Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) “Huarte de San Juan. Geografia eta Historia” aldizkariaren 2017ko azken alea (24.a) argitaratu du, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatearen bidez. Ángel García-Sanz Marcotegui NUPeko Historia Garaikideko katedraduna da aldizkariaren zuzendaria. Zenbaki hori Academica-e online erakunde-biltegian dago kontsultagai, sarbide irekiaz.
Argitalpenaren koordinatzailea Ignacio Panizo Santos da, Historian doktorea Nafarroako Unibertsitate Publikoan, artxibozain-paleografoa École Nationale des Chartes-en (Paris), eta Estatuko Artxibozainen Kidego Teknikoko kidea, lanpostua Artxibo Historiko Nazionalean daukana (Inkisizioaren atala).
Aldizkariaren ardatza txosten bat da, Nafarroako edo Nafarroarekin lotutako zazpi historialari aztertzen dituena, zehatz-mehatz, hauek: Esteban de Garibay (Jesús Moya Mangasek idatzi du artikulua), frai Domingo La Ripa eta José Moret (Víctor Manuel López Calvok idatzi du bi horietaz, eta Isabel Ostolaza Elizondok bigarrenaz), Jerónimo Zurita (Isabel Extravís Hernándezen eskutik), José Yanguas y Miranda (Ignacio Panizo Santosen artikulua), José María Zuaznávar (Manuel Amador González Fuertesen artikulua) eta José María Lacarra (Luis Miguel de la Cruz Herranzen artikulua). Guztira, zazpi artikulu horiek historialarien obrari eta ibilbideari buruzko informazio berria azaltzen dute, baita polemikaren bat edo beste ere.
Bestalde, “Ikerketak” atalean, bi artikulu daude: bat, Los Arcosko (Nafarroa) XVII. eta XVIII. mendeetako botika bati buruzkoa; bestea, berriz, Josep Blasco i Canet irakasle eta eskultoreari buruzkoa, zeina NUPeko Giza Zientzien Fakultateko irakasle eta dekanorde ere izan baitzen. Azkenik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Geografia eta Historia Sailean 2017an irakurri diren bost tesietako lauri buruzko berriak biltzen dira, bai eta Idoia Estornések eta Josep Fontanak idatzitako liburuen aipamenak ere.
Argitalpeneko doktoretza-tesiak
Hauek dira aldizkariko 24. zenbakian aztertzen diren tesiak: “Representaciones del inmigrante económico latinoamericano en una selección cinematográfica española (1996-2008)”, María Dias Pereirarena; “La autonomía de Navarra. Historia, identidad y autogobierno”, Juan Cruz Alli Arangurenena; “Música y músicos en un espacio urbano: Pamplona a mediados del siglo XIX”, Rebeca Madurga Continenterena; eta “Espacios de castigo y trabajo forzado en el sistema concentracionario franquista”, Juan Carlos García Funesena.