Joan eduki nagusira

zoom Unai Belintxon, José Luis Iriarte, Beatriz Rodríguez, José Luis Goñi, Margarita Apilluelo, Hugo López, Natividad Goñi eta Julen Llorens.

Unai Belintxon, José Luis Iriarte, Beatriz Rodríguez, José Luis Goñi, Margarita Apilluelo, Hugo López, Natividad Goñi eta Julen Llorens.

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP), Zientzia Juridikoen Fakultatearen bidez, eta Unibertsitate - Gizarte Fundazioaren laguntzarekin, "Aditua Europar Batasuneko langileen zirkulazio askean" izenburua duen titulu bereki bat ematen ari da ikasturte honetan. Titulu bereki hau Europako Batzordeko "Jean Monnet ekintzak" deialdian laguntza bat lortu izanari esker emango da. Deialdia  Erasmus + programaren barrukoa da, eta bere helburua EBrekin harremana daukaten gaiak aintzat hartzen dituzten goi mailako hezkuntza-ekimenak finantzatzea da. Diru laguntza 21.300 eurokoa da, eta prestakuntza-moduluen kategorian eman da, zeinera Europa osoko 833 proiektu aurkeztu baitziren. Horietatik guztietatik, azkenean 141ek lortu zuten laguntza.

Tituluan 85 ikaslek eman dute izena ikasturte honetan, eta Zuzenbideko Graduko, Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako Graduko eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzeko (nazioarteko programak ere barne) ikasleei zuzentzen zaie, batez ere. Prestakuntza honen helburua da ikasleek behar diren gaitasunak eskura ditzaten Europar Batasuneko herrialdeetan enpresa ezarri nahi dutenei edo langileak Europar Batasuneko herrialde batetik bestera mugitu nahi dituztenei aholkuak emateko. Horretaz gain, langileak enpresa europar batzuetatik besteetara mugitzean sortzen ahal diren arazoak lantzen dira. Izan ere, Europako kide diren herrialdeen artean ezberdintasun sozioekonomikoak daude, eta enpresa batzuek ezberdintasun horiek profitatzen dituzte lehia desleiala egiteko ("gizarte-dumping" izenarekin ezagutzen dena).

Beatriz Rodríguez Sanz de Galdeanok, NUPeko irakasleak, darama tituluaren zuzendaritza akademikoa, eta José Luis Goñi Sein eta José Luis Iriarte Ángel zuzendarikideak dira. Hauek dira gainerako irakasleak: Hugo López López, Natividad Goñi Urriza, Margarita Apilluelo Martín, Unai Belintxon Martín eta Julen Llorens Espada. Irakasle horiek denak Unibertsitateko Zuzenbide Pribatuko Sailekoak dira. Gainera, Unibertsitatetik kanpoko irakasle batzuek ere laguntzen dute, une jakin batzuetan.

Prestakuntza saioak, biltzarra eta udako ikastaroa

Lau saiok osatzen dute modulua (lehen biak azaroan eta otsailean izan ziren, eta hurrengo biak martxoan eta apirilean izango dira). Gainera, amaiera-biltzar bat izango da, urrian, baita lantegi praktiko bat ere. Guztia osatzeko, udako ikastaro bat izango da, datorren ikasturtean eskainiko dena, era irekian, eta gai honi ekingo diona: gizarte segurantzaren sistemen koordinazioa Europar Batasunean.

Lehen saioa azaroan izan zen, eta izenburu hau eduki zuen: "Europar Batasuneko hiritarrak". Duela gutxi otsaileko saioa izan zen. Gaia hau izan zen: gizarte integrazioa EBn. Martxoko saioan ezartze-askatasunari eta zerbitzu-emate askeari buruz hitz egingo da, eta azken saioa, apirilekoa, langileen zirkulazio askeari buruzkoa izango da. Ikasturte honetako amaiera-ekitaldian izen-ematea irekia izango da modulua egiten ari ez direnentzat ere. Ekitaldi horretan Tonia Novitz Bristolgo Unibertsitateko irakasleak parte hartuko du, "brexit"ari eta haren ondorioei buruzko ponentzia batekin.