Joan eduki nagusira

zoom Ekimenean parte hartzen duten ikertzaile eta irakasle batzuk, gaurko saioan.

Ekimenean parte hartzen duten ikertzaile eta irakasle batzuk, gaurko saioan.

Nafarroako Bigarren Hezkuntzako zenbait ikastetxetako berrogeita hamar bat ikaslek parte hartu dute gaur, martxoaren 14an, asteazkena, Zientzia Azokaren saioetako batean, Iruñeko Planetarioan. Ikasleak ikastetxe hauetakoak dira: Leitzako Amazabal BHI, Zizurko Zizur Nagusia BHI, Noaingo Elortzibar DBHI, Atarrabiako Pedro de Atarrabia DBHI eta Zangozako Ikastola. Azoka Elhuyar Fundazioaren ekimen bat da, zeinean unibertsitate aurreko ikasle batzuek, ikasturtean zehar, taldean, zientzia edo teknologia proiektuak prestatzen baitituzte, unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen laguntzarekin. Ekimen honen laguntzaileak dira Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP), Planetarioa eta Zientziaren Lagunen Elkartea.

Saio honi eman zaion izena "Parekoen topaketa" izan da, eta Planetarioko Martín de Rada aretoan egin da gaur. Bertan egon dira, beste batzuen artean, Maria Gil Rodriguez, Elhuyar Fundazioaren Zientziaren Unitateko arduraduna; Pablo Sanchis Gúrpide, NUPeko ikerketako baliabideen eta egituren arloko zuzendaria; Joaquín Sevilla Moróder, NUPeko Jakintzaren Zabalkunderako arduraduna; Javier Armentia Fructuoso, Iruñeko Planetarioko zuzendaria, eta Silvia Díaz Lucas, Zientziaren Lagunen Elkarteko burua eta NUPeko irakaslea, bera ere.

Programa honi esker, 12 eta 18 urte arteko ikasle nafarrek NUPeko zenbait sailetako hamabi ikertzaile eta doktoregairen aholkuak jasotzen dituzte beren lanak egiteko. NUPeko Kimika Aplikatua, Natura Ingurunearen Zientziak eta Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa sailak daude sartuta ekimen honetan. Gero, ikasleek beren lanak jendartean aurkeztuko dituzte Bilbon egingo den feria batean, 2018ko apirilaren 21ean, larunbatean, eta horregatik jarri diote euskarazko izena jarduera horri.

Ikastea, ez lehiatzea

zoom Ekimenean parte hartzen duten gazte batzuk, gaurko saioan.

Ekimenean parte hartzen duten gazte batzuk, gaurko saioan.

Zientzia Azokako parte-hartzaileek bi eta lau ikasleren arteko talde txikiak eratu eta beraiek aukeratutako gai baten gainean jarduten dute. Bi modalitate daude: ikasleek aukeratu duten arazo edo galdera bati erantzuten dion ikerketa proiektu bat garatzea; eta proiektu teknologikoa, jarri den erronkari irtenbidea ematen dion produktu teknologikoa diseinatzea eta egitea baita. Proiektuak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez aurkezten ahal dira. Ikasleek ikertzaile profesionalen eta unibertsitateko irakasleen laguntza daukate proiektua egiteko. Bizipenak ere partekatzen dituzte haiekin.

Ekimen hau antolatzen duen Elhuyar Fundazioarentzat, Zientzia Azoka ez da lehiaketa bat, talde-lanean oinarritzen den esperientzia aberasgarria baizik. Izan ere, Iruñeko bilerak balio izango du ikasleek beren proiektuak erakuts diezazkieten NUPeko ikertzaile gazteei, modu honetan ikerketarekin daukaten konpromisoari indarra emateko.

Lau erakunde hauek (Elhuyar Fundazioa, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Iruñeko Planetarioa eta Zientziaren Lagunen Elkartea) batera mugiarazten dituen helburua da ikerketarekin konpromisoa daukaten Bigarren Hezkuntzako ikastetxeen artean sareak sortzea, unibertsitate aurreko ikasleen prestakuntza eta gaitasuna hobetzeko.

Elhuyar Fundazioa 1972an sortu zen irabazi asmorik gabeko erakundea da. Euskal Herrian du egoitza, eta zientzia eta teknologiaren zabalkundean eta euskararen garapenean lan egiten du.