Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Estatistika eta Ikerketa Operatiboaren katedradun Fermín Mallor Giménezek proposatu duen PLUS (Osasun Unitateetarako Planifikatzailea) proiektuak irabazi du e-dea Osasuna Desafioa. Pfizer Fundazioak eta Nafarroako Ospitaleguneak (NO-CHN) antolatu dute, ospitaleetako itxaron-denboren kudeaketari irtenbidea bilatzeko. Sariak 3.000 euroko zuzkidura du, eta gainera irabazleari beka bat ematen zaio hiru asteko egonaldi bat egiteko "Richi Foundation” erakundeak Bostonen (AEB) antolatzen duen ekintzaileentzako prestakuntza programan. Marta Cildoz Esquíroz NUPeko doktoregaiak lagundu du proiektuan.
Proiektu irabazlea eskaeraren prebisioan oinarritzen den simulagailu bat da, osasun kudeatzaileei erabakiak hartzea errazten diena. Mallorrek azaldu duenez, “osasun sistema matematikoki deskribatuko dugu, eta horrek aukera emango digu, probabilitate-estimazioen bidez, erien jokabidea aurreikusteko”. Katedradunak dioenez, “giza osagai eta osagai material guztiak aintzat hartzen dituen simulagailu bat garatzeak aukera ematen du ondorioak balioesteko, eta erabaki txarrak hartzeko arriskua txikiagotzen du”. “Ondorioak ordenagailuan ikusten ahal ditugu, aldez aurretik, erakunderako edo erientzako arriskurik gabe”, amaitu du.
Sari ematea gaur, martxoaren 7an, asteazkena, izan da, Navarrabiomedeko instalazioetan izan den ekitaldi instituzional batean. Antonio Merino Díaz de Cerio NOko zuzendari kudeatzaileak eta Sergio Rodríguez Pfizer Fundazioko buruak aurkeztu dute ekitaldia. Beste alde batetik, NOko Kudeaketa Klinikoaren eta Laguntzaren Jarraipenaren Zerbitzuko buru Isabel Rodrigo Rincón arduratu da desafioa aurkezteaz eta saria emateaz. Ekitaldia hasi eta gero, Guillermo Dorronsoro Harvard-Deustu Unibertsitateko dekanoak hitzaldi bat eman du, lidergoa eta berrikuntza bultzatzearen garrantziari buruzkoa. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko (SNS-O) kudeatzaile Oscar Moracho del Ríok amaiera eman dio ekitaldiari.
Itxaron-denborak simulatzea
Gaur arte, ospitaleek ez dute eduki tresnarik fidagarritasunez estimatzeko beren antolamendu-proposamenak erien itxaron-denboren gainean eduki lezakeen oihartzuna. Horregatik, Pfizer Fundazioak eta Nafarroako Ospitaleguneak erabaki zuten bat egitea, helburu hori lortzen zuen proiekturik onenari saria emateko. “Proposatu den desafioa izan da simulazio-eredu bat diseinatzea eta testatzea, erabakiak hartzeko aukera ematen duena, datuetan oinarrituz, erien kudeaketa eraginkorrra egiteko”, azaldu du Isabel Rodrigok.
“Zerbitzu kliniko batean jarduera-eskaera aldakorra da. Arduradunarentzat ez da erraza une bakoitzean erabakitzea zein den jokabide egokia; zenbat kontsulta egin behar dituen, profesional gehiago erabili behar ote dituen proba osagarriak egiteko, edo ebakuntza gelan denbora gehiago eskatu behar ote duen”, esan du Rodrigok. Alde horretatik, saria lortu duen proiektuak ospitaleetako baliabideak eraginkortasun handiagoz esleitzea lortu nahi du, horrek ekartzen duelako tratamenduaren denbora guztia laburragoa izatea, eta horretarako matematika eta estatistika erabiltzen ditu. “Desafioa oso erakargarria zen Ikerketa Operatiboko profesionalentzat. Hari aurre egiteko beharrezkoa izan dira ezagutza teknikoak, baina baita sormen matematikoa ere”, azaldu du Fermín Mallorrek.
Mallorrek lideratu duen taldeak, diru-saria ez ezik, aukera lortu du bere ideia garatu eta proban jartzeko Bostongo “Richi Social Entepreneurs” programaren barruan. Programa honen helburua da ekintzaileei laguntzea beren estrategia definitzen, eta berrikuntzan garrantzizkoak diren agenteekin harremanak ehuntzen (inkubagailuak, azeleragailuak, inbertitzaileak edo hornitzaileak).
Errealitate birtuala eta adimen artifiziala
Beste bi proposamen finalista izan ziren: HoloClinic izenekoa, Juan Monzónena, praktika klinikoaren entrenamendua egiteko errealitate birtuala erabiltzen duena, eta "Biztanleriaren osasun egoeraren aurreikuspen-eredua, osasun baliabideen erabilera hoberentzeko", German Gonzálezena, proposatzen zuena adimen artifiziala erabiltzea biztanleriaren osasun egoerari buruzko informazioa lortzeko, bere irudi klinikoetatik abiaturik.
e-dea Desafioaren lehen edizio honekin, Pfizer Fundazioak eta NOk (CHN) bultzatu nahi dituzte ospitaleetako eguneroko kudeaketan behin eta berriz agertzen den arazoetako baterako irtenbideak, eta balioztatzen ahal den eredu baten oinarriak ezarri, horrela osasun sistemari, orokorrean, laguntzeko. “Ekimen hau abiarazteko daukagun arrazoia da ekintzaileei laguntzea eta ekosistema berritzaile bat sustatzea; azken batez, gizarte osoari laguntzen dion zerbait delako”, esan du Sergio Rodríguez Pfizer Fundazioko buruak. Alde horretatik, Rodriguezek gogorarazi du berrikuntza "ezin daitekeela egon konpainia handien mende bakarrik", eta startups direlakoen munduko talentuak "aukera ematen duela erien beharrei erantzuna emateko, eta aldi berean, osasun sistemaren jasangarritasunaren alde egiteko, baita ere”.