giza Eskubideak sustatzeko Jaime Brunet 2018ko Nazioarteko Sariaren" deialdia egin du, giza eskubideen defentsa sustatu eta hedatzeko, eta pertsonen duintasunaren aurka egiten duten egoera eta tratu krudelak edo iraingarriak behingoz amai daitezen laguntzeko.

Saria 1998. urtetik aurrera eman da, eta Giza Eskubideen aldeko lan edo ibilbide osoa saritu nahi du. Hautagaitzak 2018ko irailaren 30 baino lehen aurkeztu behar dira, helbide elektroniko honetan: fundacion.brunet@unavarra.es.

Saria eskuratzen duenak 36.000 euroko eskudiruzko ordainketa jasoko du, baita diploma eta irudi bat ere. Saria jasotzeko aukera dute pertsona fisikoek, lan taldeek eta erakundeek edo organismoek, zein den ere beren egoera edo nazionalitatea. Interesdunek berek edo bestelako pertsona edo erakunde batek eskatuta hautagaitzak, espainieraz, euskaraz, frantsesez edo ingelesez aurkezteko modua izango da, Fundazioaren webgunean eskuratzen ahal den eredu ofiziala erabiliz. Oinarriak ere han daude, nahi dituenaren esku. Proposamenek txosten arrazoitu bat eduki beharko dute, eta egoki jotzen diren hautagaitzaren aldeko iritziak aurkezten ahal dira.

Jaime Brunet Fundazioak izendaturiko epaimahai batek aztertuko ditu proposamenak. Epaimahaia Nafarroako Unibertsitate Publikoan bilduko da. Brunet Sariaren erabakia abenduaren 10ean aldarrikatuko da, horixe baita Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren urteurrena ospatzeko eguna. Erabakia apelaezina izango da.

Aurreko deialdietako saridunak

Saria, 1998an sortua, Brunet Fundazioak ematen du. Erakunde hori Jaime Brunet Romero jaunak sortu zuen, eta haren helburua da giza eskubideak hedatzea, eta beren alde egindako lanarengatik aitorpen hau jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzea. Jaime Brunet jaunak bere ondasun guztia fundazio horri eman zion, eta haren kudeaketa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren esku utzi zuen. Fundazioan beste pertsonalitate batzuek ere parte hartzen dute.

Azken edizioan Fundación Vicente Ferrer (FVF) gobernutik kanpoko erakundeak irabazi zuen saria, "Indiako pertsona guztien oinarrizko eskubideen defentsaren alde egin duen lanarengatik" eta, zehatzago esateko, "bazterkeriarik handiena pairatzen duten komunitateen eskubideen alde 40 urtean baino gehiagoan egin duten lanarengatik, esaterako dalit edo ukiezinen alde, planetako eskualde pobreenetako batean”, epaimahaiak erabakia ematean nabarmendu zuen bezala. 1998tik saria jaso duten guztien zerrenda osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.