Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ingeniaritzako titulazioetako bederatzi irakasle dibulgaziozko antzezpen bat prestatzen ari dira, eta bertan iragan mendeetako emakume zientzialarien bizitza eta lana erreskatatuko dituzte. Antzezlanaren izenburua “Yo quiero ser científica” da, eta ereduak agerian jarri nahi ditu neskek beren burua haiekin identifika dezaten eta beraientzat inspirazio iturri izan daitezen; hala, zientziarekiko eta teknologiarekiko interes handiagoa piztu nahi dute emakumezkoen artean, ikertzaileek beraiek antzeztuko baitituzte pertsonaia historiko horiek. Urtearen bigarren seihilekoan egin nahi dituzte emankizunak, eta batez ere unibertsitatekoa ez den hezkuntzako ikastetxeetako bi sexuetako ikasleei zuzenduta daude.
Proiektuaren barruan, gidoia egin eta obra antzeztuko da, eta ikertzaile hauek hartuko dute parte: Patricia Aranguren Garacochea (doktorea Industria Ingeniaritzan), Edurne Barrenechea Tartas (doktorea Informatika Ingeniaritzan), Leyre Catalán Ros (doktoretzako ikaslea Komunikazioetako, Bioingeniaritzako eta Energia Berriztagarrietako Teknologiak programan-Tecomber), Silvia Díaz Lucas (doktorea Telekomunikazio Ingeniaritzan), Marisol Gómez Fernández (doktorea Matematikan), Aránzazu Jurío Munárriz (doktorea Informatika Ingeniaritzan), Alicia Martínez Ramírez (doktorea Telekomunikazio Ingeniaritzan), Gurutze Pérez Artieda (doktorea Industria Ingeniaritzan eta ekimenaren arduraduna) eta Idoia San Martín Biurrun (doktorea Industria Ingeniaritzan). NUPeko lau ikerketa institutuetako bitan lan egiten dute guztiek: Smart Cities Institutua (ISC) eta Material Aurreratuen Institutua (InaMat). Ekimen horretan laguntzen du, halaber, Óscar Orzaiz Resano, NUPeko Antzerki Taldeko zuzendariak.
Horietako bakoitzak zientzialari hauena egingo dute: Hipatia Alexandriakoa, matematikaria, astronomoa eta filosofoa (IV.–V. mendeak); Maria Sibylla Merian, entomologoa eta margolaria (1647-1717); Ada Lovelace (Ada Byron izenaz ere ezaguna), matematikaria eta lehen informatikaria (1815-1852); Sofia Kovalévskaya, matematikaria eta astronomoa (1850-1891); Marie Sklodowska-Curie, kimikaria eta fisikaria (1867-1934); Emmy Noëther, matematikaria (1882-1935); Edith Clarke, ingeniari elektrikoa (1883-1959); Klara Von Neumann, informatikaria (1911-1963); eta Hedy Lamarr, telekomunikazio ingeniaria (1914-2000).
Zientzialari gehiago Marie Curiez gainera
“Yo quiero ser científica” proiektuan parte hartzen duten irakasleak. Ezkerretik eskuinera: Idoia San Martín Biurrun, Aránzazu Jurío Munárriz, Silvia Díaz Lucas, Edurne Barrenechea Tartas, Patricia Aranguren Garacochea, Leyre Catalán Ros, Marisol Gómez Fernández, Alicia Martínez Ramírez eta Gurutze Pérez Artieda.
“Zaila da zientzian eta teknologian nabarmendu diren emakumeen izenak gogoratzea, Marie Curiez gainera —azaldu du Gurutze Pérez Artieda NUPeko Smart Cities Institutuko ikertzaileak (ISC) eta Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritzako Sailera atxikitako irakasleak—. Nolanahi ere, badira askoz ere gehiago, eta gauza garrantzitsuak egin dituzte. Haiek ezagutu eta ezagutarazi nahi ditugu, neskak anima daitezen beren bizitza profesionala zientziaren eta teknologiaren esparruetan garatzera".
Izan ere, emankizun horretako parte-hartzaile guztiek zientzia eta teknologiaren arloko titulazioak egin dituzte, eta esparru horretan garatu dute beren bizitza profesionala. “Gizonentzat egina zirudien mundu batean hasi ginen, baina atsegin genuen. Orain, kezkatuta gaude egoera ez delako aldatu, neskek ez baitituzte ingeniaritza eta zientziaren arloko ikasketak egiten, zeinak zirraragarriak baitira eta mundua hobetzen laguntzen baitute. Pena da!”, deitoratu du proiektuaren arduradunak.
"Uste dugu arazoaren parte bat dela ez dagoela ageriko eredurik, neskentzat eredugarri izan daitekeenik, pertsona miresgarririk berarekin bat egiteko edo inspirazio iturri gisa erabiltzeko modukorik, ederra, dibertigarria eta eraikitzailea izan daitekeen zerbait bizi izan duten emakume zientzialaririk. Beren arazo eta arrakastekin bizitza oso-beteak bizi izan dituzten iraganeko zientzialari horiek erakutsi nahi genizkieke —azaldu du Gurutze Pérez Artiedak—. Halaber, nahi dugu ikus dezaten egun egoera errazagoa dela, eta, horrenbestez, bai neskek eta bai mutilek aukera dutela gehien atsegin duten horretan lan egiteko. Zergatik ez zientziaren eta teknologiaren arloan? Antzezlan honen bidez, nahiko genuke ikastetxe eta institutuetan ikasten duten neska-mutilek iraganeko eta oraingo emakumezko zientzialarien ereduak ezagut ditzaten, etorkizunean emakumezko zientzialariak nabarmentzea beharrezkoa izan ez dadin".
Proiektu hau aukeratu dute NUPen, 2018rako Kultura Proiektuen deialdiaren barruan. Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzak antolatu du ekimena, bere Kultura eta Kiroletako Unitatearen bidez, erakundearen kultura bizitza aberastera eta hura gizartera hurbiltzera zuzendutako unibertsitateko komunitatearen jarduerak saritzeko. Parte hartu du, halaber, Zientzia eta Teknologiarako Espainiar Fundazioak (FECYT - Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioa) zientzia, teknologia eta berrikuntzaren kultura sustatzeko egindako azken deialdian.