23 herrialdetako 108 ikasle atzerritarrek Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egingo dute 2017-2018 ikasturteko udaberriko seihilekoa irakaskuntza-erakundeak eskaintzen dituen nazioarteko mugikortasuneko bost programetakoren baten barruan. Gazte atzerritarrei Foru Erkidegorako etorrera errazteko, beste hogeita hamar ikaslek, kasu honetan nafar unibertsitateko boluntarioek, Buddy Programan parte hartzen dute. Nazioartekotze Errektoreordetzak sustatutako harrera-ekimen bat da programa hori.
Buddy programan, NUPeko hogeita hamar ikasle horien egitekoa atzerritarrei Iruñea eta Unibertsitatea ezagutzen laguntzea da eta beste hainbat kontutan laguntzea, hala nola egoitza bilatzen edo zenbait tramite egiten. Ikasle guztiek edo mugikortasun programa batean parte hartu dute edo aurki parte hartuko dute hurrengo ikasturtean.
Kanpo Harremanetarako eta Lankidetzarako Atalak eta Ikasleentzako Argibide Bulegoak jarri dute abian ekimen hori, eta Unibertsitateak ikasle atzerritarrei seihileko bakoitzean egiten dien ongietorria osatzen du. Ongietorriaren barnean ematen zaizkien zerbitzuen artean dago astebeteko iraupena duen espainierako doako ikastaro trinko bat Unibertsitateko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian.
Beste jarduera hauek ere egingo dira: harrera-saio bat; argibideak emateko beste saio bat, Hizkuntzen Goi-mailako Ikastegiaren espainierazko ikastaroetan, graduko titulazioen hizkuntza, kultura eta gizarteko gaztelaniazko irakasgai arautuen eskaintzan, eta Partner A3U-International Student programan; eta bisita bat Iruñera. Gainera, Madril edo Bartzelona ezagutzeko aukera eskaintzen da, edo kulturari eta ohiturei buruzko lantegi batean eta gastronomiari buruzko beste batean parte hartzekoa (ingelesez edo gaztelaniaz).
NUPeko ikasleen eta ikasle atzerritarren arteko parekatzea egiteko kontuan hartu dira, ahal zen neurrian, jatorrizko unibertsitateak eta unibertsitate hartzaileak, egiten ari diren titulazioak eta hizkuntza-gaitasuna. Horri esker talde txikiak eratu dira. Hala, unibertsitate nafarreko ikasle bakoitzeko, nazioarteko hiru ikasle daude.
Mexiko, ikasle gehien dituen herrialdea
Nazioarteko ikasleak (78 emakume eta 30 gizon) 23 herrialdetatik datoz, eta Mexiko da gazte gehien dituen herrialdea 34 ikaslerekin. Zifrak xehatzen badira, emaitza hauek ditugu: Amerikako 65 ikasle; Europako 32; Asiako 7; Afrikako 2 eta Ozeaniako beste 2.
Amerikatik datozenen artean, esandakoez gainera, Txile da ikasle gehien dituen herrialdea, hamar ikaslerekin. Atzetik datoz Estatu Batuak, zazpirekin; Guatemala, bostekin; Brasil, Kolonbia eta Uruguai bina ikaslerekin, eta Bolivia, Peru eta Venezuela ikasle banarekin.
Europarrak (32) honela banatzen dira: Italia (12), Holanda (8); Frantzia eta Txekiar Errepublika (3na ikaslerekin), Portugal (2) Erresuma Batua, Polonia, Errusia eta Suitza, ikasle banarekin.
Horretaz gainera, Ikasle gehien bidali dituen Asiako herrialdea Txina da, sei ikaslerekin; atzetik dator Turkia, batekin. Azkenik, Australiatik etorritako bi ikasle datoz Ozeaniatik.
Erasmus + programakoak (Europako eta beste herrialde batzuetako ikasleen artean trukeak egiteko programa) dira etorritako 41 ikasle, Europako hamar herrialdetatik etorri direnak, bai eta Estatu Batuetatik eta Boliviatik. Gainerakoak (67 unibertsitate ikasle) honela banatuta daude: aldebiko hitzarmenak (4), ikasle bisitariak (5), ISEP (Estatu Batuekin eta munduko gainerako herrialdeekin), 9rekin; eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren bi programa bereki (Palafox, Latinoamerikarekin trukea egiteko, 46rekin; eta Martín de Rada, Asia eta Ozeano Barekoa, 7rekin). Horretaz gainera, Carolina Fundazioaren beka jaso duen ikasle batek egingo du seihileko hau. Programa hauek aurrera eraman daitezke Nafarroako Unibertsitate Publikoak hitzarmenak izenpetu dituelako 50 naziotako goi-mailako 300 erakunderekin.