Fernando Zulategui Beñarán Nekazaritza Ingeniaritzako Masterreko ikasleak irabazi du Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) AN Katedraren II. Saria, bere gradu amaierako lanarengatik, zeinak tomatea prozesatzeko lerro bateko energia- eta ur-kontsumoak ebaluatzen baititu. Accesita, aldiz, master bereko David Yerro Lizarazu ikasleak eskuratu du, soja, artoa eta pentsu konposatua analizatzeko NIR (infragorri hurbileko espektroskopia) ekipamenduen kalibraziorako ereduak eta ekuazioak garatzeagatik. Irabazleek 1.000 eta 500 euroko sariak jaso dituzte, hurrenez hurren, Francisco Arrarás AN Taldeko buruaren eta Silvia Arazuri Garín AN Taldearen Katedrako zuzendari eta Nekazaritzako Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (NIGMET) zuzendariaren eskutik.
AN Taldearen Katedrak bi urtean behin ematen duen sari hori bigarrengoz antolatu da aurten, eta NUPeko ikasle guztiek parte har zezaketen bertan, baldin eta 2015-16 eta 2016-17 ikasturteetan beren ikasketen amaierako lana (gradukoa edo masterrekoa) aurkeztu eta gainditu bazuten, bikain edo ohorezko matrikula kalifikazioarekin. Analisiek nekazaritzako industria, elikagai edo kooperatibismoarekin lotutako gaiak jorratu behar zituzten.
Sariaren bigarren deialdi horretan, hamahiru lan lehiatu dira (lehen deialdian aurkeztutakoen bikoitza), eta horietako bost finalera iritsi dira: aipatutako irabazleenak eta Raúl Martínez García de Galdeano, Jorge Juan Ramírez Martínez eta Fermín Tabar Liberal ikasleek egindakoak (Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Gradukoak guztiak).
Epaimahaiaren balorazioa
Sariaren deialdian ezarrita zegoen moduan, finalistek epaimahaiaren aurrean aurkeztu dituzte beren lanak, Gurbitzak eraikineko Nicolás Oresme aretoan, Iruñeko Arrosadiko campusean. Epaimahaikideak Silvia Arazuri (NUP), Francisco Arrarás, Maite Muruzábal, Beatriz Ilundáin eta Fernando Beroiz izan dira, AN Taldekoak guztiak.
Epaimahai kalifikatzaileko kideek, ikasle guztiei parte hartzeagatik eskerrak emateaz gain, beren ustez finalista guztiek saria mereziko luketela aipatu dute, lanen kalitatea eta proposamenak direla medio, eta kasu guztietan garapen teorikotik praktikora igaro baita. AN Taldeko buruak kooperatiba horren produktuen lote bat eman die finalista guztiei, eta, gainera, NUPeko ikasleak sariketaren hurrengo edizioetan parte hartzera animatu ditu.
Saritutako lanen edukia
Fernando Zulateguiri eman diote lehen saria, kontuan hartuta “zer nolako konplexutasunari egin behar izan dion aurre tomatea prozesatzeko lerro bateko (Dantza kontserben Riberega fabrikan, Castejonen) energia- eta ur-kontsumoak sasoitik kanpo ebaluatu ahal izateko, bere lana urtearen lehen seihilekoan gauzatu baitzuen, landarearen prozesatze sasoitik kanpo”, adierazi dute epaimahaikideek. Halaber, egindako lan biribila nabarmendu dute, “ingurumenaren kalitatea eta zaintza kontuan hartzeari dagokionez azken aldian gertatu diren aldaketen konbentzimendu osoz gauzatu baita, eta hori ez zen duela 30 edo 50 urte ia-ia aintzat hartzen”. Azterlan horrek, gainera, “lantegian energia nahiz ura aurrezteko proposamen errealak egitera” eraman du Zulategui, epaimahaiak adierazi duenez.
Accesita lortu duen David Yerrok, bestalde, bere lanari esker aukera izan du soja, artoa eta pentsu konposatua analizatzera bideratutako NIR ekipamendu baten kalibraziorako ereduak eta ekuazioak garatzeko, Piensos Caceco enpresaren laborategian. Bere aurkezpenean, egileak laborategiko analisi tradizionalen eta NIR ekipoak baliatuz egindakoen arteko alde handiak azaldu ditu. Lehenbizikoak “oso garestiak dira, baliabide tekniko eta giza baliabide ugari eskatzen baitituzte, eta lagina suntsitzen dute, gainera; eta bigarrenak, berriz, askoz azkarragoak dira”, nabarmendu dute epaimahaikideek. Lanaren emaitzei esker, analisietarako baliatu zuen NIR ekipo berria fabrikan erabiltzen ari dira dagoeneko, hezetasun- eta proteina-balioak aurreikusteko daukan gaitasun handia dela eta.
Gainerako finalistei dagokienez, Jorge Juan Ramírez Martínezek ardi-hiltegi baten diseinatze eta eraikitze prozesu osoak gauzatu ditu bere lanean, kalitate, logistika eta aurrekontu premia errealak barne hartuz, besteak beste; eta Fermín Tabarrek, bestalde, AN Taldeak Melidan daukan Hegazti Prozesamendurako Zentroan lortu zituen datu errealetatik abiatuta, frogatu du animaliak abeltegitik ateratzen direnetik igarotzen den itxarote denborak oilaskoen kanalaren errendimenduari eragiten diola.