Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Cristina Bayona eta Carmen Jarén.

Ezkerretik eskuinera, Cristina Bayona eta Carmen Jarén.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Ateak Zabaltzeko Egunak antolatu ditu aurten ere. Tuteran, martxoaren 24an, egingo dira; Iruñean, berriz, apirilaren 14an eta 21ean (larunbatak guztiak). Saio horietan, NUPek datorren ikasturterako eskaintzen dituen 22 graduen eta hiru gradu bikoitzen inguruko orientazio-hitzaldi espezifikoak emango dira. Hurrengo ikasturtean Unibertsitatean hasi nahi duten Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat dira jardunaldiak, bai eta haien gurasoentzat ere, eta goizez izango dira.

Ikastegien eta titulazioen arabera antolatuta daude jardunaldiak. NUPeko ikasketei buruzko informazio-hitzaldiak emango dira, eta bisitak egingo dira unibertsitateko instalazioetara, bereziki laborategi eta lantegietara, ingeniaritzen, osasunaren eta zientzien arloko graduen kasuan. Halaber, interesa daukatenek Iruñeko Arrosadiko campuseko kirol-instalazioak eta Urkiak Unibertsitate Egoitza ikusteko aukera ere izango dute. Jardunaldien egitarau osoa Unibertsitatearen webgunean dago.

Jardunaldietan emango den informazioa, hala nola NUPek eskaintzen dituen graduei eta zerbitzuei buruzkoa, lan-saio batean zehaztu zen. Saio horretan, Cristina Bayona Sáez Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordea eta Carmen Jarén Ceballos Irakaskuntzako errektoreordea Nafarroako ikastetxeetako orientatzaileekin elkartu ziren. Urtero antolatzen da lan-saio hori, Nafarroako ikastetxeek Unibertsitatearen eskaintza akademikoaren eta berritasunen berri izan dezaten.

Ateak Zabaltzeko Egunak, zehatz-mehatz

zoom Orientatzaileak, informazio-saioan.

Orientatzaileak, informazio-saioan.

Esan bezala, martxoaren 24an (larunbata) hasiko dira jardunaldiak Tuterako campusean (Tarazonako etorbidea, z.g.), eta Erriberako hiriburuan ematen diren bi titulazioak azalduko dituzte: Fisioterapia eta Diseinu Mekanikoko Ingeniaritza.

Iruñeko Arrosadiko campusean, aldiz, titulazio hauei buruzko informazioa emango dute apirilaren 14an: batetik, Nekazaritza Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko graduak (Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza; Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntza; eta Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako eta Elikagai Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako Gradu Bikoitza; eta gradu berrietako hiru: Zientzien Gradua, Datuen Zientzien Gradua eta Bioteknologia), eta bestetik, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikokoak (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa, Ingeniaritza Mekanikoa, Industria Teknologietako Ingeniaritza, Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritza, Ingeniaritza Mekanikoaren Diseinua, Informatika Ingeniaritza eta gradu berri bat, hots, Ingeniaritza Biomedikoa). Bestalde, nazioarteko programak eta atzerriko hizkuntzak (ingelesa, frantsesa eta alemana) ikasteko aukerak emango dituzte ezagutzera.

Apirilaren 21ean, berriz, ikasketa hauei buruz arituko dira: batetik, Osasun Zientzien Fakultateko titulazioak (Erizaintzako Gradua eta Fisioterapiako Gradua); bestetik, Zientzia Juridikoen Fakultatekoak (Zuzenbideko Gradua eta Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako Gradua); hirugarrenik, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatekoak (Haur Hezkuntzako Irakasletza, Lehen Hezkuntzako Irakasletza, Gizarte Laneko Gradua eta Soziologia Aplikatuko Gradua); laugarrenik, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatekoak (Ekonomiako Gradua, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradua, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitza eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Ekonomiako Gradu Bikoitzaren Nazioarteko Programa).

Horrez gain, eskola eta fakultateetako nazioarteko programen berri emango da, bai eta ingelesa (“English Learning Programme”), frantsesa (“Programme d’Apprentissage du Français”) eta alemana (“Programm Für DaF”) ikasteko aukeren berri ere. Graduen eskaintza osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.