Joan eduki nagusira

zoom NUPeko doktore berria, Rebeca Madurga.

NUPeko doktore berria, Rebeca Madurga.

Iruñeak musika-ikuspegi aberats eta askotarikoa izan zuen Isabel II.a erreginaren agintaldiaren hasieratik (1833) hirugarren gerra karlistaren amaiera arte (1876). Hori da “Música y músicos en un espacio urbano. Pamplona a mediados del siglo XIX” doktoretza-tesiaren ondorio nagusia. Rebeca Madurga Continente musikologo eta musika irakasleak duela gutxi defendatu du doktoretza-tesi hori Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Ángel García-Sanz Marcotegui NUPeko Geografia eta Historia Saileko katedradunak eta María Nagore Ferrer Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko (UCM) Musikologia Saileko irakasleak zuzendu dute tesia.

Nafarroako hiriburuko musika-bizitza azaltzen eta aztertzen du ikerketak, musikaren erakunde dinamikak eta banakakoak XIX. mendearen erdialdeko hiri espazioarekin eta bizitza ekonomiko eta politikoarekin lotzen dituen ikuspegi batetik. Ikerketak azaltzen du nola garai hartako aberastasuna urte haietako egonkortasun politikoaren emaitza den, eta horrek ekonomiaren goraldi garrantzitsua ekarri zuela eta herritarren interesa piztu zuela aisia modu berriak aurkitzeko, zeina ordura arte Sanferminetara mugatzen baitzen. Horren eraginez musikaren esparruko aisia-guneak premia bilakatu ziren eta nabarmen gehitu ziren. Zenbait gune berregituratu zituzten, hala nola Merkatu Berria, edo beste batzuk abian jarri berriro, hala nola Gazteluko plaza.

Horri guztiari, tesian azaltzen den bezala, gehitu behar zaio udal liberalek zuten interesa kultura garapena sustatzeko, Iruñeko Orfeoiari laguntza ekonomikoa emanez edo erakundeak sortuz, hala nola Musikako Udal Akademia edo Erruki Etxeko Musika Eskola. Halaber, aipatzen da hiriaren musika-garapena sustatu zuten pertsona ospetsuen lana, kultura-elkarteen sorrera lagundu baitzuten, hala nola Lizeo Artistiko eta Literarioa, Ateneo Zientifiko eta Literarioa edo Iruñeko Orfeoia. Ikerketan, egileak nabarmentzen du burgesiaren garrantzia Iruñeko musika-ikuspegiaren garapenean eta oro har musikaren zabalpenean.

Egonkortasunaren bilaketa musikari profesionalen aldetik

Garai hartan Nafarroako hiriburuan bizi ziren musikarien bilakaera profesionalean ere sakontzen du Madurgak bere doktoretza-tesian. Hala, agerian jartzen da beren jatorri sozial apala, oro har, eta beren egoera ezegonkorra. Horren ondorioz enplegu aniztasuna ohikoa zen, eta lan egonkortasuna zen helburu, hobeki ordaindutako lanpostuen gainetik. Lan ohikoenetako batzuk hauek ziren: antzerkiko orkestrako kideenak, irakaslea erakunde publiko batean, konpositorea edo katedraleko musika kaperako kidea, eta, neurri txikiagoan, beste batzuk, hala nola argitaletxeko jabea edo musika biltegi batena, pianista, piano-gozatzailea, bandako musikaria, gaita-jotzailea edo txistularia. Madurgak azaltzen duenez, “Enplegu aniztasunak musikariaren aldakortasuna garatu zuen ezinbestean, eta bere mugikortasuna ezarri zuen hiriko musika-erakundeetako musikarien arteko harremana bultzatuz. Musikako Udal Akademia, katedrala eta antzokia gune bereziki egokiak izan ziren musikariek adiskidantzazko harremanak egin zitzaten, edo, bestela, egoera gatazkatsuak gerta zitezen”, esan du. Testuinguru horretan sortu ziren pertsona ospetsuak, hala nola Mariano García edo Joaquín Maya.

