José Antonio Mendizabal, IS-FOOD Institutuko zuzendariordea eta NUPeko irakaslea, Albaitaritza Zientzien Espainiako Errege Akademian saria jaso ondoren.
José Antonio Mendizabal Aizpuru Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasle eta Nekazaritza eta Elikagaien Katearen Berrikuntza eta Iraunkortasun Ikerketarako Institutuko (IS-FOOD) zuzendariordeak Carlos Luis de Cuenca y Esteban V. Saria irabazi du. Albaitaritza Zientzien Espainiako Errege Akademiak eman dio saria, “Veterinarios españoles, garantes de la sanidad avícola” izeneko lanarengatik. Andrés Pintaluba abereentzako elikagaien enpresak sustatzen du saria, eta mila euro eta diploma bat ematen diote irabazleari. José Antonio Mendizabalen artikuluak Espainiako hegazti-hazkuntzaren garapen handian albaitariek izandako eginkizun garrantzitsua nabarmentzen du. Izan ere, oilo-arrautzen eta oilaskokien ekoizpenari dagokienez, Europako herrialdeen zerrendaren buruan dago Espainia.
“Faktore askori esker du Espainiako hegazti-hazkuntzak leku pribilegiatua; izan ere, Europako hirugarren potentzia da, Alemaniaren eta Frantziaren ondotik, oilo-arrautzen produkzioan; eta laugarrena, Polonia, Erresuma Batua eta Alemaniaren atzetik, oilaskoki-ekoizpenean: erabilitako leinuak, lehengaiak eta errazioak, instalazio modernoak, sektorea antolatzeko egiturak, hegazti-hazleen enpresari-pentsamoldea…” —esan zuen José Antonio Mendizabalek eskerrak emateko hitzaldian—. Sariak banatzeko ekitaldia Albaitaritza Zientzien Espainiako Errege Akademiaren egoitzan, Madrilen, izan zen. “Nolanahi ere, bidezkoa da azpimarratzea arrakasta horren giltzarriak izan direla bai hegaztien osasun-egoera baita haragiaren eta arrautzen higiene- eta osasun-kalitatea ere, eta albaitariek izaten dutela, batez ere, alderdi horien ardura”.
Artikuluan, 125 urtetik gorako ibilbide historikoa egiten da, Espainiako hegazti-hazkuntzaren hastapenetatik gaur egun arte, eta nabarmentzen da albaitariek berebiziko eginkizuna izan dutela: “albaitariek hegazti-aziendaren osasun optimoa bermatzen jakin dute beti, eta erakutsi dute prestakuntza ona eta plangintzarako eta neurriak hartzeko gaitasun goresgarria dutela, dudarik gabe, egoera gogorretan ere, adibidez, hegazti-izurria 1947an eta hegazti-gripea oraintsuago, duela hamar bat urte, bat-batean azaldu zirenean”.
Curriculum laburra
José Antonio Mendizabalek Albaitaritzako lizentzia (1987) eta doktoregoa (1995) lortu zituen Zaragozako Unibertsitatean. Gero, doktoretza ondoko egonaldi bat egin zuen (1996-1997) Frantziako Nekazaritzako Ikerketako Institutu Nazionalean (INRA, frantsesez), Clermont-Ferrand hiriko zentroan. Nafarroako Unibertsitate Publikoan hasi zen irakasle-lanetan 1990ean, eta irakasle titularraren plaza lortu zuen 1998an Animalia Ekoizpenaren arloan. 2011z geroztik, akreditatuta dago unibertsitateko katedradun izateko lehiaketetara aurkezteko.
IS-FOOD Institutuko zuzendariordea izateaz gainera, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Abelazkuntza eta Haragiaren Kalitatea eta Teknologia ikerketa-taldeko, Antonio Purroy Unanua katedraduna zuzendari duen taldeko, kide da. Batetik, gantz-ehunaren garapena eta metabolismoa eta, bestetik, hausnarkarien kanalaren eta haragiaren kalitatea dira Mendizabalen aztergaiak. Gai horiei buruzko hamabi bat proiektutan aritu da ikertzaile nagusi edo ikertzaile lankide gisa, eta hogeita hamar bat argitalpen zientifikoren egile edo egilekide izan da nazioartean eragina duten zenbait aldizkaritan.
José Antonio Mendizabalek albaitaritzaren historiaren alderdi jakin batzuk ere ikertu ditu, besteak beste, saria jaso duen artikuluan. Sariak, hain zuzen ere, Albaitaritza Zientzien Espainiako Errege Akademiaren lehendakarietako baten izena du: Carlos Luis de Cuenca y Esteban. Abeltzaintzaren historia lantzen duen beste lan bat “Avicultores para la historia (1896-1936)” liburua da (2007an argitaratua), zeinak Espainiako hegazti-hazkuntzako 28 aitzindariren azalpen biografikoak biltzen baititu.