Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzaren mende dagoen Kultura eta Kirol Unitatearen bidez, argitara eman du Sormen Sarien 2017ko deialdiaren irabazleen zerrenda. Ekainean zabaldu zen hautagaitzak aurkezteko epea, eta urri bukaeran amaitu zen.
Kategoria bakoitzeko irabazleak hauek dira: Raúl Sánchez Movellán eta Ione Miren Gil Goñi, “Ella y él” eta “La vida en el armario” lanengatik, hurrenez hurren (narratiba gaztelaniaz); Peio Iturri López, “Ez nuen logelatik irten nahi” lanarengatik (narratiba euskaraz); Raúl Sánchez Movellán, “La geometría del vértigo” lanarengatik (poesia gaztelaniaz) eta Stella Iantzi Vicente, “Amesgaiztoetan murgildurik” lanarengatik (poesia euskaraz).
Argazkigintza kategorian, aitortza eman zaie María Ángeles Sánchez Gorraizen eta Irantzu Mikelarena Erdozainen lanei, “Clones” eta “When I die, Dublin will be written in my heart” izenekoei, hurrenez hurren. Gainera, sari horiez bestalde, aipatzekoa da Campus Music 2017 sariketa ere, zeinaren finala joan den abenduaren 13an egin baitzen Iruñeko Zentral taberna eta kontzertu-aretoan. Bertan, Hegaz taldea suertatu zen irabazle, eta Contacto 0 izenekoa gelditu zen bigarren.
2017ko Sormen Sariak
Sormen Sariak Unibertsitateko komunitateko kideen arte eta kultur sormena sustatzeko eta zabaltzeko sortu ziren, eta zenbateko jakin bat bideratzen dute kategoria bakoitzeko irabazleei sariak eskudirutan emateko: 500 euro irabazlearentzat, eta 300 bigarrenarentzat. Horrez gain, Campus Music kategorian, 1.500 euro ematen zaizkio irabazleari, eta 1.000 bigarren sailkatuari (halaber, hirugarren bat egonez gero, 500 euroko saria emango litzaioke). Baliteke ere kategorietako edozein hutsik gertatzea.
Sarien deialdian lehiatzeko aukera zeukaten 2017an titulazio ofizialetan, titulu berekietan, Esperientziaren Gelan eta Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian matrikulatuta egondako ikasleek, administrazio eta zerbitzuetako langileek eta adiskide eta ikasle ohien A3U programako kideek. Azken bost urteetako deialdiren batean sarituak izan direnak ezin zuten lehiatu sarituak izan diren modalitateetan.