Iruñeko Musikako Udal Akademia, bestalde, 1958an sortu zen, eta aitzindaria izan zen bere eraketan,. Zeregin sozial bat izan zuen musikari gisa beren etorkizuna lantzea lortu zuten mutilekin, eta, neurri txikiagoan, neskekin, “zeinek ibilbide profesional bat garatu ahal izan baitzuten abeslari, pianista edo irakasle gisa, eta aldi berean herritarrek hiriko eguneroko aisiari alternatibak bilatzeko zuten beharra ase zuen”, azaldu du ikertzaileak.

Kontzertuen eszenategiak

Doktoretza-tesian azaltzen diren musika-espazioei dagokienez, Antzoki Nagusia izan zen Iruñeko nagusiena garai hartan, 1841ean inauguratu zutenetik, eta Iruñeko zenbait familiaren aretoei (maila ertaineko edo goi mailako kideak biltzen zituzten) eta elkarteei eta kafeei (klase apalagoentzat ere elkargune ziren lekuak) gehitu zitzaizkien, non kontzertuak eta gau jaialdiak egiten baitziren halaber.

Bestalde, 1839tik aurrera, elkartzeko baimena ematen zuen Errege Agindua promulgatu zenean, hainbat elkarte ezartzen saiatu ziren Iruñean, aisiarako guneak bilatzeko xedearekin. Horien guztien artean, aipagarrienak izan ziren Lizeo Artistiko eta Literarioa, Ateneo Zientifiko eta Literarioa, Kasino Berria eta Iruñeko Orfeoia, zeinek neurri handiagoan edo txikiagoan lagundu baitzuten aretoko musika-errepertorio bat zabaltzen eta zaletasun filarmonikoa sustatzen, eta aldi berean hezkuntza arloko eta aisiako aukera interesgarriak eskaini zituzten beren bazkideentzat.

Bestalde, aretoa gune tradizional bat zen musika interpretatzeko, eta hara iristen ziren nazioko eta Europako modak, batez ere musikarien zirkulazioaren eta partituren salerosketaren bidez. “Gau jaialdi pribatuen protagonistak ziren musikariek, halaber, esparru honetan jotzen zuten musika beste elkarte batzuetan ere erabili zuten, hala nola musika-banda militarretan eta garai hartan sortu ziren udal bandetan, edo ganbera-musikako beste batzetan, Kasino Berrian edo Antzoki Nagusian jotzen zutenak, zeren, azkenean, pertsona berak baitziren”, esan du Madurgak. Hala, azaldu du, “bazeuden genero batzuk esparru guztietan entzun zirenak, hala nola opera italiarra, eta berrogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, zartzuela eta dantzarako pieza nazionalak eta atzerritarrak”. Errepertorio horrek, ikertzaileak adierazi duenez, Iruñeko Orfeoiaren eta gainerako laguntzaileen kontzertu publikoak bete zituen, zeinetan nahasi baitzituzten, ahozko musika musika instrumentalarekin txandakatuz, Italiako opera eta erlijio-musikaren zatiak, zartzuelako beste batzuk, dantzatzeko piezak, eta tokiko musikarien eta musika klasikoa jo zuten ganbera-taldeen lanak.

Tesiaren egilearen curriculum laburra

Rebeca Madurga Continente goi mailako tituluduna da Musikologiako espezialitatean Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan (2006), eta Historian eta Musikaren Zientzietan lizentziaduna Errioxako Unibertsitatean (2009). Halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (2012) Historia, Espazio eta Ondareari buruzko Ikasketa Aurreratuetako graduondoa egin du, eta 2001ean musika-irakaslearen titulazioa lortu zuen saxofoiko espezialitatean.

Zenbait ikerketa lan argitaratu ditu: “Joaquín Maya: un paradigma del músico decimonónico”, Príncipe de Viana aldizkarian argitaratua; “El Paloteado de Cortes” eta “La dulzaina y su función socio-cultural en Pamplona en la década de 1750”, biak Eusko-Ikaskuntza elkarteak argitaratuak; eta “La música folklórica en el auditorio: el Poema Sanférmico de Vicente Egea”, Tresefes musika aldizkarian.

Musikaren Historiaren eta Artearen Historiaren irakaskuntza da bere lanbidea. Nafarroako Musikako Kontserbatorio Profesionalean eman ditu irakasgai horiek, bai eta Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan, Joaquín Maya Iruñeko Musika Eskolan eta Iruñeko Civican zentro zibikoan ere.