Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikasle talde batek Teknologia Elektronikoa Bultzatzeko Ingeniaritzako Ikasleen i2tec Elkartea sortu du, ezagutzak partekatzeko eta elektronikako proiektuak elkarlanean egiteko helburuz. Talde horrek Unibertsitatearen babesa dauka, haren Smart Cities Institutuaren (ISC) bitartez, baita RS Components enpresarena ere, hots, mundu-mailan osagai elektronikoen eta industria-mantentzearen eremuko banatzailerik handienarena.
i2tec-en zuzendaritza-batzordea osatzen duten kideak hauek dira: Ignacio Vitoria Pascual (batzordeburua), Diego Bailos Aguirre (batzordeburuordea), Irene Miquelez Madariaga (idazkaria), Serghei Nesterenco Burov (diruzaina) eta Uan Dung Dang, Jaime Goñi Carnicero eta Adrián Vicente Gómara (batzordekideak).
i2tec elkarteko kideak, Iruñeko Arrosadiko campusean. Lehen lerroa (ezkerretik eskuinera): Carlos Ruiz Zamarreño, Ignacio Vitoria Pascual, Irene Miquelez Madariaga eta Leire Muñoz García. Bigarren lerroa (ezkerretik eskuinera): Josu Irisarri Erviti, Adrián Vicente Gómara, Sergio López Equiza, Uan Dung Dang eta Irene Oroz Astráin. Azken lerroa (ezkerretik eskuinera): Miriam Rubio Lecuona eta Javier Echeveste Zayas.
Elkarteak bulego bat dauka Iruñeko Arrosadiko campuseko Haginak eraikinean, eta, bertan, bere kideek aukera daukate elektronikarekin lotutako proiektuak garatzeko eta ezagutzak partekatzeko. i2tec-en helburuei dagokienez, ikastaroak eman nahi dituzte programazioari, domotikari, kontsumo-elektronikari eta bestelako gaiei buruz; eta jende guztiarentzako zabalpen-jarduerak egin nahi dituzte, hala nola hitzaldiak, bisitaldiak enpresetan edo lehiaketak, elektronika ezagutzera emateko xedez.
Erakustaldiak eta prestakuntza
Hain zuzen, zenbait erakustalditan hartu dute parte, eta 3D inprimagailuak, sumoa egiten duten robot borrokalariak, beso robotikoak eta beste teknologia batzuk erakutsi dituzte. Hala gertatu zen urrian Nafarroako hiriburuko Kondestablearen jauregian Unibertsitatearen 30. urteurrena ospatzeko antolatu ziren erakustaldietan; baita NUPek azaroan Iruñeko Planetarioan prestatu zuen “Zientzia zaletasuna” topaketan ere, iazko Zientziaren Astearen barnean, zeinean zientziaren eta teknologiaren maitaleen hamar elkarte inguru bildu baitziren.
i2tec elkartearen erakustaldia, NUPek Iruñeko Planetarioan antolatutako “Zientzia zaletasuna” topaketan.
Elkartearen aurkezpena 2017-2018 ikasturtearen hasieran izan zen, graduko ikasleei ongietorria emateko jardunaldian beren burua ezagutzera eman zutenean. Halaber, seihileko honetan, jadanik Unibertsitateko zenbait ingeniaritzatako 60 ikasleri informazio-saio bat eman zaie Arduino delakoari buruz (diziplina anitzeko proiektuetan elektronika erabiltzea errazteko hardware askeko plataforma bat).
RS Components enpresaren lankidetzari esker, i2tec-eko kideek bideo bat editatu dute, elkarte horren funtsa jasotzeko.
Erakundearekin harremanetan jartzeko eta informazio gehiago jasotzeko interesa dutenek i2tec elkartearen webgunea kontsulta dezakete.