Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Rut Iturbide eta Ester Casals.

Ezkerretik eskuinera, Rut Iturbide eta Ester Casals.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) egindako ikerketa batek kirola izan du aztergai, emakumeak ahalduntzeko tresna baliagarri gisa, bereziki baztertze arriskuan dauden edo genero indarkeria sufritu duten horien kasuan. Azterlana Munduko Medikuak gobernuz kanpoko erakundearekin (GKE) lankidetzan egin du Ester Casals Flores NUPeko Generoko espezializazio-diplomadunak, eta Rut Iturbide Rodrigo Gizarte Laneko Saileko irakaslea izan du zuzendari.

Ikerketaren helburua izan da aztertzea nola egin diezaiekeen on kirolak sexu indarkeriazko egoera bat bizi duten emakumeen ahalduntze prozesuei, ardatz gisa hartuz Nafarroako Gobernuaren abegi-baliabideen erabiltzaile diren emakumeen talde batean bizi diren kasu bereziak. Hori baino lehen, ikertzaileak aurretiko diagnostiko bat egin zuen, zer egoeratan zeuden eta zer premia eta eskari zeuzkaten ezagutzeko, eta egiaztatu ahal izateko, halaber, kirola bat etorriko litzatekeen esku-hartze sozialaren parte moduan, zeinaren azken xedea ahalduntzea baita.

Proiektu horren ideia aipatutako espezializazio diplomako “Berdintasun-eragilearen figura profesionala” irakasgaiaren barruan abiarazi zen, Rut Iturbide irakasle izanik. Eskola horren asmoa da, aipatu figura profesionaletik abiatuz, genero zeharkakotasunaren eta ahalduntzearen jardute profesional bat aplikatzea, eta/edo tresnak garatzea genero ikuspuntua daukaten esku-hartze sozialeko proiektuen eta programen plangintza, jarraipena eta ebaluazioa egiteko.

Azterlanaren metodologia

Egileak, emakumeekin batera, eztabaida-talde bat sortu zuen, “inbutuaren teknika” erabiliz: lehenengotik azkenera elkarrekin lotura duten zenbait galdera egin zizkien, planteatutako hipotesiari –kirola emakumezkoen ahalduntzean tresna baliagarria izan daitekeen edo ez– balioespeneko erantzuna ematea lortzera bideratuak.

Programak hamar asteko iraupena izan zuen (asteazkenetan izaten ziren saioak), NUPeko kirol instalazioetan, eta, bertan, ariketa fisikoak eta kirola eginez, emakume parte-hartzaileek analizatu zuten, gizonen eta emakumeen arteko desparekotasun harremanekin zerikusia duten jarrerez gainera, nola bultzatu norberaren eta taldearen garapenerako eta ahalduntzerako jarrerak.

Ikerketaren egilearen hitzetan, “patriarkatuaren eta bere ondorioekin lotutako gaiei modu ezberdin eta alternatibo batean heltzean datza. Gizarte sistema desorekatu eta diskriminatzaile honen aurrean, kirol proposamen honek aukera ematen du autonomiarako, hobekuntzarako eta norberaren zein taldearen garapenerako gaitasunak eta jarrerak garatzeko”, gehitu du. 

Egileak azaldutakoaren arabera, XIX. mendeaz geroztik, emakumeei mugak jarri izan zaizkie kirolean parte hartzeko, eta, batzuetan, praktikatzeko asmoa burutik kentzera iritsi dira. Horrek, bere iritzian, emakume askori galarazi die “kirol munduan abileziak eskuratzea eta garatzea, eta, hedaduraz, bestelako alorretan ere bai; izan ere, kirola bizitzarako ikasbide bat da, erronkaz betea, gainditu beharreko oztopoz, partekatu beharreko energiaz, lortu beharreko helburuz eta sustatu eta garatu beharreko ongizate fisikoz eta mentalez. Hori, jakina, lotuta dago emakumezkoei eta gizonezkoei esleitutako feminitate eta maskulinitate eredu hegemoniko eta arautzaileekin, zeinek ezarri egiten baitute batzuek eta besteek zer izan behar dugun, eta modu askotan exijitzen baitigute nolakoak izan behar dugun”, adierazi du.