Joan eduki nagusira

zoom Ikasle mentoreak, NUPen, Cristina Bayona Sáez Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordearekin (zutik, 6.a eskuinetik hasita) eta Pablo Sotés Ruiz (zutik, 7.a eskuinetik hasita), María Jesús Álvarez Urricelqui (zutik, 4.a eskuinetik hasita) eta Imelda Buldáin Zozaya (zutik, 7.a ezkerretik hasita) irakasleekin batera.

Ikasle mentoreak, NUPen, Cristina Bayona Sáez Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordearekin (zutik, 6.a eskuinetik hasita) eta Pablo Sotés Ruiz (zutik, 7.a eskuinetik hasita), María Jesús Álvarez Urricelqui (zutik, 4.a eskuinetik hasita) eta Imelda Buldáin Zozaya (zutik, 7.a ezkerretik hasita) irakasleekin batera.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) graduko hogeiren bat ikaslek adimen desgaitasuna duten 18 eta 30 urte bitarteko hamabost gazteren mentore dihardute, gazteok enplegurako prestakuntzako unibertsitate programa bat egiten ari baitira instituzio honetan, ONCE Fundazioaren laguntzarekin. Titulu bereki horretan, ikasleek 100 orduko kanpo praktikak egiten dituzte enplegu arrunteko enpresa eta erakundeetan. Urritik maiatzera bitartean egiten da, Pablo Sotés Ruiz zuzendari eta María Jesús Álvarez Urricelqui eta Imelda Buldáin Zozaya koordinatzaile direlarik (guztiak Psikologia eta Pedagogia Saileko irakasleak).

Titulazioa doakoa da, ONCE Fundazioaren laguntza ekonomikoari esker, eta hura egiten duten pertsonek prestakuntza jasotzen dute beren proiektu profesionala prestatzea xede duten gaitasun pertsonal eta sozialak garatzeko. Horretarako, Unibertsitateko eta praktikak egiteko hartzen dituzten enpresa eta instituzioetako tutoreen norbanakoentzako laguntza jasotzen dute. Horrekin batera, nabarmentzekoa da Unibertsitateko giroan sartzen direla, beraiek bezala lan-etorkizunerako trebatzen diren eta proiektuan mentore dabiltzan ikaskideekin harremana sortzen dutela. Hori mesedegarria da, gainera, lanpostuan aplikatzen diren gaitasunak garatzeko, eta gizarteratzeko aukera ematen duten gizarte eta afektibitate harremanak sortzeko.

Unibertsitate Zabalpeneko “LaborAble” Diploma: Enplegurako Gaitasunen Garapena izenekoa hiru modulutan banatzen da: gizarte trebetasunak, komunikaziokoak, emozionalak eta entrenamendu kognitibokoak; lan trebetasunak; eta bezeroen arretara eta informazioaren eta komunikazioaren teknologietara (IKT) bideratutako prestakuntza espezializatua.

Monografikoak 40 ECTS kredituko balioa dauka, eta 356 ordu irauten du, astelehenetik ostegunera banatuta, goizez. Horietatik, 256 irakaskuntzakoak dira, eta beste 100ak (ikasturteko azken bi hilabeteak) enpresetan eta instituzioetan egin beharreko praktikak dira.

Esperientziazko prestakuntza

Aipatutako kanpo praktikez bestalde, ikastaroak bidea ematen du enplegatzaileekin harremanetan jartzeko, eta aukera ona da prestakuntza esperientziaz osatzeko, programaren karga praktikoari esker. Izan ere, praktikak egiten dira ikasgeletan, profesionalen bisitak jasotzen dira, enpresak ezagutzen dira –ikasleak lanaren testuinguruaren errealitatean barneratuz, horretarako trebatzen baitira–, eta enpresak eta instituzioak bisitatzen dira.

NUPeko Unibertsitate - Gizarte Fundazioak antolatu du ekimena, eta Europako Gizarte Funtsaren sostengu finantzarioa jasotzen du, Gazteen Enplegurako Programa Operatiboaren (POEJ) bitartez, baita Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eta Desgaitasuna duten Pertsonen Ordezkarien Nafarroako Batzordearen (CERMIN) laguntza ere. Izan ere, NUPek beste 21 unibertsitaterekin batera aurkeztu zion bere proiektua ONCE Fundazioari, eta laugarren postua erdietsi zuen horien guztien artean.

Parte hartzen duten ikasleak

Parte hartzen duten mentoreak gradu hauetakoak dira: Zuzenbidea, Lehen Hezkuntzako Irakasletza, Gizarte Lana eta Soziologia Aplikatua. Beren mentoretza-zereginen artean daude, besteak beste, adimen desgaitasuna duten ikasleei laguntza ematea, behar duten alderdi guztietan; Unibertsitateko zerbitzuen berri ematea eta horietarako sarbidea erraztea; NireIkasgelategia –Unibertsitateko irakaskuntza, ikasketa eta lankidetzarako plataforma birtuala– erabiltzen laguntzea; eta aurkeztu behar dituzten amaierako eta praktiketako lanak prestatzen laguntzea.

Halaber, desgaitasuna duten ikasleek Unibertsitateko campusak daukan irisgarritasun kognitiboaren analisia gauzatuko dute, mentoreekin batera.