Joan eduki nagusira

zoom Sofía Peña Vidondo, NUPeko doktore berria.

Sofía Peña Vidondo, NUPeko doktore berria.

Enpresek eta kontsumitzaileek energiaren erabilera eraginkorra hobetzeak eta energia aurreztea sustatzeak eragin positiboa daukate industrian eta ekonomian, Sofía Peña Vidondo Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan graduatuak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu berri duen tesi baten arabera. “Three essays on the economic analysis of energy efficiency” izeneko ikerketan, NUPeko Enpresen Kudeaketa Saileko Pablo Arocena Garro eta Ekonomia Saileko Antonio Gómez Gómez-Plana irakasleak aritu dira zuzendari-lanetan. Tesiak kalifikaziorik onena lortu du: bikain “cum laude”. Lan hori NUPek Bartzelonako Unibertsitate Autonomoarekin eta Balear Uharteetako Unibertsitatearekin batera daukan “Economics, Management and Organization” (Ekonomia, Zuzendaritza eta Kudeaketa) doktoretza-programaren barruan gauzatu da.

Ikerketak gehiegizko energia-kontsumoaren arazoa jorratzen du, baita hura gutxiagotzeko beharrak gobernuentzat daukan garrantzi gero eta handiagoa ere. Kezka eragiten du horrek, eta ez ingurumenaren ikuspuntutik bakarrik; ekonomiaren ikuspuntutik ere bai (energiaren prezioen gorakadaren ondorioz, besteak beste). Ikertzaileak azaldu duenez, analisi horrek “premia berezia dauka Espainiako ekonomiaren kasuan, energia-intentsitate eta mendekotasun-tasa handiagoak baititu inguruko herrialdeen aldean, eta, horrekin batera, herrialdeko berotegi-efektuko gasen isurketa-maila gero eta handiagoa baita”. Bere hitzetan, kezka horiek “ondoz ondotik onetsitako Eraginkortasun Energetikorako Ekintza Planetan islatzen dira (ITMM 2007, 2011)”.

Egileak hiru kapitulutan egituratu du bere ikerketa-lana. Lehenbizikoak Espainiako manufaktura-industrian energia-intentsitatearen (herrialde batean kontsumitutako energiaren eta bertako Barne Produktu Gordinaren arteko erlazioa) aldaketak dauzkan osagaien analisian jartzen du arreta; bigarrenak energiaren eta enpresa-lehiakortasunaren kostuak aztertzen ditu; eta hirugarrenak, bestalde, produktibitate energetikoa hobetzeak Espainiako ekonomiarentzat izango lituzkeen ondorioak lantzen ditu.

Tesiaren aurkikuntza nagusiak

Oro har, ikerketaren aurkikuntzek ziurtatzen dute aztertutako industria gehienetan faktore jakin batzuek ahalbidetu dutela energia-intentsitatea murriztea, hain zuzen aurrerapen teknikoak, inputen konbinazioaren aldaketak eta eraginkortasun energetiko teknikoaren mailaren hobekuntzak. Aldiz, operazio-eskalaren areagotzeak eta ekoizpenaren eskualde-banaketak intentsitate hori handitu dute. Analisia, tesiaren egileak azaldu bezala, “lagungarria izan daiteke industria-politika ebaluatzeko, industria-mailan energia-intentsitatea murrizten laguntzen duten indar eragileak identifikatuz, baita arduradun politikoak bideratzeko ere, neurri alternatiboak eta pizgarriak diseina ditzaten industrietan energia-kontsumoa are gehiago murrizteko”. Hala eta guztiz ere, nabarmentzekoa da neurriek ez dutela enpresa mota guztietarako balio, Peñak baieztatu duen bezala.

Energiaren kostuei eta enpresa-lehiakortasunari dagokienez, tesiak horien konparazio-ebaluazioa egiteko esparru bat proposatzen du. Ikertzaileak azpimarratu duenez, proposamena “baliagarria da kudeatzaileek beren enpresen errendimendu energetikoa ebaluatzeko, beren lehiakide zuzenekin alderatuta; izan ere, natura identifikatzen du, eta energiaren kostuaren diferentzien atzean dauden zergatien tamaina kuantifikatzen du. Hori lagungarria da administrazioak zer eremutan esku hartu behar duen argitzeko, errendimendu energetikoa hobetze aldera”.

Eraginkortasun energetikoaren hobekuntza batek Espainiako ekonomian edukiko lituzkeen ondorioei dagokienez, tesian proposatutako simulazio-ereduak erakusten du, besteak beste, ekoizpen-sektore ez-estrategikoetan eraginkortasun energetikoa % 5 hobetzeak % 5etik beherako txikiagotze erreala eragingo lukeela. Horrek errebote-efektu bat erakusten du, bai energia-kontsumoan eta bai etxeetako kontsumoan, eta azpimarratu egiten du zeinen garrantzitsua den errebote-efektua aintzatestea eta bere tamainari erreparatzea, hura arintzeko neurrien inplementazioa kontuan hartzeko. Halaber, eragin positiboa gertatzen da Espainiako ekonomiaren aldagai makroekonomiko ezberdinetan.

Sofía Peña Vidondoren CV laburra

Sofía Peña Vidondo Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziaduna da NUPen, eta Management, Organization and Business Economics delako masterra egin zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, Balear Uharteetako Unibertsitatean eta NUPen bertan. Horrez gain, Nafarroako Unibertsitateko Irakaskuntzarako Gaitasun Agiria dauka, eta ekintzailetzari buruzko prestakuntza jaso du Mondragon Unibertsitatean.

Industria Antolamendua eta Lehiakortasun Estrategikoa, Enpresaren Ekonomia edota Erakundeen Ekonomia irakatsi ditu NUPen, Ingeniaritzako eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako graduetan. Gainera, Nafarroako Ingeniarien Elkargo Ofizialean eta NUPeko udako ikastaroetan ere irakasle-lanetan aritu da, eta koordinatzaile izan zen Yuzz Nafarroa Programaren (gaur egun Explorer programa) 2016-2017ko edizioan, zeina Banco Santanderrek sustatu baitzuen eta NUPen egin baitzen.

Tesian egin duen ikerketaren ondorio gisa, zenbait artikulu argitaratu ditu: “A decomposition of the energy intensity change in Spanish manufacturing”, Springer argitaletxearen Advances in Efficiency and Productivity liburuaren kapitulu bat izan zena, eta “La eficiencia energética, el efecto rebote y el crecimiento económico”, Funcas argitaletxearen Papeles de Energía espainiar aldizkarian. Bestalde, nazioko eta nazioarteko kongresuetan parte hartu ohi du, eta horietan aurkezten ditu bere ikerketa-lanak.