Joan eduki nagusira

zoom Hiru erakundeetako ikertzaileen bilera bat, NUPeko Arrosadiko campusean. Ezkerretik eskuinera: María Monteserín Leiva (NIE), María Blanco Prieto (Nafarroako Unib.), Elisa Garbayo Atienza (Nafarroako Unib.), Edurne Luque Michel (Nafarroako Unib.), Iñaki Pérez de Landazábal Berganzo (NUP), Francisco Martín Julián (NIE), Patricia Glaría Urzainqui (Nafarroako Unib.), Laura Cervera Gabalda (NUP), Silvia Larumbe Abuin (NIE) eta Cristina Gómez Polo (NUP).

Hiru erakundeetako ikertzaileen bilera bat, NUPeko Arrosadiko campusean. Ezkerretik eskuinera: María Monteserín Leiva (NIE), María Blanco Prieto (Nafarroako Unib.), Elisa Garbayo Atienza (Nafarroako Unib.), Edurne Luque Michel (Nafarroako Unib.), Iñaki Pérez de Landazábal Berganzo (NUP), Francisco Martín Julián (NIE), Patricia Glaría Urzainqui (Nafarroako Unib.), Laura Cervera Gabalda (NUP), Silvia Larumbe Abuin (NIE) eta Cristina Gómez Polo (NUP).

Nafarroako hiru erakunde, Nafarroako Industriaren Elkartea (NIE), Nafarroako Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP), lanean ari dira elkarrekin ikerketa proiektu batean, zeinaren helburua baita tamaina nanometrikoko plataformen belaunaldi berri bat garatzea, tumoreen aurkako farmakoak eman, eta minbiziaren diagnosia eta terapia gailu berean egin ahal izateko. NIEk sustatu du ekimena, Nafarroako Gobernuaren finantzaketa eduki duena, 2017ko deialdi honen barruan: Zentro Teknologikoetarako eta Ikerketarako eta Ezagutza Zabaltzeko Organismoetarako laguntzak, I+G proiektuak egiteko.

Hiru erakundeek DRUG-MAG izeneko partzuergo bat sortu dute. Ikerketa honetan NUPeko arduraduna den Cristina Gómez Polo katedradunaren arabera, horrela jokatu izanak erakusten du "osagarritasun ezin hobea teragnosiaren eremuan aukera berriak ekartzen ahal dituzten nanomaterialak garatzeko". Teragnosia terapia eta diagnostiko hitzak nahastuz sortu den neologismoa da.

Nanomedikuntza berria

Nanoteknologia zientzia aplikatuen arlo bat da, materia eskala nanometrikoan kontrolatu eta manipulatzeaz arduratzen dena (hau da, atomo eta molekulen mailan). Nanoteknologiak osasunean aurkitu du (nanomedikuntza izenarekin) bere garapenerako eremu zabalenetako bat, azken urteetan. Aplikazio biomedikoetan, batez ere minbizian, zenbait estaldura daukaten nanopartikula magnetikoak erabiltzen dira.

Nanopartikula magnetikoak erabiltzen ahal dira, esaterako, irudiaren bidezko diagnosia egiteko, gai baitira jaulkitako seinalea aldatzeko; edo hipertermiaren bidezko tratamendua egiteko, bero-sortzaileak baitira tenperaturaren gorakada alde zehatz batean kontzentratzen dutelako, ehun osasuntsuei kalterik egin gabe, eta modu horretan ohiko terapien eragina areagotuz. Gainera, farmakoekin eta beste plataforma batzuekin batera erabiliz gero, selektiboki zuzentzen ahal dira tumore baterantz, kanpoko eremu magnetiko baten aplikazioaren bidez.

"Proiektu honetan garatzen diren plataforma teragnostiko berrien helburua da gaur egun erabiltzen direnak sinplifikatzea eta dauzkaten mugak gainditzea. Alde horretatik, irudia hobetu, itu-ehuneko tenperaturaren kontrol ona lortu, farmakoa egoki askatu eta ehunetan hobeki sartzea lortu nahi da —esan du Cristina Gómez Polok—. Proiektu honetan lehen fase bat sartu da, nanoplataforma teragnostiko berri hauen bideragarritasunaren azterketa egiteko bidea emango duena. Hortik lortzen den informazioa hil ala bizikoa izango da beharrezkoa den dosi terapeutikoaren ondorengo gorabeherak diseinatzeko".

Proiektu honetan, NUPen aldetik parte hartzen dute Material Aurreratuen Ikerketa Institutuko (InaMat) Iñaki Pérez de Landazábal Berganzo, Vicente Recarte Callado, Vicente Sánchez-Alarcos Gómez eta dagoeneko aipatutako Cristina Gómez Polo ikertzaileek, baita Fisikako Sailari atxikitako Laura María Cervera Gabaldak ere. NIEren aldetik, berriz, Francisco Martín Julián da proiektuaren burua, eta, Nafarroako Unibertsitateari dagokionez, Farmaziako eta Farmazia Teknologiako Saileko María José Blanco Prietok hartzen du parte.