Sareak saturatuta daudenean, hobe da errendimenduan eta funtzionamenduan dauzkaten arazoak neurri pasiboen bidez antzematea, hau da, sarea monitorizatzeko eta behatzeko tresnen bidez antzematea, neurri aktiboen bidez diagnostikatzea baino. Hau da Iria Prieto Suárez ingeniariak (A Coruña, 1984) Nafarroako Unibertsitate Publikoan irakurri duen doktoretza tesian biltzen den ondorioetako bat. Ingeniari honek algoritmo bakun bat (jarraibide-multzo bat) garatu du, zeinak bezeroa sare zerbitzurako -internet edo intranet- sarbiderik gabe geratu den neurtzen baitu hamar segundoko tarteetan. Algoritmoaren funtzionamendua trafikoaren behaketan oinarritzen da.
“Enpresa gehienek neurri aktiboak erabiltzen dituzte sarean arazorik dagoen ikusteko; hau da, segundo gutxiko tarteetan sistemak eskaerak bidaltzen dizkio zerbitzariari baieztatzeko konexioa ona ote den, eta erantzuna jasotzen duenean, egin behar duena egiten du —azaldu du Iria Prietok—. Hala ere, kontuz ibili behar da hau egiteko ase dauden sareetan. Adibide bat ematearren, orri batera segundoro sartzeko testak bidaltzen badira bezeroen azpisare guztietatik bestela ere jarduera handia duen tarte batean, zerbitzaria buxatzen ahal da".
Tesiaren helburua izan da sarearen arazoak antzematea eta neurri pasiboen bidez diagnostikatzea. Prietoren arabera, irtenbidea da sarearen trafikoa zunden bidez antzematea. "Sistema horrek aukera ematen du askoz trafiko gehiago behatzeko eta sareak barrutik nola funtzionatzen duen jakiteko. Oso behetik analizatzen denez, ikuspegi orokor bat lortzen da, eta errazago da ohartzea zer huts egiten ari den", baieztatzen du doktore berriak, zeinaren tesiak, Automatika eta Konputazio Saileko Mikel Izal Azcárate irakasleak zuzendu duenak, bikain “cum laude” kalifikazioa lortu baitu.
Zerbitzuaren etenak antzematea
Ikerketan aintzat hartu den arazoetako bat sareko etenak antzematea izan da. Gaur egungo lehiakortasun giroa dela-eta, internet zerbitzurik gabe egoteak galera handiak sorrarazten ahal dizkie enpresei, eta segurtasun falta handia ekartzen ahal die, segurtasunaren ikuspegitik.
Arazo horri amaiera emateko, ikertzaileak algoritmo bakun bat proposatu du zenbatzaile soilen erabileran oinarritzen dena, eta balio duena neurtzeko (hamar segundoko tarteetan) bezeroek sarerako sarbidea ote duten. "Abantaila handienetako bat da ez dela algoritmo garestia. Edozein zundatan sartzen ahal da halako hardware-eskakizun handirik gabe. Lehendabizi inguru simulatu batean probatu zen, eta gero, egiazko agertoki batean: egiazko erabiltzaileek Facebook eta Twitter bezalako orri ezagunetara, besteak beste, zeukaten sarbidearekin. Bi kasuetan emaitzak oso onak izan dira”, gehitu du.
Sareetan izan ohi den beste arazoetako bat izaten da sare bat arin edo poliki doan balioestea (itxarote-denbora edo latentzia esaten dena), arazoren bat dagoelako, dela sarean, dela zerbitzarian edo erabiltzen ari den aplikazioan. Orain arte, proposatu den irtenbidea izan da neurri pasibo bat, komunikazioetan bidaltzen ahal den parametro batean oinarritzen dena. Baina ohartu dira kasu erreal batean, konexioen ehuneko oso txiki batean baizik ez zela erabilgarria izango: % 10ean. Prietok ematen duen aukera da abiadura handiko sareetara fokuratutako estimatzaile bat. “Metodoa alderatu da orain arte zegoen estimatzaileak lortutako balioekin, eta hori bezain zehatza ez dela egia bada ere, emaitzak erabilera justifikatzeko bezain onak izan dira”, esan du.
Aztertu den azken prestazio pasiboa izan da TCP protokoloaren kongestioa kontrolatzen duen algoritmoaren identifikazioa, interneten gehien erabiltzen dena baita (sareko konexioen % 90ek erabiltzen dute). Protokolo honek neurtzaile bat dauka (kongestio-kontroleko algoritmoa esaten zaiona), zehazten duena zein den igorleari datu-kopururik handiena bidaltzeko erarik egokiena, sarea saturatu gabe. "Arazo nagusia da erabiltzen ari den protokoloaren bertsioari datxekion zerbait dela, eta konexioetan ez denez iragartzen, ez da erraza ohartzea arazoak bertsio honen ondorioak izaten ahal direla. Tesian proposatzen dena da TCP bertsioa pasiboki egiaztatzea, algoritmo sailkatzaile bat sartuz”, amaitu du.
Curriculum laburra
Doktoretza tesia defenditu baino lehenago, Iria Prietok NUPen egin zuen, hurrenez hurren, Kudeaketako Informatikako Ingeniaritza Teknikoa, Informatika Ingeniaritza eta Informatikako Teknologietako Masterra. Azken urteetan ikerketan aritu da, batez ere sare telematikoen alorrean. Hori dela-eta, Nafarroako Gobernuaren teknologoen beka bat jaso du.
Gaur egun, proiektu zuzendaria da egoitza Madrilen duen Naudit HPCN enpresan, eta paketeria-enpresa publiko nazional garrantziko baten monitorizazio eta sare-azterketan ari den proiektu batean parte hartzen du.