Joan eduki nagusira

zoom Haurrak, entrenamendu programa egiten. Kolonbiako Rosario Unibertsitateak lagatako argazkia (Ariketa Fisikoaren Medikuntzako Ikasketen Zentroa – CEMA)

Haurrak, entrenamendu programa egiten. Kolonbiako Rosario Unibertsitateak lagatako argazkia (Ariketa Fisikoaren Medikuntzako Ikasketen Zentroa – CEMA)

Intsulinaren aurkako erresistentzia daukaten haur sedentarioen talde batean, gluzemia-kontrolaren aldaketak gorabehera, sei astez indarra lantzeko edo intentsitate handiko entrenamendu ikuskatua egiteak hobetu egiten ditu gorputz osaera (gerriaren zirkunferentzia eta larruazal-tolesturak), indar muskularra, eta zenbait parametro kardiometaboliko (tentsio arteriala, gluzemia edo odoleko glukosa kantitatea, eta intsulinaren aurkako erresistentzia indizea). Hala egiaztatu du Nature taldeak editatzen duen “International Journal of Obesity” aldizkarian argitaratu berri den azterlan batek. Ikerketa horretan Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) zenbait zientzialarik hartu dute parte, Txileko eta Kolonbiako aditu batzuekin batera.

Ikertzaileek ariketa fisikoko bi programa mota ezarri zizkieten intsulinaren aurkako erresistentzia daukaten 56 haur sedentariori: alde batetik, intentsitate handiko bitartekako entrenamendua (edo “high-intensity interval training”, HIIIT), hau da, bizikletan ahalegin laburrak (berrogei eta hirurogei segundo bitartekoak) errepikatzea, 8-14 aldiz, intentsitate handian (bihotz maiztasun gorenaren % 85-95etik gora), eta hiru eta lau minutu bitarteko errekuperazio aldiarekin; bestetik, indar muskularra hobetzeko entrenamendu bat, hots, besoak eta hankak lantzeko lau ariketa egitea, 12-15 aldiz, indar boluntario gorenaren % 20tik 55era bitarteko intentsitatearekin. Entrenamendu mota horiek astean hiru aldiz egiten dira.

Hobekuntza nabarmenak entrenamenduari esker

Artikuluan jasotako emaitzek egiaztatu zuten bi ariketa fisiko mota horiei esker “hobekuntza nabarmenak lortzen direla gorputz osaerari, indar muskularrari, tentsio arterialari eta zenbait parametro kardiometabolikori dagokienez, gluzemia-kontrolaren erantzunaren hobekuntzak gorabehera”. Halaber, sabelaldeko gantzaren murrizketa eta hanketako indarraren areagotze handiagoa antzeman zen, eta, ikertzaileen iritzian, horrek azal dezake “intsulinaren aurkako erresistentzia txikiagotzea”.

Lan horren egileen ustez, emaitzek ariketa fisikoko programa mota horiek agintzeko beharra iradokitzen dute, osasunerako onura kardiometaboliko handiak eragiten dituztelako. Horrez gain, beren iraupen laburra eta beraiek gauzatzeko beharrezkoa den ekipamenduaren kostu txikia dela-eta, eskola-eremuan eraman litezke praktikara.

Artikulua NUPeko Osasun Zientzien Saileko bi irakaslek (Alicia Alonso Martínez eta Mikel Izquierdo Redín) sinatu dute, Txileko (Finis Terrae Unibertsitatea, Santiago; La Frontera Unibertsitatea, Temuco; eta Los Lagos Unibertsitatea, Osorno) eta Kolonbiako (Rosario Unibertsitatea, Bogota) ikertzaile batzuekin batera.