Javier Urricelqui Polvorinosek (Iruñea, 1987) Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurri duen doktoretza-tesian garatu du teknologia bat, ahalbidetzen duena denbora errealean monitorizatzea hamarka kilometro luze den zuntz optiko baten puntu bakoitzak dituen tenperatura edo deformazio balioa. Garapen hori interesgarria da azpiegitura handiak dituzten hainbat industria-arlotarako, hala nola ehunka kilometrotako oliobide eta/edo gasbideen jabe diren energiaren arloko enpresak. Bi parametro horien (tenperatura eta deformazioa) neurketaren bidez, sistema horrek ahalbidetzen du hodian ihesbidea duen puntu zehatza aurkitzea, bai eta arrisku naturalak identifikatzea ere, hala nola azpiegitura baten egiturazko osasuna arriskuan jar dezaketen lur luiziak.
Bere tesian, Javier Urricelquik ekipo galdekatzaileen garapenean lan egin du, zeinek, ohiko zuntz optiko baterako konexioaren bidez, zuntz optikoko kableko puntu bakoitza elementu sentsore bihurtzea ahalbidetzen baitute ezer gehitu gabe. Teknologia horri esker “hainbat puntu neur daitezke zuntzean aldi berean, eta horrek bi parametroen profilak lortzea ahalbidetzen du: tenperatura eta deformazioa”. “Esaterako, zuntza 10.000 metrokoa bada eta tenperatura metro bakoitzean neurtzen bada, hori zuntzaren luzera osoan 10.000 termometro edukitzearen baliokidea da”, azaldu du.
Gizakien nerbio sistema bezala
Teknologia honek beste sentsore optiko batzuen aldean duen abantaila da “elementu sentsorea zuntz optikoa denez, honek ahalbidetzen du egitura osorik estaltzea, eta horrela gizakiaren nerbio sistemaren antzeko kontzeptua erreplikatzen da, zeinean zuntz optikoa egituraren nerbio bihurtzen baita eta ekipo galdekatzaileek garunak bezala jarduten dute”, esan du Javier Urricelquik. Bere doktoretza tesiak nazioarteko doktoretzaren aipamena lortu du, eta bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du.
Bere tesian ekipo mota horren topologia desberdinak garatu ditu (bakoitzak aplikazio desberdina dauka merkatuan) "NUPen garatu dugun ekipo galdekatzaile bakoitzak ezaugarri desberdin bat dauka, eta horien artean nabarmentzen dira denbora errealean neurtzeko gaitasuna edo ekipo bakar batekin monitorizazioko gehieneko distantzia areagotzeko gaitasuna. Hurrengo urratsa izango da bi ezaugarriak ekipo bakar batean elkartzea”, esan du Javier Urricelquik.
Javier Urricelquik garatutako teknologiak ahalbidetu du neurketa denbora minutuetatik segundo milarenetara jaistea, eta horri esker hamar kilometro baino gehiago dituzten egiturak monitoriza daitezke denbora errealean. Teknologia hori nazioartean patentatu dute tesiaren bi zuzendarikideek: Alayn Loayssa Larak eta Mikel Sagüés Garcíak, Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakasleek (bigarrena, eszedentzian).
Curriculum laburra
Javier Urricelquik Telekomunikazioko Ingeniaritzako titulua lortu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, non Komunikazio Masterra egin baitzuen. Doktoretza tesia egin bitartean, ikerketa egonaldi bat egin zuen Lausanako Eskola Politekniko Federalean (Suitza).
Hamahiru artikulu argitaratu ditu argitalpen zientifikoetan, hemezortzi hitzaldi eta lana aurkeztu ditu nazioko eta nazioarteko biltzarretan eta patente baten egilea da. NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko ikertzaile lana eta Uptech Sensing S.L. teknologia enpresako kudeatzaile lana egiten ditu aldi berean. Zuntz optikoen bidez egiturak monitorizatzen espezializatuta dago aipatu enpresa.