Joan eduki nagusira

zoom Julio Pascual Miqueleiz ingeniaria, NUPeko doktore berria.

Julio Pascual Miqueleiz ingeniaria, NUPeko doktore berria.

Energia berriztagarrietan, hala nola energia eolikoa eta eguzki energia, oinarritutako mikrosare elektrikoen kudeaketa energetikoa hobetu egiten da meteorologia iragarpenaren datuak baliatzen badira, informazio horrek aukera ematen baitu energia mota horien sorkuntza modu errealean kalkulatzeko. Hala egiaztatu du Julio Pascual Miqueleiz ingeniariak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (UPNA) defendatu duen doktoretza-tesian.

Egungo energia sistema aldatzeko aukera bideragarri eta iraunkorretako bat da mikrosareak erabiltzea. Energia berriztagarrietan oinarritutako sistemak dira, energia biltegiratu eta bere kontsumoa tokian-tokian kudeatzen dutenak, halako eran non bai sare elektrikoari konektatuta, bai modu independentean funtziona baitezakete. Haien eragozpen nagusia da oso garestiak direla kontsumitzaileentzat, bateria oso handiak erabiltzen dituztelako eta sare elektrikoarekiko gehiegizko mendekotasuna dutelako.

Bere doktoretza-tesian, Julio Pascual Miqueleizek ikertu du nola merkatu mikrosare horien kostua eta nola lortu energia kontsumo orekatu eta efiziente bat meteorologia iragarpenaren erabileraren bidez.

Ikertzaile honen erronka izan da bateriaren tamaina txikiagotzea sare elektrikoarekiko energia trukea orekatzeko modua ematen duen puntua erdietsi arte. “Bateriak kontsumoa kontrolatzeko beharrezkoa den laguntza eskaintzen du. Energia falta bada, bateriatik hartzen du, eta sobran badago, erreserba gisa biltegiratzen du, sarearekin potentzia ia konstante bat trukatuz egun batean zehar. Aurretiaz egindako ikerketek kalkulatzen zuten 60 kilowatt-orduko bateria bat zela beharrezkoa. Ikerketaren xedea izan da emaitza bera lortzea bateria baten bidez baina energia erdiarekin”, esan du Julio Pascualek. Luis Marroyo Palomo eta Pablo Sanchis Gúrpide Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakasleek zuzendu dute bere tesia, eta “cum laude” kalifikazioa lortu du.

Probak eguzki plakak, energia eolikoa eta 35 kilowatt-orduko bateria zituen sistema batez hornitutako mikrosare batean egin ziren kontuan hartuz etxe bateko kontsumo guztiak: ohiko kontsumo elektrikoa, klimatizazioa eta ur beroa. Lehen fase batean, bat-bateko eta eguneko kontsumoa aztertu zen, zenbat energia behar zuen, zenbat sortzen zuen eta sarera zenbat itzultzen zuen zehazteko. Alabaina, egiaztatu zen kontsumoan gorabeherak zeudela eta sare elektrikoarekiko energia trukea ez zela orekatua.

Iragarpen datuen erabilera

Emaitzak hobetzeko, ikerketaren bigarren fasean, meteorologia iragarpeneko datuak erabili zituen. “Oinarritu nintzen iragarpen sistema espezializatu batean, sarbide publikokoa eta ikerketarako egina, zeinari esker modu errealean kalkulatu ahal izan baikenuen sorkuntza berriztagarria, bai eolikoa, bai eguzkiaren bidezkoa, eta bateria ahal zen gehiena aprobetxatu. Finean, bere erabilera hobetu ahal izan genuen”, esan du Pascualek.

Iragarpenaren abantaila nagusia da lortzen duela mikrosareak ez hartu behar izatea hainbeste energia sare elektrikotik, eta kontsumitzen ez duen energia bateriara itzultzea ere bai. Baina daukan eragozpena da ez dagoela iragarpen zuzenik.  “Muturreko egunak, zeinak garrantzitsuak baitira, iragartzen errazak dira. Aldiz, iragarpenak argiak ez direnean, eguraldia aldakorra delako, emaitzak ez dira onak. Nolanahi ere, egun aldakorretako iragarpen okerrek ez dute hainbesteko eraginik instalazioaren efizientzian, okerrak egunean zeharkonpentsatzen baitira”, azaldu du.

Iragarpenaren eraginkortasuna egiaztatu ondoren, ur biltegi bat energia gehigarria biltegiratzeko erabili zen ondoren. Saioetan erreferentzia gisa  ur biltegi bat erabili zen, 800 litrokoa 60º C-tan. “Konponbidea izango litzateke karga termikoak kudeatzea, halako eran non, metatutako energia soberakina sare elektrikora desbideratu ordez, ur beroa berotzeko erabiliko bailitzateke eta kontsumo gorabeherak kontrolatu ahal izango baitziren. Aukera hori interesgarria da potentzia asko sortzen denean denbora-tarte oso txikian”, laburbildu du Julio Pascualek.

Curriculum laburra

Karrerako azken urtea Windsorreko Unibertsitatean (Kanada) egin ondoren, Julio Pascualek Industria ingeniari titulua lortu zuen NUPen, eta gero bertan egin zuen Masterra Energia Berriztagarrietan: Sorkuntza Elektrikoa. 2011an, nafar erakundeko Ingeniaritza Elektrikoa, Potentzia Elektronika eta Energia Berriztagarriak (INGEPER) ikerketa taldean hasi zen, non mikrosare elektrikoko eta autokontsumoko, eta planta fotovoltaikoen analisiko arloetan lan egiten baitu.

Doktore berria zenbait artikuluren egilea edo egilekidea da nazioarteko aldizkarietan, eta nazioarteko zenbait kongresutan parte hartu du. Halaber, mintegiak eman ditu ELIAn (Belgikako sare elektrikoaren operadorea), Évorako Unibertsitatean (Portugal) eta Acciona Energía enpresan. 2015az geroztik Ingeniaritza Elektrikoko irakaslea da NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailean.